Nehemias 4:1-23

  • Etsaiak izan arren, lanak aurrera (1-14)

  • Langileek lanean jarraitu armak eskuetan izanda (15-23)

4  Sanbalatek harresia berreraikitzen ari ginela entzun bezain pronto, asko haserretu zen. Izan ere, ez zitzaion batere gustatu hori entzutea* eta, ondorioz, juduez burlatzen hasi zen. 2  Orduan, bere lagunen eta Samariako armadaren aurrean esan zuen: «Zertan ari dituk judu ziztrin* horiek? Zer uste ditek, euren kabuz egin ahal ditekela, ala? Sakrifiziorik eskainiko ditek? Akaso egun bakar batean amaituko ditek? Hautsez beteta eta txikituta zeudeken erretako harriak erabiltzeko gai izango dituk, ala?». 3  Eta bere ondoan zegoen Tobias ammondarrak esan zuen: «Eraikitzen ari diren harresira azeri bat igoko balitz, nahikoa izango litzateke harresi osoa behera erortzeko». 4  Orduan, otoitz egin nuen: «Entzun, gure Jainkoa, gutaz burlatzen ari baitira. Egin ezazu beraiek mespretxu bera sufritu dezaten*. Erori daitezela beraien etsaien eskuetan eta gatibu eraman ditzatela beste herrialde batera. 5  Ez estali beraien errua eta ez kendu beraien bekatua zure aurretik, zeren langileak iraindu dituzte». 6  Harresia berreraikitzen jarraitu genuen, eta zulo guztiak tapatu genituen. Horrela, harresia altuera erdiraino guztiz konponduta geratu zen, eta herriak gogotsu jarraitu zuen lanean. 7  Baina, orduan, Sanbalat, Tobias, arabiarrak, ammondarrak eta axdodarrak Jerusalemeko harresien konponketa aurrera zihoala enteratu ziren, baita zuloak betetzen ari ginela ere. Ondorioz, sutan jarri ziren. 8  Beraz, Jerusalem erasotzeko eta bertan arazoak sortzeko intentzioarekin, elkarrekin konspiratzen hasi ziren. 9  Baina guk gure Jainkoari otoitz egin genion, eta gizonak jarri genituen egunez eta gauez guardia egiten herria gure etsaiengandik babesteko. 10  Hala ere, Judako herriko batzuek esaten zuten: «Langileak* indarrik gabe geratu dira, eta harri-hondakin pila dago. Ezingo dugu harresia inoiz berreraiki». 11  Gure etsaiek zioten: «Ezertaz konturatu edo gu ikusi aurretik, beraien artean egongo gara eta hil egingo ditugu. Horrela, lana geldituko dugu». 12  Gure etsaien inguruan bizi ziren juduak etortzen zirenean, behin eta berriz* esaten ziguten: «Toki guztietatik etorriko dira gu erasotzera!». 13  Beraz, guardiak jarri nituen harresiaren atzean. Izan ere, toki batzuetan lurrak behera egiten zuen, eta bertatik gure etsaiak erraz sartu ahal ziren. Familien arabera antolatu nituen, eta ezpatak, lantzak eta arkuak zituzten. 14  Beldurtuta zeudela ikustean, segituan nobleengana, hiriko ofizialengana eta herriko gainontzekoengana joan eta esan nien: «Ez izan beraien beldur. Izan Jehoba gogoan, bera handia eta miresgarria baita. Eta egin borroka zuen anaien, seme-alaben, emazteen eta etxeen alde». 15  Gure etsaiek beraien planaz enteratu ginela jakin zuten, baita benetako Jainkoak plan hori zapuztu zuela ere. Horren ondoren, denak harresira bueltatu ginen lanera. 16  Baina, egun hartatik aurrera, nire langileen erdiek berreraikuntzan lanean jarraitu zuten eta, bitartean, beste langileen erdiek lantzak, eskudoak, arkuak eta korazak zeramatzaten. Eta printzeek harresia berreraikitzen ari ziren Judaren etxeko guztiei lagundu zieten. 17  Zamak eramaten zituztenek esku batekin lan egiten zuten, eta beste eskuan arma* bat zuten. 18  Langileek lan egiten zuten bitartean, ezpata bat zeramaten gerrian. Eta ahari adarra jo behar zuena nire ondoan zegoen. 19  Orduan, honakoa esan nien nobleei, hiriko ofizialei eta herriko gainontzekoei: «Harresian lan asko dago egiteko eta guk sakabanatuta egiten dugu lan, elkarrengandik oso urrun. 20  Beraz, ahari adarraren soinua entzutean, etorri gu gauden tokira. Gure Jainkoak gure alde egingo du borroka». 21  Egunsentitik izarrak atera arte lan egiten genuen eta, bitartean, langileen erdiek lantzak eusten zituzten. 22  Orduan, herriari esan nion: «Pasa dezatela gizonek gaua Jerusalemen, bakoitzak bere zerbitzariarekin. Gauean zehar guardia egingo dute, eta egunean zehar lan». 23  Beraz, nire anaiak, nire zerbitzariak, nirekin zetozen guardiak eta ni, ez ginen arropaz aldatu. Eta denok genuen arma bat gure eskuineko eskuan.

Oharra

^ Edo «ofenditu egin zen».
^ Edo «miserable».
^ Lit. «Egin ezazu mespretxu bera euren buruen gainera erori dadin».
^ Edo «Zamaketariak».
^ Lit. «10 aldiz».
^ Edo «jaurtigai».