Apokalipsia 4:1-11

  • Jehobaren zeruko presentziaren ikuskaria (1-11)

    • Jehoba bere tronuan eserita (2)

    • 24 adindunak tronuetan (4)

    • Lau izaki bizidunak (6)

4  Horren ondoren, zabalik zegoen ate bat ikusi nuen zeruan, eta lehenengo ahots bat entzun nuen; tronpetaren soinua bezalakoa zen eta nirekin hitz egiten zuen, esanez: «Igo hona; gertatu behar diren gauzak erakutsiko dizkizut». 2  Hori entzun eta gero, segituan, espirituaren eraginpean egotera iritsi nintzen. Eta hara! Tronu bat ikusi nuen zeruan eta norbait zegoen bertan eserita. 3  Eta tronuan eserita zegoenak jaspe harriaren eta sardio harriaren* itxura zuen, eta tronuaren inguruan esmeralda itxurako ortzadarra zegoen. 4  Tronuaren inguruan 24 tronu zeuden, eta tronu horietan 24 adindun ikusi nituen eserita. Jantzi zuriak zeramatzaten, eta buruan urrezko koroak zituzten. 5  Tronutik tximistak, ahotsak eta trumoiak ateratzen ziren, eta tronuaren aurrean suzko zazpi lanpara zeuden piztuta. Lanpara horiek Jainkoaren zazpi espirituak irudikatzen dituzte. 6  Tronuaren aurrean beirazko itsaso baten antzeko zerbait zegoen, kristala bezalakoa. Tronuaren erdian* eta tronuaren inguruan lau izaki bizidun zeuden begiz beteta, bai aurretik, bai atzetik. 7  Lehenengo izaki bizidunak lehoi baten antza zuen, bigarren izaki bizidunak zezen gazte batena, hirugarren izaki bizidunak gizaki batenaren antzeko aurpegia zuen, eta laugarren izaki bizidunak hegan dabilen arrano bat zirudien. 8  Lau izaki bizidun horietako bakoitzak sei hego zituen begiz beteta kanpotik eta barrutik. Eta etengabe, gau eta egun, esaten dute: «Santu, santu, santua da Jainko Jehoba, Ahalguztiduna, zena eta dena eta datorrena». 9  Izaki bizidunek tronuan eserita dagoenari, beti-betirako bizi denari, aintza, ohorea eta eskerrak ematen dizkioten bakoitzean, 10  hogeita lau adindunak tronuan eserita dagoenaren aurrean belaunikatzen dira, eta beti-betirako bizi dena adoratzen dute. Beraien koroak tronuaren aurrean botatzen dituzte, esanez: 11  «Jehoba*, gure Jainkoa, zu zara aintza, ohorea eta boterea jasotzea merezi duena, zuk sortu baitzenituen gauza guztiak, eta zuk nahi izan zenuelako existitzen dira eta izan ziren sortuak».

Oharra

Edo «kolore gorriko harribitxiaren».
Edo «Erdian, tronuaren ondoan».