Apokalipsia 19:1-21

  • Goretsi Jah bere epaiengatik (1-10)

    • Bildotsaren ezkontza (7-9)

  • Zaldi zuriko zalduna (11-16)

  • Jainkoaren afari handia (17, 18)

  • Basapiztiaren porrota (19-21)

19  Horren ondoren, jende askoren ahots ozen bat bezalakoa entzun nuen zeruan. Esaten zuten: «Goretsi Jah*! Salbamena, aintza eta boterea gure Jainkoarenak dira, 2  zeren bere epaiak egiazkoak eta justuak dira. Prostituta handiaren aurkako —bere sexu moralgabekeriarekin* lurra usteldu zuenaren aurkako— sententzia* betearazi du eta prostitutaren eskuetan zegoen bere zerbitzarien odola mendekatu du». 3  Eta, segituan, bigarren aldiz esan zuten: «Goretsi Jah*! Hiriaren keak igotzen jarraituko du beti-betirako». 4  Eta 24 adindunak eta lau izaki bizidunak belaunikatu egin ziren eta Jainkoa, tronuan eserita dagoena, adoratu zuten eta esan zuten: «Amen! Goretsi Jah*!». 5  Gainera, tronutik ahots bat atera zen, esanez: «Goretsi gure Jainkoa, beraren zerbitzari guztiok, errespetu handia* diozuenok, bai txikiok, bai handiok». 6  Eta jende askoren ahotsa eta ur askoren eta trumoi handien soinua zirudiena entzun nuen. Esaten zuten: «Goretsi Jah*! Zeren Jehoba, gure Jainkoa, Ahalguztiduna, errege bezala agintzen hasi da! 7  Egon gaitezen zoriontsu eta pozaren pozez, eta eman diezaiogun aintza, zeren Bildotsaren ezkontza iritsi da eta bere emaztea dagoeneko prest dago. 8  Hala da, emazteari kalitatezko liho distiratsu eta garbiz janzteko baimena eman zaio; izan ere, kalitatezko lihoak santuen ekintza justuak irudikatzen ditu». 9  Eta aingeruak esan zidan: «Idatzi honakoa: “Zoriontsuak Bildotsaren ezkontzaren afarira gonbidatuak izan direnak”». Honakoa ere esan zidan: «Jainkoaren egiazko hitzak dira horiek». 10  Orduan, belaunikatu eta aingeruaren oinetara erori nintzen bera adoratzeko, baina esan zidan: «Kontuz! Ez egin hori! Ni zerbitzari bat besterik ez naiz, zu eta zure anaiak bezalaxe, Jesusi buruz testigantza emateko eginkizuna duzuenok bezalaxe. Jainkoa adoratu! Zeren Jesusi buruz testigantza ematea da profeziak inspiratzen dituena». 11  Zerua irekita ikusi nuen, eta begira! Zaldi zuri bat. Zaldi gainean eserita dagoena Leiala eta Egiazkoa deitzen da, eta justiziaz epaitzen du eta justiziaz egiten du gerra. 12  Begiak sugarra bezalakoak ditu, eta buruan koroa* asko daramatza. Izen bat du idatzita, berak bakarrik ezagutzen duena, eta ez beste inork. 13  Odolez zikindutako* mantu bat darama jantzita. Bere izena Jainkoaren Hitza da. 14  Gainera, zeruko armadek zaldi zurien gainean jarraitzen zioten, eta kalitatezko lihoz jantzita zeuden, liho zuri eta garbiz. 15  Bere ahotik ezpata luze eta zorrotz bat ateratzen da nazioei erasotzeko. Burdinazko makilaz gobernatuko ditu artzain batek bezala. Gainera, Jainko Ahalguztidunaren haserre biziaren dolarean zapaltzen ditu mahatsak. 16  Eta bere mantuan, bai, bere izterrean, izen bat du idatzita: erregeen Erregea eta jaunen Jauna. 17  Eguzkian zutik zegoen aingeru bat ere ikusi nuen. Ahots ozenez egin zuen oihu eta zeru erdian hegan dabiltzan hegazti guztiei esan zien: «Zatozte! Bildu Jainkoaren afari handirako. 18  Erregeen, komandante militarren, gizon boteretsuen, zaldien eta zaldi gainean doazenen haragia jan. Denen haragia jan, bai gizon libreena eta esklaboena, bai txikiena eta handiena». 19  Eta basapiztia, lurreko erregeak eta beraien armadak ikusi nituen bilduta, zaldi gainean zegoenaren eta honen armadaren aurka gerra egiteko. 20  Eta zaldi gainean zegoenak basapiztia harrapatu zuen eta honekin batera profeta faltsua —basapiztiaren aurrean seinaleak egin zituena eta, seinale horien bidez, basapiztiaren marka jaso zutenak eta honen irudia adoratu zutenak engainatu zituena—. Oraindik bizirik zeudela, biak sufrez sutan dagoen lakura jaurtiak izan ziren. 21  Baina zaldi gainean zegoenak, bere ahotik ateratzen zen ezpata luzearekin, gainontzekoak hil zituen. Eta hegazti guztiak beraien haragiarekin ase geratu ziren.

Oharra

^ Edo «Aleluia!». «Jah» Jehoba izenaren laburdura da.
^ Grekoz, porneia. Ikusi Glosarioa.
^ Edo «epaia; jujamendua».
^ Edo «Aleluia!». «Jah» Jehoba izenaren laburdura da.
^ Edo «Aleluia!». «Jah» Jehoba izenaren laburdura da.
^ Lit. «beldurra». Ikusi Glosarioa, beldurra Jainkoari.
^ Edo «Aleluia!». «Jah» Jehoba izenaren laburdura da.
^ Lit. «diadema».
^ Edo agian «zipriztindutako».