Hitzaurrea

BIBLIA, Jainkoak inspiratua, hebreeraz, arameraz eta grekoz idatzi zen. Jainkoaren Hitza nazio guztietako jendearentzat lagungarria izateko, hizkuntza askotan itzuli behar zen (Mateo 24:14). Mateo eta Apokalipsia bitarteko 27 liburuei «Idazki Greko Kristauak» deitzen zaie, inspirazioz idazle kristauek jatorriz grekoz idatzi zituztelako K.o. I mendean.

Mundu Berriko Itzulpena. Idazki Greko Kristauak lehen aldiz 1950ean argitaratu zen ingelesez. Neurri handi batean, antzinako eskuizkribu greko gehienekin bat datorren Westcott eta Hort testu greko ospetsuan oinarrituta dago. Mundu Berriko Itzulpena, ahal den neurrian, testu grekoari leiala da. Euskal bertsio hau 2013ko ingeles edizioan oinarrituta dago eta leialtasun berbera mantentzen saiatzen da.

Jainkoaren izen paregabea, Jehoba, 237 aldiz azaltzen da Mundu Berriko Itzulpena. Idazki Greko Kristauak argitalpeneko testu nagusian. Jainkoaren izena santifikatzea oso inportantea denez eta salbamenerako izen horri dei egitea denontzat behar-beharrezkoa denez, itzulpen honek Jehobaren izena dagokion tokian jartzen du berriro Biblian (Mateo 6:9; Erromatarrei 10:13).

Mundu Berriko Itzulpena izenburua Jainkoaren promesean oinarritzen da. Promes hori gizaki guztion onerako izango den mundu berri eta justu batekin lotuta dago (2 Pedro 3:13). Argitalpen honen itzultzaileek Bibliaren Autorea, Jainkoa, maite dute, eta bere pentsamendu eta esanak ahalik eta modu zehatzenean itzultzeko ardura sentitzen dute berarekiko. Otoitz egiten dugu itzulpen hau «egiaren ezagutza zehatza» bilatzen ari diren irakurle zintzoentzat balio handikoa izan dadin (1 Timoteori 2:4).