A1
Biblia itzulpenerako irizpideak
Biblia antzinako hebreeraz, arameraz eta grekoz idatzi zen. Gaur egun, osorik edo atalen bat 3.000 hizkuntzatan baino gehiagotan eskuragarri dago. Irakurle gehienek Biblia jatorriz idatzitako hizkuntzak ulertzen ez dituztenez, derrigorrez itzulpen bat erabili behar dute. Zer irizpide jarraitu behar dira Biblia itzultzean? Nola jarri ziren praktikan irizpide horiek Mundu Berriko Itzulpena argitalpenean?
Batzuek hitzez hitzeko itzulpenek —interlinealak bezalako bertsioek— irakurleei jatorriz idatzitako ideietara gehiago gerturatzen laguntzen dietela pentsatu dezakete agian. Hala ere, hori ez da beti horrela izaten. Azter ditzagun zenbait arrazoi.
Ez dago gramatika, hiztegi eta esaldien egitura berbera duen bi hizkuntzarik. Samuel R. Driver hebreera irakasleak honakoa dio hizkuntzei buruz: «Gramatika eta hiztegian desberdintasunak egoteaz gain, ideiak adierazteko esaldien egiturak ere desberdinak dira». Pentsatzeko patroiak hizkuntzaren arabera desberdinak dira. «Beraz», dio Driver irakasleak, «hizkuntzaren arabera, esaldien egiturak ere desberdinak dira».
Gaur egun ez dago hebreera, aramera eta greko biblikoaren hiztegi eta gramatika berbera duen hizkuntzarik. Beraz, hitzez hitzeko itzulpen bat ez litzateke argia izango eta, batzuetan, ideia okerra ere transmititu lezake.
Hitz edo esamolde baten esanahia testuinguruaren arabera aldatu daiteke.
Pasarte batzuk jatorrizko hizkuntzatik literalki itzuli daitezke. Hala eta guztiz ere, hori kontu handiz egin behar da.
Itzulpen bat hitzez hitz eginez gero, gaizki ulertu daiteke. Hona hemen adibide batzuk:
Biblian, «lo egon» eta «lo hartu» aditzak lo fisiko eta sinbolikoari, hau da, heriotzari buruz hitz egiteko erabiltzen dira (Mateo 28:13; Eginak 7:60). Esamolde horiek heriotzarekin loturiko testuinguruetan agertzen direnean, «heriotzan lo hartzen» bezala itzuli daitezke. Horrela, irakurleek ideia modu egokian ulertu dezakete (1 Korintoarrei 7:39; 1 Tesalonikarrei 4:13; 2 Pedro 3:4).
Efesoarrei 4:14 bertsetean, Paulo apostoluak «gizonen dadoen jokoarengatik» literalki itzultzen den esamoldea erabili zuen. Antzinako esamolde hori dadoak erabiliz tranpak egitearekin lotuta dago. Noski, itzulpen literala egiteak hizkuntza gehienetan ez luke zentzurik izango. Ideia hori adierazteko, «tranpetan dabiltzan gizonen bidez» esamoldea argiagoa izan daiteke.
Erromatarrei 12:11n, literalki itzuliz gero, «espirituan, irakiten» esango lukeen esamolde greko bat dago. Esamolde horri zentzu egokia ematearren, itzulpen honetan «espirituak gogo biziz bete zaitzatela» itzuli da.
Itzulpen literala: «espirituz behartsu direnak»
Ideia: «beraien behar espiritualaz konturatzen direnak»
Mendiko Hitzaldian, Jesusek askotan «dohatsu dirade espirituz paubreak» itzultzen den esamoldea erabili zuen (Mateo 5:3, Iesus Krist Gure Iaunaren Testamentu Berria, Joanes Leizarraga). Hizkuntza askotan, «espirituz behartsu direnak» itzulpen literala ez da argia. Gainera, esamolde hori desoreka mentala sufritzen dutenekin, edo sasoi eta determinaziorik gabeko pertsonekin lotu dezakegu. Baina Jesusek jendeari irakatsi nahi zionaren arabera, zoriontasuna ez da behar fisikoak asetuz lortzen, Jainkoaren gidaren beharra onartuz baizik (Lukas 6:20). Beraz, «beraien behar espiritualaz konturatzen direnak» edo «Jainkoa behar dutela onartzen dutenak» esamoldeek zehatzago transmititzen dute jatorrizko esanahia (Mateo 5:3, oharra).
Testuinguru askotan, «jeloskortasun» itzultzen den hitz grekoak euskarakoaren esanahi berbera du: maite dugun pertsona bat desleiala izan den susmoarengatik sentitzen dugun sumina edo besteek dituzten gauzengatik sentitu dezakegun inbidia (Eginak 5:17; Erromatarrei 13:13). Hala ere, hitz greko horrek konnotazio positiboa ere badu. Esaterako, Jesusek eta beste zerbitzari leialek Jainkoarengatik eta bere adorazioarengatik sentitzen duten debozioarekin lotuta dago (Joan 2:17; 2 Korintoarrei 9:2).
Askotan «aurpegi» itzultzen den prosopon hitz grekoa testuinguruaren arabera «itxura» edo «izaerak», edota beste modu batzuetara itzuli daiteke
Mateo 6:17an askotan «aurpegi» itzultzen den hitz grekoak hainbat esanahi izan ditzake. Testuinguruaren arabera, «itxura» edo «izaerak», edota beste modu batzuetara itzuli daiteke (Mateo 16:3; Judas 16).
Aurretik aipatutako guztia kontuan izanik, Biblia itzultzean, jatorrizko hitz baterako ez da beti termino berbera erabiltzen; hori baino gehiago egin behar da. Itzultzaileek zentzu onez aukeratu behar dituzte hitzak jatorrizko hizkuntzen ideiak modurik hoberenean transmititzeko. Eta testua modu errazean irakurri ahal izateko, itzultzen ari diren hizkuntzaren arau gramatikalak jarraitu behar dituzte esaldiak egituratzean.
Bestalde, ezin daitezke testuaren hitzak gehiegi aldatu. Itzultzaile batek bere interpretazioaren arabera Bibliaren parafrasia egiten badu, jatorrizko mezua aldatu dezake. Itzultzaileak jatorrizko testuaren esanahia kontuan hartzen ez badu, bere iritzian oinarritutako ideia okerrak sartu edo datu garrantzitsuak omititu ditzake. Beraz, parafrasia teknika erabiltzea irakurtzeko errazagoa den arren, estilo libre horrek irakurleari Bibliaren benetako mezua ezagutzeko aukera kentzen dio.
Itzultzaileen sinesmen erlijiosoek ere eragina izan dezakete beraien itzulpenean. Adibidez, Mateo 7:13ak dio: «Zabala baita suntsipenera daraman atea eta erraza bidea». Itzultzaile batzuek, agian beraien sinesmenek bultzatuta, suntsipen hitza —hitz grekoaren jatorrizko esanahia— erabili ordez, infernu terminoa erabili dute.
Bestalde, itzultzaileek Biblia jende arruntaren —hala nola, nekazari, artzain eta arrantzaleen— eguneroko hizkuntzan idatzia izan zela kontuan hartu behar dute (Nehemias 8:8, 12; Eginak 4:13). Beraz, zer lortu beharko luke Biblia itzulpen on batek? Bere mezua pertsona zintzoentzat ulergarria izatea, beraien jatorria zein den axola gabe. Horregatik, itzulpen on batek egunerokotasunean erabiltzen diren, eta argiak eta ulertzeko errazak diren esamoldeei ematen die lehentasuna, eta ez jende arruntak normalean erabiltzen ez dituen hitzei.
Jainkoaren izena, Jehoba, antzinako Biblia eskuizkribuetan agertu arren, itzultzaileek izen hori kentzeko atrebentzia izan dute gaur eguneko Biblia bertsio askotan. Itzulpen askok Jainkoaren izena Jaun bezalako tituluekin ordezkatu dute. Are gehiago, beste itzulpen batzuek ez dute argi adierazten Jainkoak izena duela. Adibidez, Joan 17:26an, itzulpen batzuek Jesusek honela otoitz egin zuela diote: «Zu nor zaren jakinarazi diet». Eta Joan 17:6an diote: «Eman diet zure berri mundutik bereizi eta eman zenizkidan gizon-emakumeei». Baina Jesusen hitzen itzulpen zehatz bat «nik zure izena ezagutzera eman diet» eta «zure izena ezagutzera eman diet mundutik eman zenizkidanei» izango litzateke.
Mundu Berriko Itzulpenaren ingeleseko lehen edizioaren hitzaurreak dio: «Ez dugu Idazkien parafrasirik eskaintzen. Hasieratik amaieraraino, itzulpenik literalena egiten saiatu gara, baldin eta gaur egungo ingelesak hori egiten uzten badigu eta itzulpen literalak ideiak iluntzen ez baditu». Beraz, Mundu Berriko Bibliaren Itzulpen Batzordea hurrengo oreka bilatzen ahalegindu da: jatorrizko hizkuntza islatzen dituzten hitz eta esaldiak erabiltzea eta, aldi berean, arraroak diren edo benetako esanahia ezkutatzen duten konponbideak saihestea. Ondorioz, jendeak Biblia modu errazean irakurri eta mezu inspiratua zehaztasunez transmititua izan den konfiantza osoa izan dezake (1 Tesalonikarrei 2:13).

