Nehemias 1:1-11

  • Jerusalemeko berriak (1-3)

  • Nehemiasen otoitza (4-11)

1  Hauek dira Nehemiasen* —Hakaliasen semearen— hitzak: 20. urteko* kisleu* hilabetean, Susako gazteluan* nengoen. 2  Garai hartan, Hanani —nire anaietako bat— eta beste gizon batzuk Judatik iritsi ziren. Orduan, desterrutik atera eta bizirik jarraitzen zuten juduak nola zeuden galdetu nien, baita Jerusalemen egoera zein zen ere. 3  Beraiek erantzun zidaten: «Desterrutik atera eta orain probintzian bizi direnen egoera oso-oso txarra eta umiliagarria da. Jerusalemeko harresiak suntsituta daude, eta bere ateak erreta». 4  Hori entzun bezain pronto, eseri eta negarrez hasi nintzen. Egun batzuk doluan egon nintzen, barau eginez eta zeruko Jainkoari otoitz eginez. 5  Esan nion: «O, Jehoba, zeruko Jainkoa, Jainko handi eta miresgarria. Zuk zure ituna betetzen duzu, eta zu maite eta zure aginduak obeditzen dituztenei maitasun leiala erakusten diezu. 6  Mesedez, mantendu zure belarriak adi-adi eta zure begiak zabal-zabalik. Entzun zure zerbitzariaren otoitza, gaur egiten dizudan otoitza. Gau eta egun zure zerbitzarien —israeldarren— alde otoitz egiten dut, eta Israelgo herriak zure aurka egin dituen bekatuak aitortzen ditut. Bekatu egin dugu, bai nik, baita nire aitaren etxeak ere. 7  Dudarik gabe, oso gaizki jokatu dugu zurekin, zeren ez ditugu obeditu Moisesi —zure zerbitzariari— eman zenizkion aginduak, arauak eta epaiak. 8  «Mesedez, gogoratu Moisesi —zure zerbitzariari— esan zeniona*: “Zuek desleialak bazarete, nik nazioen artean sakabanatuko zaituztet. 9  Baina niregana itzultzen bazarete eta nire aginduak obeditzen badituzue, nahiz eta lurreko azken bazterreraino sakabanatuak izan, bertatik hartu eta nire izenarentzat aukeratu dudan tokian elkartuko zaituztet”. 10  Beraiek zure zerbitzariak dira, baita zure herria ere. Zure indar handiarekin eta zure esku boteretsuarekin erreskatatu zenituen. 11  O, Jehoba, mesedez, mantendu zure belarriak adi-adi, eta entzun zure zerbitzariaren eta zure izena bihotzez errespetatzen duten* zerbitzarien otoitza. Mesedez, lagundu zure zerbitzariari gaur arrakasta izaten, eta izan dadila erregea atsegina* nirekin». Garai hartan erregearen edarizaina nintzen.

Oharra

^ «Jehobak kontsolatzen du» esan nahi du.
^ Hau da, Artaxerxesen erregealdiko 20. urtea.
^ Edo «gotorlekuan», «jauregian».
^ Edo «eman zenion abisua».
^ Edo «izenari bihotzez beldurra dioten».
^ Edo «errukitsua».