Nehemias 8:1-18
8 Herri osoa helburu berberarekin elkartu zen Uraren Atearen aurreko plazan. Eta Esdras kopistari* Moisesen Legearen liburua ekartzeko esan zioten, Jehobak Israelgo herriari emandakoa.
2 Beraz, zazpigarren hilabeteko lehenengo egunean, Esdras apaizak Legea ekarri zuen kongregazioaren aurrean —gizonen, emakumeen eta entzuten zutena ulertzeko gai ziren guztien aurrean— irakurtzeko.
3 Eta, Uraren Atearen aurreko plazan, Legea ahots altuan irakurtzen hasi zen. Egunsentitik eguerdira arte irakurri zien bertan elkartuta zeuden guztiei. Denek adi-adi entzun zuten Legearen liburuaren irakurketa.
4 Eta Esdras kopista zutik zegoen egun hartarako egin zuten egurrezko plataforman. Hauek zeuden bere eskuinean zutik: Matitias, Xema, Anaiah, Urias, Hilkias eta Maaseia. Eta beste hauek zeuden bere ezkerrean zutik: Pedaia, Mixael, Malkia, Haxum, Hax-Badana, Zakarias eta Mexulam.
5 Esdrasek, plataformaren gainean zegoela, herri guztiaren aurrean liburua ireki zuen. Hori egitean, herri osoa zutik jarri zen.
6 Orduan, Esdrasek Jehoba —benetako Jainkoa, Handia dena— goretsi zuen. Eta herri osoak, eskuak altxatuz, esan zuen: «Amen!* Amen!». Gero, Jehobaren aurrean belaunikatu eta lurreraino makurtu ziren.
7 Orduan, lebitar batzuek herriari Legea azaldu zioten, hauek izan ziren: Jexua, Bani, Xerebias, Jamin, Akub, Xabetai, Hodias, Maaseia, Kelita, Azarias, Jozabad, Hanan eta Pelaia. Bitartean, jende guztia zutik zegoen.
8 Eta benetako Jainkoaren Legearen liburutik ahots altuan irakurtzen jarraitu zuten, esanahia argi eta garbi azalduz. Horrela, irakurtzen ari zirena ulertzen lagundu zioten herriari.
9 Eta Nehemias —garai hartan gobernaria* zena—, Esdras —apaiza eta kopista zena— eta lebitarrak herriari irakasten ari ziren, eta honakoa esan zioten jende guztiari: «Gaurkoa egun santua da Jehobarentzat, zuen Jainkoarentzat. Ez egon doluan, eta ez egin negarrik». Izan ere, Legeak esaten zuena entzuten zuten bitartean, jende guztia negarrez zegoen.
10 Nehemiasek esan zien: «Zoazte, jan janaririk hoberenak* eta edan edari gozoak, eta konpartitu jatekoa ezer ez dutenekin, gaurkoa egun santua baita gure Jaunarentzat. Ez egon triste, zeren Jehobak ematen dizuen pozak indartsu egiten zaituzte*!».
11 Eta lebitarrak jende guztia lasaitzen aritu ziren, esanez: «Ez egin negarrik, zeren gaurkoa egun santua da. Ez egon triste».
12 Beraz, herria joan egin zen jatera, edatera, besteekin jatekoa konpartitzera eta eguna poz-pozik ospatzera. Izan ere, irakatsi zietena ulertu egin zuten.
13 Bigarren egunean, Legeak esaten zuena oraindik hobeto ulertzeko, herri osoko familietako buruak, apaizak eta lebitarrak Esdras kopistarekin bildu ziren.
14 Orduan, Moisesen bidez Jehobak eman zien Legean, honakoa idatzita zegoela ikusi zuten: zazpigarren hilabeteko jaian zehar, israeldarrek etxoletan* bizi behar zutela.
15 Gainera, Jerusalemera eta hiri guztietara joan behar zutela ere ikusi zuten, eta honakoa esan behar zutela: «Joan eskualde menditsura eta ekarri hostoz betetako adarrak —olibondoenak, pinuenak, mirtoenak, palmondoenak eta beste zuhaitzenak— etxolak egiteko, idatzita dagoen bezalaxe».
16 Beraz, jendea joan egin zen eta adarrak bildu zituen, bakoitzak bere etxola egiteko. Etxolak ondorengo tokietan egin zituzten: beraien etxe gaineko terrazetan, beraien patioetan, benetako Jainkoaren etxeko patioetan, Uraren Ateko plazan eta Efraimen Ateko plazan.
17 Horrela, desterrutik atera ziren guztiek* etxolak egin zituzten, eta jaian zehar bertan bizi izan ziren. Josueren —Nunen semearen— garaitik israeldarrek ez zuten inoiz jaia horrela ospatu. Horrexegatik, denak poz-pozik zeuden.
18 Eta, lehenengo egunetik azken egunera arte, egunero-egunero irakurri zen benetako Jainkoaren Legearen liburua. Jaiak zazpi egun iraun zituen, eta zortzigarren egunean biltzar berezi bat ospatu zen, Legeak eskatzen zuen bezalaxe.

