Apokalipsia 11:1-19

  • Bi lekukoak (1-13)

    • Zakuz jantzita 1.260 egunez profetizatu (3)

    • Hiltzen dituzte eta ez zaie hilobiratzen (7-10)

    • Hiru egun eta erdi ondoren bizira itzuli (11, 12)

  • Bigarren zoritxarra pasa da; hirugarrena dator (14)

  • Zazpigarren tronpeta (15-19)

    • Gure Jaun eta bere Kristoren Erreinua (15)

    • Lurra suntsitzen ari direnak suntsituak izango dira (18)

11  Eta kanabera bat eman zitzaidan, neurtzeko makila baten antzekoa, berak honakoa esaten zidan bitartean: «Altxa eta neurtu Jainkoaren tenpluko santutegia eta aldarea, eta zenbatu bertan adoratzen dutenak. 2  Baina ez izan kontuan patioa —tenpluko santutegiaren kanpoaldean dagoena— eta ez ezazu neurtu, zeren nazioei eman zaie eta horiek hiri santua 42 hilabetez zapalduko dute. 3  Nire bi lekukoak bidaliko ditut zakuz jantzita 1.260 egunez profetizatu dezaten». 4  Bi olibondoek eta bi kandelabroek bi lekuko horiek irudikatzen dituzte, eta lurreko Jaunaren aurrean daude zutik. 5  Norbaitek min egin nahi badie, beraien ahotik sua aterako da eta suak beraien etsaiak kiskaliko ditu. Min egin nahi dien norbait badago, horrelaxe hilko da. 6  Bi lekuko horiek zerua ixteko autoritatea dute, profetizatuko duten egunetan euririk egin ez dezan. Gainera, ura odol bihurtzeko eta, nahi duten guztietan, lurrari edozein motatako plagekin kalte egiteko autoritatea ere badute. 7  Beraien testigantza amaitzen dutenean, leize zulotik igotzen den basapiztiak gerra egingo du beraien kontra, eta garaitu eta hil egingo ditu. 8  Beraien gorpuak hiri handiko kale nagusian geratuko dira, beraien Jauna zutoinean exekutatua izan zen tokian. Eta hiri handi hori zentzu espiritualean Sodoma eta Egipto deitzen da. 9  Herri, tribu, hizkuntza eta nazio ezberdinetako jendeak beraien gorpuei begiratuko die hiru egun eta erdiz, eta ez dute beraien gorpuak hilobiratzen utziko. 10  Orduan, lurreko biztanleak poztu egingo dira eta beraien heriotza ospatuko dute, eta bata besteari opariak bidaliko dizkiete, zeren bi profeta horiek lurreko biztanleei sufriarazi* zieten. 11  Hiru egun eta erdi horien ondoren, Jainkoarengandik datorren biziaren espiritua beraiengan sartu zen eta zutik jarri ziren. Haiei begira zeudenek beldur handia sentitu zuten. 12  Orduan, ahots ozen bat entzun zuten zerutik beraiei esaten: «Igo hona». Eta hodei batean igo ziren zerura, eta beraien etsaiek ikusi egin zituzten*. 13  Momentu* hartan, lurrikara handi bat gertatu zen eta hiriaren hamarren bat erori egin zen. Lurrikaran 7.000 pertsona hil ziren. Gainontzekoak asko beldurtu ziren eta zeruko Jainkoari aintza eman zioten. 14  Pasa da bigarren zoritxarra. Baina begira! Hirugarrena laster dator! 15  Zazpigarren aingeruak bere tronpeta jo zuen. Orduan, ahots ozenak entzun ziren zeruan, esanez: «Munduaren erreinua gure Jaunaren eta bere Kristoren Erreinua izatera iritsi da, eta berak errege bezala aginduko du beti-betirako». 16  Eta 24 adindunak —Jainkoaren aurrean beraien tronuetan eserita zeudenak— belaunikatu egin ziren eta Jainkoa adoratu zuten, 17  esanez: «Eskerrak ematen dizkizugu, Jainko Jehoba* —Ahalguztiduna, dena eta zena—, zure botere handia hartu duzulako eta errege bezala agintzen hasi zarelako. 18  Baina nazioak biziki haserretu ziren, eta orduan zeure haserre bizia erakutsi zenuen, eta iritsi zen finkatutako garaia: bai hildakoak epaitzekoa, bai zeure zerbitzari profetei, santuei eta zure izenari errespetua diotenei —txikiei nahiz handiei— saria ematekoa, baita lurra suntsitzen ari direnak suntsitzekoa ere». 19  Eta Jainkoaren tenpluko santutegia ireki zen zeruan eta, bertan, bere tenpluko santutegian, bere itunaren kutxa ikusi zen. Eta tximistak, ahotsak, trumoiak, lurrikara bat eta kazkabar zaparrada handi bat egon ziren.

Oharra

^ Lit. «tormentatu».
^ Edo «beraien etsaiak begira zeuden».
^ Lit. «Ordu».