Nehemias 9:1-38
9 Hilabeteko 24. egunean, israeldarrak bildu egin ziren. Barau egiten hasi ziren, zakuz jantzita eta errautsez estalita zeudela.
2 Orduan, israeldar jatorrikoak zirenak kanpotar guztiengandik banandu ziren. Gero, altxatu, eta beraien bekatuak eta beraien arbasoen akatsak aitortu zituzten.
3 Bakoitza bere tokian zutik zegoela, Jehobaren, beraien Jainkoaren, Legearen liburua ahots altuan irakurtzen aritu ziren hiru orduz*. Eta beste hiru orduz, beraien bekatuak aitortzen eta Jehobaren, beraien Jainkoaren, aurrean makurtzen aritu ziren.
4 Jexua, Bani, Kadmiel, Xebanias, Buni, Xerebias, Bani eta Kenani lebitarrentzat egindako plataformara igo ziren, eta Jehobari, beraien Jainkoari, ahots altuan otoitz egin zioten.
5 Eta Jexua, Kadmiel, Bani, Haxabnias, Xerebias, Hodias, Xebanias eta Petahias lebitarrek esan zuten: «Altxatu eta goretsi Jehoba, zuen Jainkoa, orain eta betirako*. O, Jainkoa, goretsia izan dadila aintzaz beteriko zure izena, bedeinkapen eta gorespen guztien gainetik dagoena.
6 «Zu bakarrik zara Jehoba. Zuk egin zenuen zerua, bai, zerua eta bere handitasuna*, baita bere armada osoa ere. Lurra eta bertan dagoen guztia, eta itsasoak eta bertan dagoen guztia egin zenuen. Zuk mantentzen duzu dena bizirik, eta zeruko armada zure aurrean makurtzen da.
7 Zu zara Jehoba, benetako Jainkoa. Zuk Abram aukeratu zenuen, Ur hiritik —kaldearren hiritik— atera zenuen, eta Abraham izena jarri zenion.
8 Zuri bihotz-bihotzez leiala zela ikusi zenuenez, berarekin itun bat egin zenuen. Kanaandarren, hititen, amortarren, periztarren, jebustarren eta girgaxtarren lurraldea berari eta bere ondorengoei emango zeniela promestu zenion. Eta zuk zure promesak bete zenituen, justua baitzara.
9 «Gure arbasoek Egipton sufritu zutena ikusi egin zenuen, eta Itsaso Gorrian laguntza eske oihuka ibili zirenean entzun egin zenien.
10 Orduan, seinaleak eta mirariak erabiliz, Faraoia, bere zerbitzari guztiak eta bere herrialdeko jende guztia zigortu zenituen, zeren bazenekien zure herriarekin harrokeriaz jokatu zutela. Zure izena ezagutzera eman zenuen eta, gaur egun ere, oso ezaguna izaten jarraitzen du.
11 Israeldarren aurrean itsasoa banatu zenuen, eta beraiek lur lehorretik zeharkatu zuten. Beraien atzetik zetozenak itsas hondora bota zenituen, itsaso zakarrera botatzen den harri bat bezala.
12 Zure herria egunez laino zutabe batekin gidatu zenuen, eta gauez suzko zutabe batekin. Horrela, egin behar zuten bidea argitu zenien.
13 Sinai mendira jaitsi zinen eta zerutik beraiekin hitz egin zenuen. Epai justuak, lege fidagarriak*, eta arau eta agindu bikainak eman zenizkien.
14 Zure Larunbat santua ere ezagutzera eman zenien, eta zure zerbitzari Moisesen bidez, aginduak, arauak eta lege bat eman zenizkien.
15 Gose zirenean, zeruko ogia eman zenien eta, egarri zirenean, harkaitzetik ura atera zenien. Zin egin* zenien lurraldean sartzeko eta konkistatzeko esan zenien.
16 «Baina beraiek, gure arbasoek, harrokeriaz jokatu zuten eta burugogortu egin ziren, eta ez zituzten zure aginduak obeditu.
17 Ez zuten obeditu nahi izan, eta ez zituzten gogoratu beraien alde egin zenituen gauza harrigarriak. Horren ordez, burugogortu egin ziren, eta buruzagi bat izendatu zuten Egiptora esklabo bezala itzultzeko. Baina zu, barkatzeko prest dagoen* Jainkoa zara, errukitsua eta bihotz onekoa, pazientziaz* eta maitasun leialez betea. Horregatik ez zenituen abandonatu.
18 Metalezko* zekor bat egin zuten eta esan zuten: “Hau da zure Jainkoa, Egiptotik atera zintuena”. Izugarrizko errespetu falta erakutsi zuten.
19 Baina orduan ere, zure erruki handiarengatik, ez zenituen basamortuan abandonatu: egunez, bidean gidatzen zituen laino zutabea ez zen beraiengandik aldendu; eta gauez, bidea argitzen zien suzko zutabea beraiekin egon zen beti.
20 Gainera, zure espiritua* eman zenien ulermena izan zezaten. Ez zenien zure mana ukatu, eta egarri zirenean ura eman zenien.
21 Eta 40 urtez basamortuan jaten eman zenien. Ez zitzaien ezer falta izan. Beraien arropa ez zen gastatu, eta beraien oinak ez ziren handitu.
22 «Erreinuak eta herriak eman zenizkien, eta lurra beraien artean banandu zenuen. Horrela, Sehonen lurraldea —hau da, Hexbongo erregearen lurraldea— eta Ogen —Baxango erregearen— lurraldea okupatu zuten.
23 Gainera, beraiek seme-alaba asko izatea egin zenuen, zeruko izarrak bezainbeste. Gero, konkistatuko zuten lurraldera eraman zenituen, bere arbasoei promestu zenien bezalaxe.
24 Beraz, beraien seme-alabak lurraldean sartu ziren eta okupatu zuten. Kanaandarrak, lurralde hartako biztanleak, beraien menpe jarri zenituen. Eta lurralde hartako erregeak eta herriko jendea beraien esku utzi zenituen, beraiekin nahi zutena egiteko.
25 Harresi handiko hiriak eta lur emankorrak konkistatu zituzten. Gainera, mota guztietako gauza onez beteta zeuden etxeekin, dagoeneko zulatuta zeuden ur putzuekin, mahastiekin, olibondoekin eta fruta-arbola askorekin geratu ziren. Asetu arte jan zuten, gizentzeraino, eta beraien alde egin zenituen gauza on guztiez gozatu zuten.
26 «Hala ere, desobedienteak izan ziren, zure aurka errebelatu ziren eta zure Legeari bizkarra eman zioten*. Zure profetak hil zituzten, zuregana itzultzeko abisuak ematera bidali zenituenak. Eta izugarrizko errespetu falta erakutsi zuten.
27 Horregatik, beraien etsaien esku utzi zenituen, eta etsaiek etengabe sufrimendua eragiten zieten. Baina arazoak zituztenean, laguntza eske oihu egiten zizuten, eta zuk zerutik entzuten zenien. Eta zure erruki handiarengatik, salbatzaileak bidaltzen zenituen beraien etsaien eskuetatik askatzeko.
28 «Baina beraien egoera hobetu bezain pronto, berriz ere gaizki dagoena egiten hasten ziren zure begien aurrean. Orduan, zuk beraien etsaien esku abandonatzen zenituen, eta beraien etsaiek menperatzen* zituzten. Berriz ere laguntza eske oihu egiten zizuten eta, zure erruki handiarengatik, zerutik behin eta berriz entzuten zenien eta erreskatatzen zenituen.
29 Abisuak ematen zenizkien zure Legea berriz ere obeditu zezaten; baina beraiek harroputzak ziren eta ez zituzten zure aginduak entzun nahi izan. Zure arauak obeditzen dituenak bizia jasotzen du; baina beraiek ez zituzten obeditu eta, horregatik, bekatu egin zuten. Bizkarra eman zizuten, burugogortu egin ziren eta ez zuten entzun nahi izan.
30 Urte askoz pazientzia erakutsi zenien eta, zure espirituaren bitartez, profetak bidali zenizkien abisuak ematera, baina beraiek ez zuten entzun nahi izan. Azkenean, inguruko herrien esku utzi zenituen.
31 Baina zure erruki handiarengatik, ez zenituen suntsitu, ezta abandonatu ere, zeren zu Jainko errukitsua eta bihotz onekoa zara.
32 «O, gure Jainkoa, Jainko handia, boteretsua eta miresgarria, zuk zure ituna bete duzu eta maitasun leiala erakutsi duzu. Baina orain, mesedez, ez ahaztu guk, gure erregeek, gure printzeek, gure apaizek, gure profetek, gure arbasoek eta zure herri osoak, Asiriako erregeen garaitik gaur egunera arte, izan dugun sufrimendua.
33 Gu sufritzen uztean, zu justua izan zara, leialki jokatu baituzu. Gu gara oso gaizki jokatu dugunak.
34 Gure erregeek, gure printzeek, gure apaizek eta gure arbasoek ez zuten zure Legea obeditu eta ez zieten zure aginduei kasurik egin, ezta eman zenizkien abisuei* ere.
35 Gure erregeek agintzen zuten garaian, zuregandik jasotako gauza on askoz gozatu zuten eta zuk eman zenien lurralde zabal eta emankorrean bizi izan ziren. Hala ere, ez zintuzten zerbitzatu eta gaizki dagoena egiten jarraitu zuten.
36 Horregatik gaude gaur hemen esklabo bezala. Bai, esklaboak gara gure arbasoei emandako lurraldean, bertako fruituak jateko eta gauza on askoz gozatzeko eman zenien lurraldean.
37 Gure bekatuen erruz, lurraldeak ematen duen produktu ugaria gure gain jarri dituzun atzerriko erregeentzat da. Beraiek nahi dutena egiten dute gurekin* eta gure abereekin, eta asko sufritzen ari gara.
38 «Beraz, hori guztia kontuan hartuta, promes solemne bat egiten dugu, idatzita jarriz eta gure printzeen, gure lebitarren eta gure apaizen zigiluak erabiliz balioa emanez».
Oharra
^ Lit. «egunaren laurden batez».
^ Edo «eternitatetik eternitatera».
^ Edo «zeruen zerua».
^ Lit. «benetako legeak».
^ Lit. «Eskua altxatuz promestu».
^ Edo «barkabera den».
^ Edo «ez dena azkarregi haserretzen».
^ Edo «urtutako metalezko».
^ Lit. «espiritu ona».
^ Lit. «Legea bizkarraren atzera bota zuten».
^ Edo «zapaltzen».
^ Edo «gogorarazpenei».
^ Lit. «gure gorputzekin».

