Apokalipsia 16:1-21

  • Jainkoaren haserrearen zazpi ontziak (1-21)

    • Isuriak lurrean (2), itsasoan (3), ibaietan eta ur-iturrietan (4-7), eguzkian (8, 9), basapiztiaren tronuan (10, 11), Eufratesen (12-16) eta airean (17-21)

    • Jainkoaren gerra Armagedon (14, 16)

16  Orduan, santutegitik ahots ozen bat entzun nuen zazpi aingeruei esaten: «Zoazte eta isuri lurrean Jainkoaren haserrearen zazpi ontziak». 2  Abiatu zen lehenengo aingerua, eta bere ontzia lurrean isuri zuen. Eta ultzera mingarri eta gaizto batek basapiztiaren marka zutenei eta bere irudia adoratzen zutenei sufriarazi zien. 3  Bigarren aingeruak bere ontzia itsasoan isuri zuen. Eta itsasoa odol bihurtu zen, hildako baten odola bezalakoa, eta itsasoan zeuden izaki* bizidun guztiak hil egin ziren. 4  Hirugarren aingeruak bere ontzia ibaietan eta ur-iturrietan isuri zuen. Eta horiek odol bihurtu ziren. 5  Orduan, uren gain autoritatea duen aingeruari entzun nion esaten: «Zu —dena eta zena, Leiala— justua zara sententzia* horiek eman dituzulako. 6  Santuen eta profeten odola isuri zutenez, odola eman diezu edateko. Ez zuten besterik merezi!». 7  Eta aldareari entzun nion esaten: «Bai, Jainko Jehoba, Ahalguztiduna, egiazkoak eta justuak dira zure sententziak*». 8  Laugarren aingeruak bere ontzia eguzkiaren gainean isuri zuen. Eta eguzkiari jendea suz kiskaltzeko baimena eman zitzaion. 9  Eta bero ikaragarriak jendea kiskali zuen. Baina Jainkoaren izenaren aurka —plaga horien gain autoritatea duenaren izenaren aurka— blasfematu zuten, eta ez ziren damutu eta ez zioten aintzarik eman. 10  Bosgarren aingeruak bere ontzia basapiztiaren tronuan isuri zuen. Eta piztiaren erreinua ilundu egin zen, eta jendea, minez zegoenez, euren mingainari koska egiten hasi zitzaion. 11  Baina, minen eta ultzeren eraginez, zeruko Jainkoaren aurka blasfematu zuten, eta ez ziren beraien ekintzez damutu. 12  Seigarren aingeruak bere ontzia Eufrates ibai handian isuri zuen. Eta ibaiaren urak lehortu egin ziren, ekialdetik* zetozen erregeei bidea prestatzeko. 13  Eta igelen antzekoak ziren hiru mezu inspiratu* zikin ikusi nituen ateratzen herensugearen ahotik, basapiztiaren ahotik eta profeta faltsuaren ahotik. 14  Izan ere, horiek deabruek inspiratutako mezuak dira eta seinale handiak egiten dituzte, eta lur* osoko erregeengana doaz, Jainko Ahalguztidunaren egun handian gertatuko den gerrara biltzeko. 15  «Begira! Lapur bat bezala nator. Zoriontsua esna jarraitzen duena eta bere arropa jantzita* duena. Horrela, ez da biluzik ibiliko eta jendeak ez du bere lotsa ikusiko». 16  Eta hebreeraz Armagedon* deitzen den tokian bildu zituzten erregeak. 17  Zazpigarren aingeruak bere ontzia airean isuri zuen. Orduan, santutegiko tronutik ahots ozen bat atera zen, esanez: «Egina dago!». 18  Eta tximistak, ahotsak, eta trumoiak gertatu ziren. Gainera, lurrikara handi bat izan zen, gizakia lurrean existitu denetik inoiz gertatu ez zen bat, bai, inoiz ez bezalako lurrikara gogorra eta zabala. 19  Hiri handia hiru zatitan banatu zen eta nazioetako hiriak suntsituak izan ziren, eta Jainkoa Babilonia Handiaz gogoratu zen honi bere haserre biziaren ardo kopatik edaten emateko. 20  Gainera, irla guztiek ihes egin zuten eta mendiak desagertu egin ziren. 21  Orduan, zerutik kazkabar harri handiak erori ziren jendearen gainera. Harri bakoitzak talentu* bat pisatzen zuen gutxi gorabehera. Eta, kazkabar plaga horren ondorioz, jendeak Jainkoaren aurka blasfematu zuen, plaga oso handia izan baitzen, ezohikoa.

Oharra

^ Edo «arima».
^ Edo «epai; jujamendu».
^ Edo «epaiak; jujamenduak».
^ Edo «eguzkia ateratzen den aldetik».
^ Lit. «hiru espiritu».
^ Edo «biztanleak dituen lur».
^ Lit. «mantua berarekin mantentzen».
^ Grekoz, Har Magedon. «Megidoko mendia» esan nahi duen hitz hebrear batetik dator.
^ Greziar talentuak 20,4 kilogramo pisatzen zituen. Ikusi B14 eransk.