Apokalipsia 22:1-21

  • Biziaren uraren ibaia (1-5)

  • Azken hitzak (6-21)

    • Zatoz! Hartu dohainik biziaren ura (17)

    • «Zatoz, Jesus Jauna» (20)

22  Eta aingeruak ibai bat erakutsi zidan, biziaren uraren ibaia. Ibaia kristala bezain gardena zen, Jainkoaren eta Bildotsaren tronutik ateratzen zen, 2  eta kale nagusiaren erditik zihoan. Ibaiaren bi ertzetan biziaren arbolak zeuden, 12 uzta ematen zituztenak, hilean behin fruitua emanez. Eta arbolen hostoak nazioak sendatzeko ziren. 3  Eta ez da gehiago madarikaziorik izango, baizik eta Jainkoaren eta Bildotsaren tronua hirian egongo da, eta Jainkoaren zerbitzariek zerbitzu sakratua emango diote; 4  eta bere aurpegia ikusiko dute eta bere izena kopetan eramango dute. 5  Gainera, ez da aurrerantzean gaurik izango, eta ez dute lanpara baten edota eguzkiaren argirik beharko, zeren Jainko Jehobak argituko ditu, eta errege bezala aginduko dute beti-betirako. 6  Aingeruak esan zidan: «Hitz hauek fidagarriak eta egiazkoak dira. Bai, Jehobak —profetak inspiratu zituen Jainkoak— bere aingerua bidali du hemendik gutxira gertatu behar diren gauzak bere zerbitzariei erakusteko. 7  Begira! Laster nator. Zoriontsua erroilu honetako profeziaren hitzak obeditzen dituena». 8  Ni neu, Joan, izan nintzen gauza horiek entzun eta ikusi nituena. Eta ikusi eta entzun ondoren, gauza horiek erakutsi zizkidan aingeruaren oinen aurrean belaunikatu nintzen bera adoratzeko. 9  Baina berak esan zidan: «Kontuz! Ez egin hori! Ni zerbitzari bat besterik ez naiz, zu, profetak diren zure anaiak eta erroilu honetako hitzak obeditzen dituztenak bezalaxe. Jainkoa adoratu». 10  Eta gehitu zuen: «Ez gorde isilpean* erroilu honetako profeziaren hitzak, zeren finkatutako garaia hurbil dago. 11  Jarraitu dezala injustuak injustizian eta zikinak bere zikinkerian; baina jarraitu dezala justuak justizian eta santuak santutasunean. 12  «“Begira! Laster nator, eta neurekin daramat emango dudan saria, bakoitzari bere ekintzen arabera ordaintzeko. 13  Neu naiz Alfa eta Omega*, lehena eta azkena, hasiera eta amaiera. 14  Zoriontsuak beraien tunikak garbitzen dituztenak, zeren, horrela, biziaren arboletatik jateko eskubidea izango dute eta hirira ateetatik sartu ahal izango dira. 15  Kanpoan daude txakurrak*, espiritismoa* praktikatzen dutenak, sexualki moralgabeak* direnak, hiltzaileak, idolatrak eta gezurra maite duten eta gezurretan dabiltzan guztiak”. 16  «“Nik, Jesusek, nire aingerua bidali dut zuei gauza hauei buruz testigantza emateko, kongregazioen onerako. Neu naiz Dabiden sustraia eta ondorengotza eta goizeko izar distiratsua”». 17  Espirituak eta emaztegaiak behin eta berriz esaten dute: «Zatoz!». Eta entzuten duenak esan dezala: «Zatoz!». Eta egarri dena etorri dadila. Nahi duenak hartu dezala dohainik biziaren ura. 18  «Erroilu honetako profeziaren hitzak entzuten dituzten guztiei esaten* diet: idatzitako gauza hauei norbaitek zerbait gehitzen badie, Jainkoak erroilu honetan idatzita dauden plagak gehituko dizkio berari; 19  eta norbaitek profezia honetako erroiluaren hitzei zerbait kentzen badie, Jainkoak erroilu honetan idatzitako gauzetatik bere zatia kenduko dio: ez dio biziaren arboletatik jaten utziko eta ez dio hiri santuan sartzen utziko. 20  «Gauza horiei buruz testigantza ematen duenak honakoa dio: “Bai, laster nator”». Amen! Zatoz, Jesus Jauna. 21  Egon dadila santuekin Jesus Jaunaren merezigabeko eskuzabaltasuna.

Oharra

^ Lit. «Ez zigilatu».
^ Edo «A eta Z». Alfa alfabeto grekoaren lehen letra da eta omega azkena.
^ Hau da, Jainkoaren ikuspuntutik nazkagarriak diren gauzak egiten dituztenak.
^ Edo «okultismoa; sorginkeria».
^ Ikusi Glosarioa, sexu moralgabekeria.
^ Lit. «testigantza ematen».