Nehemias 5:1-19

  • Nehemiasek abusuak gelditu (1-13)

  • Nehemiasen eskuzabaltasuna (14-19)

5  Bitartean, herriko gizonek eta beraien emazteek protesta handi bat egin zuten euren anaia juduen kontra. 2  Batzuek esaten zuten: «Seme-alaba asko ditugu. Zerealak lortu behar ditugu jateko eta bizirik jarraitzeko». 3  Beste batzuek esaten zuten: «Ez dagoenez ia-ia janaririk, gure soroak, mahastiak eta etxeak garantia bezala eman behar ditugu zerealak lortzeko». 4  Eta beste batzuek zioten: «Erregearen zerga* ordaintzeko, mailegu bat eskatu behar izan dugu; eta garantia bezala, gure soroak eta mahastiak eman ditugu. 5  Denok odol berekoak gara*, eta ez dago desberdintasunik gure seme-alaben eta beraien seme-alaben artean. Baina, hala ere, gure seme-alabak esklabo bezala eman behar ditugu. Are gehiago, gure alabetako batzuk esklabo dira dagoeneko. Eta ezin dugu ezer egin hori saihesteko, gure soroak eta mahastiak beste batzuenak direlako orain». 6  Beraien kexak entzutean, asko haserretu nintzen. 7  Honi buruz luze eta zabal hausnartu ondoren, nobleei eta hiriko ofizialei errieta* egin nien, esanez: «Zuek guztiok zuen anaiei interesak eskatzen* ari zarete!». Gainera, biltzar handi bat antolatu nuen gaia argitzeko. 8  Eta esan nien: «Nazioei salduak izan ziren gure anaia juduak erreskatatu nahi genituen. Horregatik, ahal genuen guztia egin genuen beraiek berriro erosteko. Eta zuek orain zuen anaiak salduko dituzue, eta guk berriro erosi beharko ditugu?». Orduan, hitzik gabe geratu ziren, eta ez zekiten zer esan. 9  Eta esan nien: «Egiten ari zaretena ez dago ondo. Ez al zeniokete gure Jainkoari errespetu handia* erakutsi beharko? Horrela, nazioek —gure etsaiek— ez dute guri leporatzeko ezer izango. 10  Are gehiago, gu —nire anaiak, nire zerbitzariak eta ni neu— dirua eta zerealak maileguan ematen ari gara herriari, eta ez diegu interesik eskatzen. Mesedez, hemendik aurrera ez dezagun interesik eskatu. 11  Mesedez, itzuli gaur bertan beraien soroak, mahastiak, olibadiak eta etxeak. Gainera, maileguan eman zenuten diruarengatik, zerealengatik, ardo berriarengatik eta olioarengatik exijitutako interesak* ere itzuli». 12  Beraiek erantzun zuten: «Dena itzuliko diegu, eta ez dugu ezer eskatuko trukean. Zuk esan bezalaxe egingo dugu». Beraz, apaizei deitu nien eta errudunak ziren gizonak, promesa beteko zutela ziurtatzeko, apaizen aurrean zin egitera behartu nituen. 13  Gainera, nire arroparen tolesturak* astindu nituen, eta esan nien: «Horrela astindu dezala benetako Jainkoak promes hau betetzen ez duen edonor eta, ondorioz, etxerik eta ondasunik gabe utzi dezala. Horrela izan dadila astindua, eta ezer gabe geratu dadila». Hori entzutean, kongregazio osoak esan zuen: «Amen!*». Eta Jehoba goretsi zuten, eta herriak bere promesa bete zuen. 14  Gainera, erregeak Judako lurraldeko gobernari izendatu ninduen egunetik gaur arte —Artaxerxes erregearen 20. urtetik 32. urtera arte, hau da, 12 urte guztira—, nik eta nire anaiek ez genuen gobernariari dagokion janaria jan. 15  Nire aurretik gobernari izan zirenek, aldiz, herria zapaltzen zuten. Egunero, herriak zilarrezko 40 txanpon* eman behar zituen gobernariek ogia eta ardoa izan zezaten. Horretaz gain, beraien zerbitzariek ere herria zapaltzen zuten. Baina nik ez nuen horrelakorik egin, Jainkoari errespetu handia* bainion. 16  Are gehiago, nik neuk hartu nuen parte harresiaren berreraikuntzan. Nire zerbitzari guztiak egon ziren bertan lanean, eta ez genuen lursail bat bera ere erosi. 17  Nire mahaian 150 juduk eta hiriko ofizialek jaten zuten, baita beste nazioetatik bisitan etortzen zirenek ere. 18  Egunero, zezen bat, ardi onenetako sei eta hegaztiak prestatzen zituzten niretzat*. Eta 10 egunetik behin, mota guztietako ardo pila bat ekartzen ziguten. Hala ere, ez nuen gobernariari dagokion janaria eskatu, zeren herriak dagoeneko bazuen nahikoa egiten zuen lanarekin. 19  «Gogoratu nitaz eta bedeinkatu nazazu, ene Jainko, herri honen alde egin dudan guztiarengatik!».

Oharra

^ Edo «tributua».
^ Lit. «Gure haragia gure anaien haragia bezalakoa da».
^ Edo «agiraka».
^ Edo «zuen anaiekin diru gosez jokatzen».
^ Lit. «beldurra». Ikusi Glosarioa, beldurra Jainkoari.
^ Lit. «ehungarren zatia», hau da, hilabeteko % 1a.
^ Lit. «nire kolkoa», hau da, bularraren altueran zegoen arroparen tolestura, poltsiko bezala erabiltzen zena.
^ Edo «Hala izan dadila!».
^ Lit. «40 siklo». Ikusi B14 eransk.
^ Lit. «beldurra». Ikusi Glosarioa, beldurra Jainkoari.
^ Edo «nire diruarekin».