Nehemias 2:1-20

  • Nehemias Jerusalemera joan (1-10)

  • Nehemiasek hiriko harresiak aztertu (11-20)

2  Artaxerxesen 20. urteko nisan* hilabetean, ardoa ekarri zioten erregeari. Nik, beti bezala, ardoa hartu eta erregeari eman nion. Baina ni ez nintzen bere aurrean inoiz triste egoten. 2  Horregatik, erregeak esan zidan: «Burumakur ikusten zaitut. Zer gertatzen zaizu? Ez zaude gaixo; beraz, zure bihotza triste dagoelako izango da». Momentu horretan, sekulako beldurra sentitu nuen. 3  Orduan, esan nion erregeari: «Bizi bedi erregea luzaroan! Nola ez naiz ba triste egongo? Nire arbasoak lurperatuta dauden hiria guztiz suntsituta dago eta suak bere ateak kiskali ditu». 4  Erregeak galdetu zidan: «Zer eskatu nahi didazu?». Segituan zeruko Jainkoari otoitz egin nion. 5  Eta erregeari erantzun nion: «Erregeari ondo iruditzen bazaio eta nirekin —zure zerbitzariarekin— pozik bazaude, bidali nazazu Judara, nire arbasoak lurperatuta dauden hirira, berreraiki dezadan». 6  Orduan erregeak, erregina aldamenean eserita zuela, galdetu zidan: «Zenbat iraungo du zure bidaiak? Eta noiz itzuliko zara?». Erregeari ni bidaltzea ondo iruditu zitzaionez, kanpoan zenbat denbora egongo nintzen esan nion. 7  Gero, esan nion erregeari: «Erregeari ondo iruditzen bazaio, jaso ditzadala gutunak Eufrates ibaiaren mendebaldeko lurraldeko gobernariei emateko. Horrela, Judaraino askatasunez bidaiatzen utziko didate. 8  Gainera, jaso dezadala ere gutun bat Asafi —erregearen basoaren* zaintzaileari— emateko. Horrela, berak behar dudan egurra emango dit, eta egur horrekin habeak egingo ditut. Habe horiek Etxeko* Gotorlekuaren ateetan, hiriko harresietan eta biziko naizen etxean erabiliko ditut». Beraz, erregeak gutunak eman zizkidan, nire Jainkoa* nirekin zegoen eta. 9  Handik denbora batera, Eufrates ibaiaren mendebaldeko lurraldeko gobernariengana iritsi nintzen, eta erregearen gutunak eman nizkien. Bestalde, erregeak bidali ninduenean, nirekin batera buruzagi militarrak eta zaldi gainean zihoazen soldaduak bidali zituen. 10  Sanbalat horondarra eta Tobias funtzionario* ammondarra horretaz enteratu zirenean, haserretu egin ziren. Izan ere, ez zitzaien batere gustatu norbait Israelgo herriari laguntzera etorri izana. 11  Azkenik, Jerusalemera iritsi nintzen. Hiru egun beranduago, 12  gauean jaiki nintzen eta gizon batzuk hartu nituen nirekin joateko. Baina ez nion inori kontatu nire Jainkoak Jerusalem berreraikitzera motibatu ninduela*. Animalia bakarra eraman genuen, eta ni bere gainean nindoan. 13  Beraz, gauez Bailarako Atetik irten, Suge Handiaren Iturriaren aurretik pasa eta Errauts Pilen Atera iritsi nintzen. Jerusalemeko harresiak aztertu nituen, suntsituta zeudenak, baita suak erabat kiskali zituen harresiko ateak ere. 14  Gero, Iturriko Ateraino eta Erregearen Urtegiraino jarraitu nuen. Baina hortik aurrera ezin izan nintzen pasa, gidatzen nuen animaliarentzat tokirik ez zegoelako. 15  Hala ere, oraindik gaua zela, bailaratik* gora igotzen jarraitu nuen, harresia aztertuz. Ondoren, buelta eman, Bailarako Atetik sartu eta etxera itzuli nintzen. 16  Ofizialek ez zekiten nora joan nintzen, ezta zertan nebilen ere. Izan ere, oraindik ez nien ezer esan juduei, apaizei, nobleei, hiriko ofizialei, ezta beste langileei ere. 17  Azkenean esan nien: «Ikusi dezakezue oso-oso egoera txarrean gaudela, Jerusalem suntsituta dagoela eta bere ateak erreta daudela. Goazen ba, berreraiki ditzagun Jerusalemeko harresiak eta amaitu dezagun behingoz umiliazio honekin». 18  Ondoren, nire Jainkoak nola lagundu zidan* azaldu nien, baita erregeak esan zidana ere. Orduan, esan zuten: «Goazen lanera! Berreraiki ditzagun!». Beraz, elkar animatuz, gogotsu prestatu ziren* lanerako. 19  Sanbalat horondarra, Tobias funtzionario* ammondarra eta Gexem arabiarra horretaz enteratu zirenean, gutaz burlatzen eta gu mespretxatzen hasi ziren, esanez: «Zertan ari zarete? Erregearen aurka errebelatzen, ala?». 20  Baina nik erantzun nien: «Zeruko Jainkoari esker lortuko dugu arrakasta. Eta guk, bere zerbitzariok, harresia berreraikiko dugu. Baina zuek ez duzue zerikusirik Jerusalemekin, ez duzue inolako eskubide legalik eta ez zarete bere historiaren parte».

Oharra

Edo «Erregearen Parkearen».
Edo «Tenpluko».
Lit. «Jainkoaren esku ona».
Lit. «zerbitzari».
Lit. «nire bihotzean jarri zuela».
Edo «uaditik».
Lit. «Jainkoaren esku ona nirekin nola egon zen».
Lit. «eskuak sendotu zituzten».
Lit. «zerbitzari».