Apokalipsia 18:1-24
18 Horren ondoren, autoritate handia zuen beste aingeru bat ikusi nuen zerutik jaisten, eta bere aintzak lurra argitu zuen.
2 Ahots ozenez esan zuen: «Erori da! Babilonia Handia erori da! Deabruen etxe eta espiritu* zikin guztien eta hegazti zikin eta gorrotatu guztien zulo bihurtu da.
3 Zeren nazio guztiak bere sexu moralgabekeriaren* desio-ardoaren* biktima bihurtu dira, eta lurreko erregeek sexu harreman moralgabeak izan zituzten berarekin, eta lurreko merkatariak aberastu egin ziren bere luxu lotsagabearen botereari esker».
4 Eta beste ahots bat entzun nuen zerutik esaten: «Atera berarengandik, ene herri, ez baduzue bere bekatuen konplize izan nahi eta ez baduzue bere plagen zati bat jaso nahi.
5 Zeren bere bekatuak zeruraino pilatu dira eta Jainkoak bere ekintza injustuak* gogoratu ditu.
6 Emaiozue berak besteei emandako tratua. Bai, itzuliozue egin duenaren bikoitza. Prestaiozue edari bikoitza berak edaria prestatu duen kopan.
7 Bere buruari aintza eman zion neurri berean eta luxu lotsagabean bizi izan zen neurri berean, emaiozue neurri bereko sufrimendua eta dolua. Zeren, behin eta berriz, honakoa esaten du bere bihotzean: “Erregina bezala nago eserita. Ez naiz alarguna eta ez naiz inoiz doluan egongo”.
8 Horregatik, egun bakar batean etorriko dira bere plagak —heriotza, dolua eta gosea— eta guztiz kiskalia izango da sutan, zeren epaitu duena, Jainko Jehoba, boteretsua da.
9 «Eta lurreko erregeek —berarekin sexu harreman moralgabeak* izan zituztenek eta berarekin luxu lotsagabean bizi izan zirenek—, bere sutearen kea ikustean, berarengatik negar egingo dute eta bihozminez bular joka hasiko dira.
10 Distantzia batera zutik geratuko dira bere sufrimendua jasotzearen beldurrez, eta esango dute: “Ze pena! Ze pena! O, Babilonia, hiri handia, hiri boteretsua! Zeren ordu bakar batean iritsi da zure epaia*!”.
11 «Gainera, lurreko merkatariek berarengatik negar egingo dute eta doluan egongo dira, inork ez baititu beraien produktuak inoiz gehiago erosiko:
12 urrea, zilarra, harribitxiak, perlak, kalitatezko lihoa, purpura oihala, zeta, eskarlata* oihala; eta usain goxoko egurrez egindako guztia; eta marfilez, balio handiko egurrez, kobrez, burdinaz eta marmolez egindako objektu mota guztiak;
13 eta kanela, Indiako espezia, intsentsua, usain goxoko olioa, olibanoa, ardoa, oliba olioa, hirin fina, garia, behiak, ardiak, zaldiak, gurdiak, esklaboak eta giza biziak.
14 Bai, desiratzen zenituen gauza* on horiek abandonatu egin zaituzte, eta janari goxo eta gauza zoragarri guztiak amaitu egin dira zuretzat. Ez dira sekula itzuliko.
15 «Gauza horiek saltzen zituzten merkatariak —berari esker aberats bihurtu zirenak— distantzia batera zutik geratuko dira bere sufrimendua jasotzearen beldurrez. Negar egingo dute eta doluan egongo dira,
16 esanez: “Ze pena! Ze pena! O, hiri handia, kalitatezko lihoz, purpuraz eta eskarlataz jantzita dagoena, eta urrezko bitxi, harribitxi eta perla askoz apainduta dagoena!
17 Izan ere, ordu bakar batean aberastasun handi horiek suntsituak izan dira!”.
«Eta itsasontzi kapitain eta nabigatzaile guztiak, marinelak eta itsasotik bizi diren guztiak distantzia batera zutik geratu ziren.
18 Eta bere sutearen kea ikustean, oihu egin zuten, esanez: “Zein hiri da hiri handia bezalakoa?”.
19 Eta hautsa bota zuten euren buruen gainera, eta negarrez eta doluz oihu egiten zuten: “Ze pena! Ze pena! O, hiri handia! Zeren bere aberastasunei esker itsasontzi jabe guztiak aberats egin ziren, eta ordu bakar batean izan da suntsitua!”.
20 «O, zeru, poztu zaitez gertatu zaionagatik! Poztu zaitezte zuek ere, santu, apostolu eta profetak, Jainkoak bere aurka sententzia* eman baitu zuen alde!».
21 Eta aingeru indartsu batek errotarri handi baten antzeko harri bat altxatu eta itsasora bota zuen, esanez: «Horrelaxe, bat-batean, botako dute behera Babilonia hiri handia, eta ez da sekula aurkitua izango.
22 Ez da zugan berriro ere harpak jotzen dituzten abeslarien soinurik entzungo, ezta musikarien, eta txirula eta tronpeta jotzen dutenen soinurik entzungo ere. Ez da zugan inolako artisaurik berriro ere ikusiko. Eta ez da zugan errotarriaren soinurik berriro ere entzungo.
23 Ez du zugan berriro ere lanpararen argirik distira egingo, eta ez da zugan senargaien eta emaztegaien ahotsik berriro ere entzungo. Izan ere, zure merkatariak lurreko gizon inportanteenak ziren eta, zure praktika espiritisten* bitartez, nazio guztiak engainatu zenituen.
24 Hala da, profeten, santuen eta lurrean hil dituzten guztien odola berarengan aurkitu zen».

