Apokalipsia 7:1-17
7 Horren ondoren, lau aingeru ikusi nituen lurreko lau ertzetan zutik. Lurreko lau haizeei gogor eusten ari ziren, haizerik jo ez zezan, ez lurrean, ez itsasoan, ez inongo zuhaitzetan.
2 Eta beste aingeru bat ikusi nuen ekialdetik* igotzen eta Jainko biziaren zigilu bat eramaten. Eta lau aingeruei —lurrari eta itsasoari kalte egiteko autoritatea jaso zutenei— ahots ozenez egin zien oihu,
3 esanez: «Ez egin kalterik, ez lurrari, ez itsasoari, ez zuhaitzei, gure Jainkoaren zerbitzariei kopetan zigilua markatu arte».
4 Eta zigiluaren marka jaso zutenen kopurua entzun nuen: 144.000. Israelgo semeen tribu guztietakoak ziren.
5 Judaren tributik 12.000 zigilatu;Rubenen tributik 12.000;Gaden tributik 12.000;
6 Axerren tributik 12.000;Neftaliren tributik 12.000;Manasesen tributik 12.000;
7 Simeonen tributik 12.000;Lebiren tributik 12.000;Isakarren tributik 12.000;
8 Zabulonen tributik 12.000;Joseren tributik 12.000;eta Benjaminen tributik 12.000 zigilatu.
9 Horren ondoren, jendetza handi bat ikusi nuen, inork kontatu ezin zuena. Nazio, tribu, herri eta hizkuntza guztietakoak ziren, eta tronuaren eta Bildotsaren aurrean zutik zeuden. Tunika zuriz zeuden jantzita eta palmondo adarrak zituzten eskuetan.
10 Eta ahots ozenez behin eta berriz oihukatzen ari ziren: «Salbamena zor diegu gure Jainkoari —tronuan eserita dagoenari— eta Bildotsari».
11 Aingeru guztiak tronuaren, adindunen eta lau izaki bizidunen inguruan zeuden zutik; eta tronuaren aurrean belaunikatu ziren eta Jainkoa adoratu zuten.
12 Esan zuten: «Amen! Jaso ditzala gure Jainkoak gorespena, aintza, jakinduria, esker oneko hitzak, ohorea, boterea eta indarra beti-betirako. Amen».
13 Orduan, adindunetako batek galdetu zidan: «Nortzuk dira tunika zuriz jantzita dauden horiek? Nondik etorri dira?».
14 Beraz, segituan erantzun nion: «Ene Jauna, zu zeu zara dakiena». Orduan, berak esan zidan: «Horiek larrialdi* handitik ateratzen direnak dira; beraien tunikak garbitu dituzte eta Bildotsaren odoletan zuritu.
15 Horrexegatik daude Jainkoaren tronuaren aurrean eta horrexegatik ematen diote gau eta egun zerbitzu sakratua bere tenpluan. Eta tronuan eserita dagoenak bere denda zabalduko du beraien gain*.
16 Ez dute berriz ere goserik pasako, ezta egarririk izango ere; eguzkiak eta sargoriak ere ez ditu kiskaliko.
17 Zeren tronuaren erdian dagoen Bildotsak, artzain batek bezala zainduko ditu eta bizirako ur-iturrietara gidatuko ditu. Eta Jainkoak begietako malko guztiak lehortuko dizkie».

