Apokalipsia 3:1-22

  • Mezuak Sardesi (1-6), Filadelfiari (7-13) eta Laodizeari (14-22)

3  «Idatzi Sardesen dagoen kongregazioko aingeruari: Hona hemen zer dioen Jainkoaren zazpi espirituak eta zazpi izarrak dituenak: “Ezagutzen ditut zure ekintzak eta badakit bizirik egotearen fama* duzula, baina hilda zaude. 2  Erne egon eta indartu geratzen diren eta hilzorian zeuden gauzak, zeren ikusi dut ez dituzula zure ekintzak guztiz bukatu* nire Jainkoaren aurrean. 3  Beraz, gogoratu beti zer jaso eta zer entzun zenuen; segi hori obeditzen eta damutu zaitez. Izan ere, esnatzen ez bazara, lapur bat bezala etorriko naiz eta ez duzu inondik inora jakingo zer ordutan iritsiko naizen. 4  «“Hala ere, badituzu Sardesen beraien arropak kutsatu ez zituzten batzuk*; horiek nirekin ibiliko dira arropa zuriz jantzita, merezi baitute. 5  Garaitzen duena, beraz, arropa zuriz jantziko da, eta bere izena ez dut inoiz biziaren liburutik ezabatuko; horren ordez, nire Aitaren aurrean eta honen aingeruen aurrean bere izena ezagutzen dudala esango dut. 6  Belarriak dituenak entzun dezala espirituak kongregazioei esaten diena”. 7  «Idatzi Filadelfian dagoen kongregazioko aingeruari: Hona hemen zer dioen santua denak, egiazkoa denak, Dabiden giltza duenak, atea irekitzen duenak inork itxi ez dezan eta atea ixten duenak inork ireki ez dezan: 8  “Ezagutzen ditut zure ekintzak. (Begira! Zabalik dagoen ate bat jarri dut zure aurrean, inork itxi ezin dezakeen bat.) Badakit indar gutxi duzun arren, nire hitza obeditu duzula eta nire izenari leiala izan zarela. 9  Begira! Satanasen sinagogakoak —juduak direla esan baina benetan ez diren horiek, gezurretan ari baitira— etortzera eta zure oinen aurrean makurtzera* behartuko ditut, eta maite zaitudala jakinaraziko diet. 10  Nire iraupenari buruz entzun zenuena obeditu* duzunez, nik ere babestu egingo zaitut lur* osoaren gain iristear dagoen proba garaia* etortzean, lur osoko biztanle guztiak proban jartzeko etorriko den garaia. 11  Laster nator. Segi daukazunari gogor eusten, zure koroa inork hartu ez dezan. 12  «“Garaitzen duena nire Jainkoaren tenpluan zutabe egingo dut, eta ez da gehiago handik aterako. Bere kopetan idatziko ditut nire Jainkoaren izena, nire Jainkoaren hiriaren izena —Jerusalem Berria, zerutik, nire Jainkoa dagoen tokitik, jaisten den hiria— eta nire izen berria. 13  Belarriak dituenak entzun dezala espirituak kongregazioei esaten diena”. 14  «Idatzi Laodizean dagoen kongregazioko aingeruari: Hona hemen zer dioen Amen denak, lekuko leial eta egiazkoa denak, Jainkoaren kreazioaren hasiera denak: 15  “Ezagutzen ditut zure ekintzak eta badakit ez zarela ez hotza, ez beroa. Nahiko nuke hotza edo beroa izango bazina! 16  Baina epela zarenez —ez beroa, ez hotza— botaka eginez aterako zaitut nire ahotik. 17  Zeren hau diozu: ‘Aberatsa naiz, aberastasun asko lortu ditut eta ez dut ezertxo ere behar’. Baina ez dakizu gixajoa* zarela, pena ematen duzula, pobrea eta itsua zarela, eta biluzik zaudela. 18  Niri honakoa erosteko aholkatzen dizut: sutan findutako urrea, aberatsa izan zaitezen; arropa zuriak, jantzita egon zaitezen eta biluzik egoteagatik lotsatu ez zaitezen; eta begietan emateko pomada, ikusi ahal dezazun. 19  «“Maite* ditudan guztiak zuzentzen* eta diziplinatzen ditut. Beraz, sutsua izan eta damutu zaitez. 20  Begira! Ate parean nago, ate-joka. Norbaitek nire ahotsa entzuten badu eta atea irekitzen badit, bere etxean sartuko naiz eta berarekin afalduko dut, eta berak nirekin. 21  Garaitzen duenari nirekin neure tronuan esertzeko baimena emango diot, nik ere garaitu eta nire Aitarekin bere tronuan eseri nintzen bezalaxe. 22  Belarriak dituenak entzun dezala espirituak kongregazioei esaten diena”».

Oharra

Edo «izena».
Edo «burutu».
Lit. «izen batzuk».
Edo «omenaldia egitera».
Edo agian «Nire iraupen eredua jarraitu».
Edo «biztanleak dituen lur».
Lit. «ordua».
Edo «zorigaiztokoa».
Edo «Estimatzen».
Edo «zentsuratzen».