Apokalipsia 12:1-17

  • Emakumea, semea eta herensugea (1-6)

  • Mikelek herensugearen aurka borroka egin (7-12)

    • Herensugea lurrera jaurtia (9)

    • Deabruak denbora gutxi geratzen zaiola daki (12)

  • Herensugeak emakumea pertsegitu (13-17)

12  Orduan, seinale handi bat agertu zen zeruan: emakume bat eguzkiz jantzita, oinen azpian ilargia zuena eta buruan 12 izarreko koroa. 2  Haurdun zegoen, eta erditzear zegoenez, erdiminengatik garrasika ari zen. 3  Beste seinale bat agertu zen zeruan: su koloreko herensuge handi bat, 7 buru eta 10 adar zituena, eta buruetan 7 koroa*, buru bakoitzean bat. 4  Bere buztanak zeruko izarren heren bat arrastaka eraman zuen eta lurrera jaurti zituen. Eta erditzear zegoen emakumearen aurrean zutik geratu zen, erditu bezain laster bere semea irensteko prest. 5  Eta emakumeak seme bat izan zuen, mutiko bat, eta honek nazio guztiak burdinazko makilaz gobernatuko ditu artzain batek bezala. Eta semea Jainkoarengana eta bere tronura eramana izan zen segituan. 6  Eta emakumeak basamortura egin zuen ihes; han, Jainkoak toki bat prestatuta zuen berarentzat eta, bertan, 1.260 egunez izango zen elikatua. 7  Orduan, gerra piztu zen zeruan: Mikel* eta bere aingeruek herensugearen aurka egin zuten borroka. Eta herensugeak eta bere aingeruek ere borroka egin zuten, 8  baina ezin izan zuten garaitu* eta, momentu hartatik aurrera, zeruan ez zen tokirik geratu beraientzat. 9  Beraz, behera izan zen jaurtia herensuge handia, antzinako sugea, Deabru eta Satanas deitua, lurreko biztanle guztiak engainatzen ari dena; lurrera izan zen jaurtia bere aingeruekin batera. 10  Eta ahots ozen bat entzun nuen zeruan esaten: «Orain bihurtu dira errealitate salbamena, boterea, gure Jainkoaren Erreinua eta bere Kristoren autoritatea! Zeren gure anaien akusatzailea, gure Jainkoaren aurrean gau eta egun akusatzen dabilena, behera jaurtia izan da! 11  Bildotsaren odolari esker eta ezagutzera eman zuten mezuari esker, herensugea garaitu zuten, eta ez zuten beraien bizia maitatu, ezta heriotza aurrean izanda ere. 12  Beraz, poztu zaitezte zerua eta bertan bizi zaretenok! Baina zoritxarrekoak lurra eta itsasoa! Zeren Deabrua amorru biziz jaitsi da zuengana, denbora gutxi geratzen zaiola jakinda». 13  Herensugeak, lurrera jaurtia izan zela konturatu zenean, semea erditu zuen emakumea pertsegitu zuen. 14  Baina emakumeari arrano handi baten bi hegoak eman zitzaizkion basamortura —berarentzat prestatutako tokira— hegan joan ahal izateko. Han, sugearengandik urruti, elikatua izan behar da denbora batez, bi denboraz eta denbora erdiz*. 15  Eta sugeak bere ahotik ura bota zuen ibai baten moduan emakumearen atzetik, ibaiak emakumea ito zezan. 16  Baina lurra emakumea laguntzera etorri zen, eta lurrak bere ahoa ireki eta herensugeak bere ahotik botatako ibaia irentsi zuen. 17  Beraz, herensugea emakumearekin haserretu egin zen eta emakumearen gainontzeko ondorengotzaren* aurka gerra egitera joan zen. Ondorengotza hori Jainkoaren aginduak obeditzen dituztenak eta Jesusi buruzko testigantza emateko eginkizuna dutenak dira.

Oharra

^ Lit. «diadema».
^ «Nor da Jainkoa bezalakoa?» esan nahi du.
^ Edo agian «bera [hau da, herensugea] garaitua izan zen».
^ Lit. «denbora batez, denborez eta denbora erdiz», hau da, hiru denbora eta erdiz.
^ Lit. «haziaren».