Apokalipsia 20:1-15
20 Eta aingeru bat ikusi nuen zerutik jaisten; leize zuloko giltza eta kate handi bat zituen eskuan.
2 Eta harrapatu egin zuen herensugea, antzinako sugea, Deabrua eta Satanas dena, eta 1.000 urtez lotu zuen.
3 Eta leize zulora bota zuen, han giltzapetuz eta sarrera zigilatuz, nazioak berriro ere engainatu ez zitzan 1.000 urteak amaitu arte. Horren ondoren, denbora pixka baterako izan behar da askatua.
4 Eta tronuak ikusi nituen, eta bertan eserita zeudenei epaitzeko autoritatea eman zitzaien. Hala da, Jesusi buruzko testigantza emateagatik eta Jainkoari buruz hitz egiteagatik hil* zituztenen arimak ikusi nituen, bai, basapiztia edota bere irudia adoratu ez zutenak eta kopetan eta eskuan marka jaso ez zutenak ikusi nituen. Horiek bizira itzuli ziren eta Kristorekin batera 1.000 urtez errege bezala agindu zuten.
5 Hori lehenengo berpizkundea da. (Hildakoen gainontzekoak ez ziren bizira itzuli 1.000 urteak amaitu ziren arte.)
6 Zoriontsua eta santua lehenengo berpizkundearen parte dena! Bigarren heriotzak ez du beraiengan autoritaterik, baizik eta Jainkoaren eta Kristoren apaiz izango dira, eta berarekin batera errege bezala aginduko dute 1.000 urteetan zehar.
7 Baina 1.000 urteak amaitu bezain laster, Satanas bere kartzelatik askatua izango da,
8 eta lurreko lau ertzetan dauden nazio horiek —Gog eta Magog— engainatzera aterako da gerrara biltzeko. Horien kopurua itsasoko hondarrarena bezalakoa da.
9 Eta lur osora zabaldu ziren, eta santuen kanpamentua eta hiri maitea inguratu zituzten. Baina zerutik sua jaitsi zen eta irentsi egin zituen.
10 Eta Deabrua, engainatzen zituena, suzko eta sufrezko lakura izan zen jaurtia; hantxe zeuden dagoeneko basapiztia eta profeta faltsua; eta gau eta egun sufriaraziko diete* beti-betirako.
11 Eta tronu zuri handi bat ikusi nuen, baita bertan eserita zegoena ere. Lurrak eta zeruak bere presentziatik ihes egin zuten, eta arrastorik utzi gabe desagertu ziren.
12 Eta hildakoak ikusi nituen, bai handiak, bai txikiak, tronuaren aurrean zutik, eta erroiluak ireki ziren. Baina beste erroilu bat ere ireki zen: biziaren erroilua. Eta, erroiluetan idatzita zegoenaren arabera, hildakoak beraien ekintzengatik izan ziren epaituak.
13 Eta itsasoak bere hildakoak itzuli zituen, eta heriotzak eta Hilobiak* beraien hildakoak itzuli zituzten, eta bakoitza bere ekintzengatik izan zen epaitua.
14 Eta heriotza eta Hilobia* suzko lakura izan ziren jaurtiak. Suzko lakuak bigarren heriotza irudikatzen du.
15 Gainera, beraien izena biziaren liburuan idatzita ez zutenak ere suzko lakura izan ziren jaurtiak.

