Apokalipsia 9:1-21
9 Bosgarren aingeruak bere tronpeta jo zuen. Orduan, zerutik lurrera eroritako izar bat ikusi nuen eta leize zuloko giltza eman zitzaion.
2 Izarrak leize zuloa ireki zuen eta bertatik kea igo zen, labe handi batetik ateratzen den kea bezalakoa. Eta bertatik ateratzen zen keagatik, eguzkia eta airea ilundu egin ziren.
3 Ke artetik matxinsaltoak* atera ziren lurrera eta autoritatea eman zitzaien, lurreko eskorpioiek duten autoritate berbera.
4 Lurreko belar, landare eta zuhaitzei kalterik ez egiteko agindu zitzaien; horren ordez, kopetan Jainkoaren zigiluaren marka ez zutenei bakarrik kalte egiteko agindu zitzaien.
5 Matxinsaltoei ez zitzaien pertsonak hiltzeko baimenik eman, baina bai bost hilabetez sufriarazteko* baimena. Horiek eragiten zuten sufrimendua eskorpioien ziztadarena bezalakoa zen.
6 Egun horietan, pertsonak heriotzaren bila ibiliko dira, baina ez dute inondik inora aurkituko; hiltzeko irrikan egongo dira, baina heriotzak beraiengandik ihes egingo du.
7 Matxinsaltoen itxura gerrarako prest dauden zaldiena bezalakoa zen. Buruan urrezko koroa baten antzeko zerbait zeramaten eta aurpegia gizakiena bezalakoa zuten.
8 Ilea emakumeena bezalakoa zuten, eta hortzak lehoienak bezalakoak.
9 Zeramaten koraza burdinazko korazak bezalakoa zen. Hegoek ateratzen zuten zarata gerrara korrika doazen zaldi-gurdiak bezalakoa zen.
10 Gainera, buztanetan eztenak dituzte, eskorpioiek dituzten bezala; eta buztanetan jendeari bost hilabetez min egiteko boterea dute.
11 Beraien erregea leize zuloko aingerua da. Horren izena hebreeraz Abadon* da, eta grekoz Apolion*.
12 Pasa da lehenengo zoritxarra. Baina begira! Honen ondoren beste bi zoritxar gehiago datoz!
13 Seigarren aingeruak bere tronpeta jo zuen. Orduan, Jainkoaren aurrean dagoen urrezko aldarearen adarretatik zetorren ahots bat entzun nuen.
14 Honakoa esan zion tronpeta zuen seigarren aingeruari: «Askatu Eufrates ibai handian lotuta dauden lau aingeruak».
15 Eta lau aingeruak —ordu, egun, hilabete eta urte horretarako prestatuak izan zirenak— askatuak izan ziren pertsonen heren bat hiltzeko.
16 Zaldizko armadako soldaduen kopurua berrehun milioikoa zela entzun nuen.
17 Ikuskariko zaldiak eta zaldi gainean eserita zeudenak honelakoak zirela ikusi nuen: beraien korazak sua bezain gorriak, hiazintoa bezain urdinak eta sufrea bezain horiak ziren; zaldien buruak lehoien buruak bezalakoak ziren, eta sua, kea eta sufrea ateratzen zen beraien ahoetatik.
18 Pertsonen heren bat hiru plaga hauengatik hil zen: zaldien ahotik ateratzen zen su, ke eta sufrearengatik.
19 Zeren zaldien boterea beraien aho eta buztanean dago, eta beraien buztanarekin —sugea bezalakoa dena eta burua duena— min egiten dute.
20 Baina plaga horiengatik hil ez ziren pertsonak, ez ziren beraien ekintzez* damutu; ez zioten deabruak adoratzeari utzi, ezta urre, zilar, kobre, harri eta egurrezko idoloak adoratzeari ere —ez direnak ez ikusteko, ez entzuteko, ezta ibiltzeko gai ere—.
21 Ez ziren damutu, ez egin zituzten hilketez, ez praktikatu zuten espiritismoaz*, ez beraien sexu moralgabekeriaz*, ezta egin zituzten lapurketez ere.

