Apokalipsia 8:1-13
8 Bildotsak zazpigarren zigilua ireki zuenean, ordu erdi inguruz isiltasuna egon zen zeruan.
2 Eta Jainkoaren aurrean zutik dauden zazpi aingeruak ikusi nituen, eta zazpi tronpeta eman zitzaizkien.
3 Beste aingeru bat iritsi zen eta urrezko intsentsu ontzi* bat zeraman. Aldarearen ondoan geratu zen zutik eta intsentsu kopuru handi bat eman zitzaion, santu guztien otoitzekin batera, tronuaren aurrean dagoen urrezko aldarean eskaintzeko.
4 Aingeruak erre zuen* intsentsuaren kea Jainkoaren aurrera igo zen santuen otoitzekin batera.
5 Baina aingeruak segituan intsentsu ontzia hartu, aldareko txingarrez* bete eta lurrera jaurti zuen. Eta trumoiak, ahotsak, tximistak eta lurrikara bat egon ziren.
6 Eta zazpi aingeruak zazpi tronpetak jotzeko prestatu ziren.
7 Lehenengoak bere tronpeta jo zuen. Orduan, kazkabarra* eta sua odolarekin nahastuta lurrera jaurtiak izan ziren. Eta lurraren heren bat, zuhaitzen heren bat eta landaretza berde guztia erre egin zen.
8 Bigarren aingeruak bere tronpeta jo zuen. Orduan, sutan zegoen mendi handi bat bezalako zerbait itsasora jaurtia izan zen. Eta itsasoaren heren bat odol bihurtu zen;
9 itsasoko izaki bizidunen heren bat hil egin zen, eta itsasontzien heren bat hondoratu egin zen.
10 Hirugarren aingeruak bere tronpeta jo zuen. Orduan, zerutik izar handi bat erori zen, sutan dagoen su-argi* baten antzera. Ibaien heren baten gainera eta ur-iturrien gainera erori zen.
11 Izarrak Asentsio-belar du izena. Eta uren herena asentsio-belar bihurtu zen. Jende asko hil zen ur horien erruz, mikatz* bihurtu baitziren.
12 Laugarren aingeruak bere tronpeta jo zuen. Orduan, eguzkiaren heren bat, ilargiaren heren bat eta izarren heren bat zaurituak izan ziren. Horrela, haien heren bat ilundu egingo zen eta egunaren heren batek ez zuen argirik izango, eta gauza bera gertatuko zen gauarekin ere.
13 Eta zeru erdian hegan zebilen arrano bat ikusi nuen, eta ahots ozenez honakoa esaten zuela entzun nuen: «Zoritxarrekoak, zoritxarrekoak, zoritxarrekoak lurreko biztanleak gainontzeko hiru aingeruak jotzear dauden tronpeten hotsa entzutean!».

