Oseas 1:1-11
1 Judako Uzias, Jotam, Akaz eta Ezekias erregeen garaian eta Israelgo Jeroboam erregearen —Joaxen semearen— garaian, Jehobak mezu hau eman zion Oseasi*, Beeriren semeari.
2 Jehoba, Oseasen bidez, bere mezua ematen hasi zenean, hau esan zion Jehobak Oseasi: «Zoaz, ezkondu prostituzioan* ibiliko den emakume batekin; eta berak, prostituzioan ibiltzeagatik, seme-alabak emango dizkizu. Izan ere, prostituzioaren ondorioz, herrialdea guztiz aldendu da Jehobarengandik».
3 Beraz, Oseas Gomerrekin —Diblaimen alabarekin— ezkondu zen. Gomer haurdun geratu zen eta seme bat eman zion.
4 Orduan, Jehobak esan zion Oseasi: «Jarriozu Jezreel* izena, zeren hemendik gutxira, kontuak eskatuko dizkiot Jehuren etxeari Jezreelen hilketengatik, eta Israelgo etxearen erreinuarekin amaituko dut.
5 Egun horretan, Jezreelen bailaran Israelen arkua apurtuko dut.
6 Gomer berriro ere haurdun geratu zen, eta alaba bat izan zuen. Eta Jainkoak esan zion Oseasi: «Jarriozu Lo-Ruhama* izena, zeren hemendik aurrera, ez diot erruki gehiagorik erakutsiko Israelgo etxeari. Izan ere, kanporatu egingo ditut.
7 Judako etxeari, aldiz, errukia erakutsiko diot. Bai, nik, Jehobak, beraien Jainkoak, salbatu egingo ditut; ez ditut ez arkua, ez ezpata, ez gerra, ez zaldiak, ezta zaldunak ere erabiliko beraiek salbatzeko».
8 Lo-Ruhamari bularra emateari utzi zionean, Gomer berriro ere haurdun geratu zen, eta beste seme bat izan zuen.
9 Orduan, Jainkoak esan zion Oseasi: «Jarriozu Lo-Ammi* izena, zeren zuek ez zarete nire herria, eta ni ere ez naiz zuen Jainkoa izango.
10 «Israeldarrak* itsasoko hondarra bezainbeste izango dira, ezin dena ez kontatu ez neurtu. Eta “Zuek ez zarete nire herria” esan zitzaien tokian, “Zuek Jainko biziaren seme-alabak zarete” esango zaie.
11 Bai, Judako herria eta Israelgo herria bildu eta bat bakarra izango dira, eta beraientzako buruzagi bat aukeratuko dute eta herrialdetik aterako dira, zeren Jezreelen eguna handia izango da.

