Nehemias 13:1-31

  • Nehemiasek aldaketa gehiago egin (1-31)

    • Hamarrena emateko obligazioa (10-13)

    • Larunbata errespetatzeko obligazioa (15-22)

    • Kanpotarrekin ezkontzea kondenatuta (23-28)

13  Egun horretan, Moisesen liburua herriaren aurrean irakurri zen, eta hauxe aurkitu zuten idatzita: ez zituztela ammondarrak eta moabtarrak benetako Jainkoaren kongregazioan inoiz onartu behar. 2  Izan ere, ammondarrek eta moabtarrek ez zieten israeldarrei ogirik eman, ezta urik ere. Horren ordez, Balaam kontratatu zuten israeldarrak madarikatzeko. Baina gure Jainkoak madarikazioa bedeinkapen bihurtu zuen. 3  Beraz, Legea entzun bezain pronto, israeldarrak atzerritar jatorrikoak* ziren guztiak Israeletik banantzen hasi ziren. 4  Hori baino lehen, gure Jainkoaren etxeko* biltegi gelak* Eliaxib apaizaren —Tobiasen senidea zenaren— esku zeuden. 5  Eliaxibek Tobiasi biltegi gela* handi bat utzi zion. Lehen, gela horretan gauza hauek gordetzen ziren: eskaintzak egiteko zerealak, olibanoa eta tenplurako tresnak, baita zerealen, ardo berriaren eta olioaren hamarrena ere, hau da, lebitarrei, kantariei eta atezainei zegokiena. Bertan, apaizentzako dohaintzak ere gordetzen ziren. 6  Hori guztia gertatu zenean, ni ez nengoen Jerusalemen, zeren Babiloniako Artaxerxes erregearen 32. urtean erregearengana itzuli nintzen. Baina beranduago, joateko baimena eskatu nion erregeari. 7  Orduan, Jerusalemera bueltatu eta Eliaxibek egin zuen astakeriaz enteratu nintzen: Tobias pozteko helburuarekin, biltegi gela bat utzi zion benetako Jainkoaren etxeko patioan. 8  Hori jakitean, sutan jarri nintzen, eta Tobiasen altzari guztiak hartu eta biltegi gelatik* bota nituen. 9  Horren ondoren, biltegi gelak* garbitzeko agindu nuen. Eta bertan jarri nituen berriro ere benetako Jainkoaren etxeko tresnak, eskaintzak egiteko zerealak eta olibanoa. 10  Gainera, enteratu nintzen lebitarrei ez zitzaiela zegokien zatia ematen ari. Ondorioz, bertan zerbitzatzen zuten lebitarrek eta kantariek joan egin behar izan zuten, bakoitza bere sorora. 11  Beraz, hiriko ofizialei errieta* egin nien, esanez: «Zergatik utzi duzue zaindu gabe benetako Jainkoaren etxea?». Gero, joandako lebitarrak bildu nituen eta bakoitza bere postuan jarri nuen berriro. 12  Eta Juda osoak zerealen, ardo berriaren eta olioaren hamarrena eraman zuen biltegi geletara. 13  Orduan, Xelemias apaiza, Zadok kopista* eta Pedaia lebitarra biltegi gelen arduradun jarri nituen, eta Hanan —Zakur-en semea, Mataniasen biloba— beraien laguntzailea zen. Izan ere, gizon horiek fidagarriak ziren, eta beraien anaien artean bakoitzari zegokiona banatzeko ardura zuten. 14  «Gogoratu nitaz, ene Jainko, egin dudan guztiarengatik. Ez borratu zure memoriatik erakutsi dudan maitasun leiala, bai zure etxearengatik, baita bertan egiten diren zerbitzuengatik ere». 15  Garai hartan, Judan, Larunbata izan arren, batzuek ardoa egiteko mahatsa dolarean zapaltzen zutela ikusi nuen. Gainera, beste batzuek zerealak jaso eta astoetan kargatzen zituzten, eta Jerusalemera ardoa, mahatsa, pikuak eta mota guztietako produktuak ekartzen zituzten. Beraz, egun hartan produkturik ez saltzeko abisatu nien*. 16  Gainera, hirian bizi ziren tiroarrek arraina eta mota guztietako produktuak ekartzen zituzten, eta Judakoei saltzen zizkieten. Hori Jerusalemen egiten zuten Larunbatean. 17  Beraz, Judako nobleei errieta egin nien, esanez: «Nolatan ausartu zarete gaiztakeria handi hau egitera? Ez duzue ezta Larunbata ere errespetatzen! 18  Ez al da horixe zuen arbasoek egin zutena? Ez al zituen gure Jainkoak horrexegatik zoritxar guzti horiek gure gain eta hiri honen gain bidali? Eta orain zuek zarete Larunbata errespetatzen ez duzuenak! Zer nahi duzue, Jainkoa Israelekin oraindik gehiago haserretzea, ala?». 19  Beraz, eguna iluntzen hasi bezain pronto, hau da, Larunbata hasi baino lehen, Jerusalemeko ateak ixteko eta Larunbata amaitu arte ez irekitzeko agindu nuen. Gainera, ateetan nire zerbitzarietako batzuk jarri nituen, horrela inork ezin izango zuen Larunbatean produkturik sartu. 20  Ondorioz, merkatariek eta mota guztietako produktuen saltzaileek Jerusalemetik kanpo pasa zuten gaua behin edo bitan. 21  Orduan, abisatu nien, esanez: «Zergatik pasatzen duzue gaua harresiaren aurrean? Berriz egiten baduzue, hemendik botako zaituztet!». Eta egun hartatik aurrera, ez ziren Larunbatean itzuli. 22  Gainera, Larunbata santu mantentzeko helburuarekin, lebitarrei beraien buruak erregularki purifikatzeko eta ateak zaintzeko esan nien. «Gogoratu zaitez nitaz honengatik ere, o ene Jainko. Zu, maitasun leialaz betea zauden hori, errukitu zaitez nitaz!». 23  Gainera, garai hartan, judu batzuk emakume axdodar, ammondar eta moabtarrekin ezkondu zirela* ikusi nuen. 24  Beraien seme-alaben erdiek axdodarren hizkuntza hitz egiten zuten, eta beste seme-alaben erdiek beste herrien hizkuntzak. Baina beraien seme-alabetako inork ez zuen juduen hizkuntza ezagutzen. 25  Beraz, errieta egin nien eta madarikatu egin nituen; batzuk jo ere egin nituen, eta iletik tira egin nien ileak atera arte. Gero, Jainkoaren izenean zin egitera behartu nituen, eta esan nien: «Ez dituzue zuen alabak beraien semeekin ezkonduko, eta ez zuek, ezta zuen semeak ere, ez zarete beraien alabekin ezkonduko. 26  Ez al zuen horrexegatik bekatu egin Salomonek, Israelgo erregeak? Nazio guztien artean ez zen bera bezalako beste erregerik izan. Bere Jainkoak maite zuen eta, horregatik, Israel osoko errege egin zuen. Hala ere, emazte kanpotarrek bekatu egitera eraman zuten Salomon bera ere! 27  Ezin dut sinetsi! Nolatan ausartu zarete hain modu lotsagabean jokatzera? Nolatan izan zarete kapazak emakume kanpotarrekin ezkontzeko eta Jainkoari desleialak izateko?». 28  Joiadaren —Eliaxib apaiz nagusiaren semearen— semeetako bat, Sanbalat horondarraren suhia zen. Beraz, nire ondotik bota nuen. 29  «Ene Jainko, gogoratu beraiek apaizgoa, eta apaizen eta lebitarren ituna kutsatu dutela». 30  Herria purifikatu nuen kanpotarren eragin txar guztietatik libratuz. Gainera, apaizen eta lebitarren ardurak antolatu nituen, pertsona bakoitza bere zerbitzuaren arabera. 31  Egurra ekartzeko txandak ere antolatu nituen, eta lehen fruituak ekartzeko antolaketaz arduratu nintzen. «Gogoratu nitaz eta bedeinkatu nazazu, ene Jainko!».

Oharra

Edo «jatorri mistokoak».
Edo «tenpluko».
Edo «jangelak».
Edo «jangela».
Edo «jangelatik».
Edo «jangelak».
Edo «agiraka».
Edo «eskriba».
Edo agian «produkturik ez saltzeko abisatu nien egun hartan».
Edo «beraien etxeetara eraman zituztela».