Apokalipsia 13:1-18
13 Eta itsasertzeko hondarretan geratu zen zutik*.
Orduan, basapiztia bat ikusi nuen itsasotik ateratzen, eta 10 adar eta 7 buru zituen. Adarretan 10 koroa* zituen, adar bakoitzean bat, eta buruetan Jainkoa blasfematzen duten izenak zituen.
2 Ikusi nuen basapiztiak leopardo baten itxura zuen, baina bere oinak hartzarenak bezalakoak ziren eta ahoa lehoiarena bezalakoa zuen. Eta herensugeak bere boterea, tronua eta autoritate handia eman zizkion piztiari.
3 Bere buruetako batean itxuraz heriotza-zauri bat izan zuela ikusi nuen, baina zauri hilgarri hori sendatu egin zitzaion. Eta lur osoak miresmenez jarraitu zion basapiztiari.
4 Eta herensugea adoratu zuten, zeren basapiztiari autoritatea eman zion, eta basapiztia adoratu zuten, esanez: «Nor da basapiztia bezalakoa? Nork egin dezake borroka bere kontra?».
5 Aho bat eman zitzaion, eta honek handikeriak eta blasfemiak esaten zituen, eta 42 hilabetez nahi zuena egiteko autoritatea eman zitzaion.
6 Gero, ahoa ireki zuen Jainkoaren aurka blasfematzeko, bere izenaren eta bizilekuaren aurka, bai, zeruan bizi direnen aurka blasfematzeko.
7 Santuen kontra gerra egiteko eta hauek garaitzeko baimena eman zitzaion, eta tribu, herri, hizkuntza eta nazio guztien gain autoritatea eman zitzaion.
8 Eta lurreko biztanle guztiek adoratuko dute. Munduaren hasieratik ez da beraien izen bakar bat ere idatzia izan sakrifikatua izandako Bildotsaren biziaren erroiluan.
9 Norbaitek belarriak baditu, entzun dezala.
10 Norbait preso hartua izan behar bada, preso hartuko dute. Norbaitek ezpataz hiltzen badu*, ezpataz hilko dute. Horregatik, santuek iraupena* eta fedea behar dute.
11 Orduan, beste basapiztia bat ikusi nuen lurretik ateratzen. Honek bildots batenak bezalako bi adar zituen, baina herensuge bat bezala hasi zen hitz egiten.
12 Piztia horrek lehenengo basapiztiaren autoritate guztia erabiltzen du beraren aurrean. Eta lurra eta lurreko biztanleak lehenengo basapiztia —heriotza-zauria sendatu egin zitzaiona— adoratzera bultzatzen ditu.
13 Eta seinale handiak egiten ditu; gizadi osoaren aurrean zerutik lurrera sua jaitsiarazi eta guzti egiten du.
14 Lurreko biztanleak engainatzen ditu, basapiztiaren aurrean egiten utzi zitzaizkion seinaleen bidez; bitartean, lurreko biztanleei basapiztiaren* —ezpataz zauritua izan arren bizirik jarraitu zuenaren— irudi bat egiteko esaten die.
15 Eta basapiztiaren irudiari bizi-arnasa* emateko baimena eman zitzaion, horrela, basapiztiaren irudiak hitz egin zezan eta basapiztiaren irudia adoratu nahi ez zuten guztiak hilarazi zitzan.
16 Pertsona guztiak —bai txikiak eta handiak, bai aberatsak eta pobreak, bai libreak eta esklaboak— eskuin eskuan edota kopetan markatuak izatera behartzen ditu
17 eta, horrela, inork ezin izango du erosi edo saldu, marka duenak izan ezik, hau da, basapiztiaren izena edo bere izenaren zenbakia duenak izan ezik.
18 Honetarako jakinduria behar da: ulermena* duenak kalkulatu dezala basapiztiaren zenbakia, giza* zenbakia baita, eta zenbaki hori 666 da.

