A2

Itzulpen honen ezaugarriak

1950ean, Biblia. Mundu Berriko Itzulpena. Idazki Greko Kristauak argitaratu zen ingelesez, eta 1961ean, edizio osoa: Biblia. Mundu Berriko Itzulpena. Harrezkeroztik, 280 hizkuntzatako baino gehiagotako milioika irakurlek jatorrizko hizkuntzetan oinarritutako itzulpen zehatz eta atsegin honetatik onurak atera dituzte.

Jendearen bihotzetara iristeko asmoz, Mundu Berriko Bibliaren Itzulpen Batzordeak gaur egungo hizkera erabiltzearen beharra ikusi zuen. Horretarako, honako helburuak izan zituen kontuan:

  • Gaur egungoa eta ulertzeko erraza den hizkera erabiltzea. Biblia itzulpen batzuek nahasgarriak diren terminoak erabiltzen dituzte. Adibidez, «grazia» hitza merezi ez duen norbaiti eskuzabaltasunez ematen zaiona adierazteko erabiltzen da. Hitz hori zuzena den arren, hiztunek beste esanahi batekin erabiltzen dute normalean. Horregatik, itzulpen honetan, «merezigabeko eskuzabaltasun» itzuli da (Erromatarrei 16:20).

    Bestalde, itzulpen batzuek gutxi erabiltzen edo ulertzeko zailak diren hitzak erabiltzen dituzte, hala nola, «hordikeria», «erdainkuntza» edo «emagaldu». Itzulpen honetan, aldiz, «mozkorkeria», «zirkunzisio» edo «prostituta» erabili dira (Erromatarrei 2:25; Galaziarrei 5:21; Apokalipsia 17:15). Gainera, itzulpen honetan «gaitzetsi» erabili beharrean, «epaitu» erabili da; «haga» erabili beharrean, «enbor» erabili da; eta «gutizia» erabili beharrean, «kodizia» erabili da (Mateo 7:1; 7:3; Erromatarrei 7:8).

  • Biblia espresio batzuk modu argian adieraztea. Adibidez, Biblia batzuek hades hitz grekoa itzultzean, hildakoen egoerari buruzko okerreko ideia transmititzen duten espresioak erabili dituzte. Biblia itzulpen batzuetan, «infernu» eta «Hildakoen Egoitza» bezalako esamoldeak erabili dira. Baina grekoz hades hitzak hildakoak atseden hartzen ari diren leku sinbolikoari egiten dio erreferentzia. Beraz, itzulpen honetan, hitz hori «Hilobi», hizki larriz, itzuli da, eta Hades hitza oharrean mantendu da (Eginak 2:27).

    Biblia batzuek Jesus gurutze batean iltzatua, edo gurutziltzatua, izan zela adierazten dute. Baina «gurutze» edo «gurutziltzatu» hitzek ez dute Jesus nola izan zen exekutatua zuzentasunez transmititzen. Beraz, itzulpen honetan, «tortura zutoin» eta «zutoinean iltzatu» esamoldeak erabili dira Jesus ez zela gurutze batean hil argi uzteko (Lukas 24:20; Joan 19:17).

    Biblia itzulpen batzuek nefex hebrear hitza eta psikhe hitz grekoa «arima» hitzarekin itzultzen dituzte. Testuinguruaren arabera, hitz horiek honako esanahiak izan ditzakete: 1) pertsona, 2) pertsonaren bizia, 3) animalia, 4) izaki bizidun baten desioak edo gogoak, eta 5) hilda dagoen pertsona. Hori kontuan izanik eta, gainera, arimari buruz okerreko ideia asko daudenez, itzulpen honetan psikhe hitza testuinguruaren arabera itzultzea erabaki da. Kasu batzuetan, «arima» hitza oharrean mantendu da (Mateo 6:25; 22:37; Eginak 2:27; 1 Korintoarrei 15:45; Apokalipsia 16:3). Hala ere, ezagunak diren pasarte batzuetan «arima» hitza testu nagusian mantendu da, eta Glosariora bideratzen duen edo beste itzulpen bat eskaintzen duen ohar bat ipini da (Mateo 10:28; 1 Tesalonikarrei 5:23; Hebrearrei 4:12).

    Parousia hitz grekoa, literalki «norbaiten ondoan» esan nahi duena, itzulpen askotan «etorrera» hitzarekin itzuli da. Baina jatorrizko hitz grekoak denbora epe bat irauten duen presentziari egiten dio erreferentzia, eta ez etorrerari, edo iritsierari soilik. Parousia hitzaren esanahi hori Mateo 24:37-39 pasartean argi adierazten da. Bertan, «Gizonaren Semearen presentzia» uholdearen aurreko «Noeren garaia» bezalakoa izango zela dio. «Noeren garaia[k]» urte batzuetako denboraldi bat iraun zuen. Era berean, «Gizonaren Semearen presentzia[k]» urte batzuetako denboraldi bat iraungo duela pentsatzeko arrazoiak daude.

  • Irakurketa erraztea. Testua zehaztasunez eta, aldi berean, erraztasunez eta modu egokian irakurri ahal izateko ahaleginak egin dira. Horretarako, jatorrizko hizkuntzako espresioak erabiltzea beharrezkoa izan denean, hitzak euskararen arau ortografikoen arabera idatzi dira, hitz horien irakurketa eta ahoskera erraztuz. Hona hemen adibide batzuk: «Eli, Eli, lama sabaktani?», «Talita kumi» eta «Hakeldama» (Mateo 27:46; Markos 5:41; Eginak 1:19). Bestalde, irakurketa eta ulermena errazteko, parentesi, marra luze eta komez baliatuz, aposizioak (hitz baten ondoan hitz hori zehazteko jartzen den beste hitza edo hitz multzoa) erabiltzea erabaki da (Galaziarrei 1:1; Efesoarrei 3:6).

  • Generoa duten hitzen ideia zuzena transmititzea. Grekoz, substantiboek maskulinoari eta femeninoari erreferentzia egiten dietenean, hitz horiek genero maskulinoa izaten dute askotan. Euskaraz, hitzek ez dute genero gramatikalik; forma berbera erabiltzen da, bai maskulinorako, bai femeninorako. Baina zenbait kasutan, hitz desberdinak erabiltzen dira sexu desberdinetarako, adibidez, «gizon» eta «emakume» hitzak (Mateo 19:4). Hala ere, batzuetan, testuan bi generoei erreferentzia egiten dela argi utzi da, adibidez, «pertsona» erabiliz, eta jatorrizko hitza («gizon») oharrean mantendu da (Lukas 2:14).

  • Euskal hiztun guztien bihotzetara iristea. Euskal hizkuntzak euskalki ugari ditu. Beraz, itzulpen honetan euskara batua erabiltzea erabaki da, eta ahalegin handiak egin dira irakurketa hiztun guztientzat ahalik eta naturalena eta errazena izan dadin. Alde batetik, zenbait kasutan, ohar batean hitz jakin baten beste aukera batzuk adieraztea egokia izan dela ikusi da. Adibidez, «gorrioi» hitza gutxienez beste 20 modutan ere esan daitekeenez, testu nagusian «txori» hitza erabili da eta oharrean hainbat euskalkitako beste erabilera batzuk adierazi dira: «txolarre», «hormatxori», «paretatxori» eta «gorrioi» (Mateo 10:29). Bestetik, euskalki desberdinetako irakurleak kontuan izanik, baliokideak diren hitz desberdinak erabili dira, esaterako, batzuetan «segi» eta besteetan «jarraitu» (Mateo 6:33; Hebrearrei 13:1). Horretaz gain, irakurleen bihotzak ukitzeko asmoz, zenbait bertsetetan «maite» hitza erabili beharrean, «kuttun» hitza erabili da. Bi adjektibo horiek baliokideak izan arren, «kuttun» hitzak sakontasun handiagoz adierazten du norbait guztiz maitea eta gogokoa dela. Adibidez, Jehobak Jesusi «hau da nire Seme kuttuna» esatean, Jainkoa benetan Aita maitekor eta goxoa dela antzeman dezakegu (Mateo 3:17).

Argitalpen honen beste ezaugarri batzuk:

Puntuazio markak. Euskaraz, alboko kakotxak («») aipamen zuzenak egiteko erabiltzen dira, eta kakotx bikoitzak (“”) aipamen zuzen baten barnean beste aipamen zuzen bat egiteko; bestalde, kakotx bikoitzen barnean, kakotx bakunak (‘’) erabiltzen dira (Mateo 13:24-30). Kakotx bikoitzen erabilera hori ohikoena den arren, argitalpen honetan zeharkako aipamenak egiteko ere erabili dira. Horrela, irakurleak mota horretako aipamenak identifikatu ditzake (Markos 8:17-19; 1 Timoteori 3:16).

Oin-oharrak. Argitalpen honetan erabiltzen diren oharrak mota honetakoak dira:

  • «Edo» Testu nagusiko ideia berbera transmititzen duten grekoaren itzulpen alternatibo batzuk (Mateo 5:3, «beraien behar espiritualaz konturatzen direnak» aipameneko oharra).

  • «Edo agian» Ideia desberdinak transmititzen dituzten, baina onargarriak diren itzulpen alternatibo batzuk (Lukas 12:11, «biltzar publikoen» aipameneko oharra).

  • «Lit.» Grekoaren hitzez hitzeko itzulpena, edo grekoaren esamolde baten oinarrizko esanahia duena (Mateo 11:10, «zure aurretik» aipameneko oharra).

  • Esanahiak eta informazio gehigarria Eranskin batera edo Glosariora bideratzen duen azalpena (Mateo 5:22, «suntsitua izatea» aipameneko oharra).

Biblia itzulpen honen hasieran, «Ezagutu Jainkoaren Hitza» izeneko atala aurkitu daiteke. Bertan, Bibliaren oinarrizko irakaspenen laburpen bat azaltzen da. Apokalipsia liburuaren ondoren, «Biblia liburuen taula» eta «Glosarioa» daude. Glosarioa esamolde zehatz batzuek Biblian duten esanahia azaltzeko tresna bat da. Eranskinean, hurrengo atalak agertzen dira: «Biblia itzulpenerako irizpideak», « Itzulpen honen ezaugarriak», «Nola iritsi da Biblia gure garaia arte?», «Jainkoaren izena Idazki Greko Kristauetan» eta «Jesusen ekintza nagusiak lurrean egon zenean». Horretaz gain, mapak, taulak eta Biblia sakonki aztertzeko informazio erabilgarria aurkitu daitezke.

Irakurleak Biblia liburuen ikuspegi orokor bat izan dezan, liburu guztiak kapitulu bakoitzeko laburpen batekin hasten dira. Gainera, informazio hori agertzen den bertsetak adierazten dira.