Apokalipsia 6:1-17
6 Bildotsak zazpi zigiluetako bat irekitzen zuela ikusi nuen, eta lau izaki bizidunetako batek honakoa esaten zuela entzun nuen trumoia bezalako ahotsez: «Aurrera!».
2 Eta, orduan, zaldi zuri bat ikusi nuen. Zaldi gainean eserita zegoenak arku bat zuen. Koroa bat eman zitzaion eta, bere garaipena betetzeko, bere etsaiak garaitzera atera zen.
3 Bildotsak bigarren zigilua ireki zuenean, bigarren izaki biziduna entzun nuen honakoa esaten: «Aurrera!».
4 Beste zaldi bat atera zen, su kolorekoa. Zaldi gainean eserita zegoenari lurretik bakea kentzea baimendu zitzaion, bertako biztanleek bata bestea hil zezaten, eta ezpata handi bat eman zitzaion.
5 Bildotsak hirugarren zigilua ireki zuenean, hirugarren izaki bizidunari entzun nion honakoa esaten: «Aurrera!». Eta, orduan, zaldi beltz bat ikusi nuen. Zaldi gainean eserita zegoenak balantza bat zuen eskuan.
6 Lau izaki bizidunen erdian, ahots bat zirudiena entzun nuen, honakoa esaten: «Kilo* bat gari denario* batengatik; eta hiru kilo garagar denario batengatik; ez galdu alferrik ez oliba olioa, ezta ardoa ere».
7 Bildotsak laugarren zigilua ireki zuenean, laugarren izaki bizidunaren ahotsa entzun nuen honakoa esaten: «Aurrera!».
8 Eta, orduan, zaldi horixka* bat ikusi nuen. Zaldi gainean eserita zegoenak Heriotza zuen izena, eta Hilobiak* jarraitzen zion hurbiletik. Eta lurraren laurdenaren gain autoritatea eman zitzaien ezpata luzez, gosetez eta epidemien* eta lurreko basapiztien bidez jendea hiltzeko.
9 Bildotsak bosgarren zigilua ireki zuenean, Jainkoaren hitzari leialak izateagatik eta eman zuten testigantzarengatik hil zituztenen arimak* ikusi nituen aldarearen azpian.
10 Hauek ahots ozenez oihukatzen zuten: «Jaun Subiranoa, santua eta egiazkoa, noiz arte itxarongo duzu? Noiz epaituko dituzu lurreko biztanleak eta noiz hartuko duzu mendekua gure odolarengatik?».
11 Haietako bakoitzari tunika zuri bat eman zitzaion. Gainera, pixka bat gehiago itxaroteko* esan zitzaien, beraiek bezala laster hilko zituzten zerbitzukide eta anaien kopurua bete arte.
12 Bildotsak seigarren zigilua irekitzen zuela ikusi nuen. Lurrikara handi bat gertatu zen, eguzkia ilez* egindako zaku jantzi bat bezain beltz bihurtu zen, ilargia odola bezain gorri bihurtu zen,
13 eta zeruko izarrak lurrera erori ziren, haize bolada handi batek pikondo bat astintzean piku berdeak erortzen diren bezalaxe.
14 Zerua desagertu egin zen erroilu bat biltzen den bezalaxe, eta mendi eta irla guztiak beraien lekutik indarrez kenduak izan ziren.
15 Orduan, lurreko erregeak, funtzionario nagusiak, komandante militarrak, aberatsak, boteretsuak, esklabo eta pertsona libre guztiak kobazuloetan eta mendietako arroka artean ezkutatu ziren.
16 Eta mendiei eta arrokei behin eta berriz honakoa esaten diete: «Erori zaitezte gure gainera eta ezkutatu gaitzazue tronuan eserita dagoenaren aurpegitik eta Bildotsaren haserre bizitik,
17 zeren beraien haserrearen egun handia iritsi da eta, nor mantendu daiteke zutik?».
Oharra
^ Edo «Galoi-laurden; Litro». Ikusi B14 eransk.
^ Zilarrezko txanpon erromatarra, egun bateko soldataren baliokidea. Ikusi B14 eransk.
^ Edo «zurbil».
^ Edo «plaga mortalen».
^ Dirudienez, aldarean isurtzen zen eta bizia irudikatzen duen odolari buruz ari da hemen. Ikusi Glosarioa.
^ Lit. «deskantsatzeko».
^ Seguruenik ahuntz ilea.

