Apokalipsia 5:1-14

  • Zazpi zigiluko erroilua (1-5)

  • Bildotsak erroilua hartu (6-8)

  • Bildotsak zigiluak irekitzea merezi du (9-14)

5  Tronuan eserita zegoenaren eskuineko eskuan erroilu bat ikusi nuen, bi aldeetatik* idatzita eta zazpi zigiluz guztiz zigilatuta. 2  Eta aingeru boteretsu bat ikusi nuen ahots ozenez honakoa esaten: «Nor da erroilua eta zigiluak irekitzea merezi duena?». 3  Baina ez zegoen, ez zeruan, ez lurrean, ez lur azpian, erroilua ireki eta bertan idatzita zegoena ikusi zezakeen inor. 4  Negar zotinka hasi nintzen ez zegoelako erroilua irekitzea eta bertan idatzita zegoena ikustea merezi zuen inor. 5  Baina adindunetako batek esan zidan: «Utzi negar egiteari. Begira! Judaren tribuko Lehoiak, Dabiden sustraiak, garaipena lortu du. Berak ireki ditzake erroilua eta zazpi zigiluak». 6  Eta tronuaren ondoan* eta lau izaki bizidunen eta adindunen erdian, bildots bat ikusi nuen zutik, sakrifikatua izan zela zirudien bildots bat. Zazpi adar eta zazpi begi zituen. (Begiek Jainkoaren zazpi espirituak irudikatzen dituzte, lur osora bidaliak izan direnak.) 7  Bildotsa hurbildu egin zen segituan, eta tronuan eserita zegoenaren eskuineko eskutik erroilua hartu zuen. 8  Erroilua hartu zuenean, lau izaki bizidunak eta 24 adindunak Bildotsaren aurrean belaunikatu ziren. Adindun bakoitzak harpa bat eta intsentsuz beteriko urrezko ontziak zituen. (Intsentsuak santuen otoitzak irudikatzen ditu.) 9  Eta kanta berri bat abesten dute: «Zu zara erroilua hartzea eta zigiluak irekitzea merezi duena. Zeren sakrifikatua izan zinen eta zure odolarekin Jainkoarentzat tribu, hizkuntza, herri eta nazio guztietako pertsonak erosi zenituen. 10  Beraiek erreinu bat izatea eta gure Jainkoaren zerbitzuan apaizak izatea egin zenuen. Eta errege bezala aginduko dute lurra». 11  Begiratzean, tronuaren inguruan aingeru askoren ahotsa entzun nuen, baita izaki bizidun eta adindunena ere. Milaka eta milaka eta milioika eta milioika* ziren, 12  eta ahots ozenez esaten zuten: «Sakrifikatua izan zen Bildotsak boterea, aberastasunak, jakinduria, indarra, ohorea, aintza eta bedeinkapena jasotzea merezi du». 13  Eta zeruan, lurrean, lur azpian eta itsasoan dauden izaki guztiek, den-denek, esaten zuten: «Jaso dezatela tronuan eserita dagoenak eta Bildotsak bedeinkapena, ohorea, aintza eta boterea beti-betirako». 14  Lau izaki bizidunek esaten zuten: «Amen!». Eta adindunak belaunikatu egin ziren eta Jainkoa adoratu zuten.

Oharra

^ Lit. «barrutik eta kanpotik».
^ Edo «erdian».
^ Edo «hamar mila aldiz hamar mila».