JAINKOAREN HITZA EGIA DA | IKERTU BIBLIA LIBURUZ LIBURU

28. Biblia liburua | Oseas

Euskara
28. Biblia liburua | Oseas
https://cms-imgp.jw-cdn.org/img/p/1102026528/univ/art/1102026528_univ_sqr_xl.jpg
gwt 28 Biblia liburua

28. BIBLIA LIBURUA

Oseas

Oseas

EDUKIA: Jehobak Israelgo hamar tribuen erreinuari egindako bekatuengatik zigortu egin behar zuela esan zion; hala ere, berarengana bueltatzera animatu zuen

BIBLIAREN GAI NAGUSIAREKIN DUEN LOTURA: Jehoba Agintari errukiorra dela eta berari leial izatea guretzat onena dela erakusten du

IDAZLEA: Oseas

NON IDATZI ZEN: Samariako lurraldean

NOIZ AMAITU ZEN: K.a. 745. eta 740. urteen artean

DENBORA TARTEA: Gutxienez 59 urte (K.a. 804. urtearen aurretik hasita K.a. 745. urtearen ondorenera arte)

Zergatik da garrantzitsua?

1. Jehobaren ezaugarrietatik zein azpimarratzen da batez ere Oseas liburuan? Zer adibide erabili zuen Jainkoak hori ulertzen laguntzeko?

 AGINTARI maitekorra al da Jehoba? Inporta al zaizkio bere zerbitzariak? Bai, noski! Hori da Jehobak Oseas liburuaren bitartez irakasten diguna. Liburu horrek bere ezaugarri bati buruz hitz egiten digu: errukiari buruz. Bekatu egin dutenek damututa daudela erakutsi aurretik ere, Jehoba horiei errukia erakusteko prest dago. Ideia hori ulertzen laguntzeko, Jehobak Oseasi bere emazte desleiala maitatzeko eskatu zion. Adibide nabarmen hori erabili zuen berak modu berean maitatzen duela erakusteko (3:1). Jehobaren herria errebeldea izan arren, argi dago bere «borondatez maitatu» zituela (14:1-4).

2. Zer gehiago irakasten digu Oseas liburuak Jehobari buruz?

2 Oseas liburuaren bitartez, Jehobaren beste ezaugarri batzuk ere agerian geratzen dira; esaterako, bere leialtasuna eta pazientzia (2:19, 20). Nahiz eta israeldarrek behin eta berriz Jehoba abandonatu eta jainko faltsuak adoratu, berak «maitasunaren sokekin» erakarri zituen beti (11:1-4). Hala ere, Jehobaren pazientziak mugak ditu. Horregatik, bera desobeditzen jarraitzen dutenak zigortu egiten ditu (10:9-12). Horretaz gain, Jehobak hipokrisia gorroto duenez, bere zerbitzariek bera motibazio egokiarekin adoratzea nahi du, hau da, maitasun leialak bultzatuta (6:4, 6; 10:1, 2).

Jehobaren aurka bekatu egin dutenek damututa daudela erakutsi aurretik ere, Jainkoa horiei errukia erakusteko prest dago

3. Zer ikasgai garrantzitsu aurkitu dezakegu Oseas liburuan?

3 Oseas liburuan ikasgai garrantzitsu bat aurkitzen dugu: «Jehobaren bideak» jarraitzen baditugu, beti ondo joango zaigu (14:9). Israeldarrek a beraien konfiantza beste herrialde eta jainkoengan jarri zuten, horrela hobeto biziko zirela pentsatuz (7:11; 9:10; 12:1). Baina nazio horiek traizionatu egingo zituzten, eta jainko faltsuek ezin izango zituzten lagundu (8:8, 9; 10:5). Jehobak, berriz, beti zaindu zuen bere herria, eta obeditzen bazioten, bedeinkatuko zituela promestu zien (2:8, 18).

4. Zer informazio baliotsu du Oseas liburuak kristauontzat?

4 Oseas liburuak kristauontzako baliotsua den informazioa du. Adibidez, bete ziren profeziak agertzen dira bertan. Gainera, Idazki Greko Kristauetan, Jesusek eta apostoluek Oseas liburutik aipamenak egin zituztela irakurri dezakegu (ikusi  28-A taula). Adibidez, Jehobak hurrengoa aurresan zuen Mesiasi buruz: «Nire semeari Egiptotik ateratzeko deitu nion» (11:1). Profezia hori Jesusen gurasoek haurra hartuta Egiptora ihes egin zutenean eta Herodesen heriotzaren ondoren Israelera bueltatu zirenean bete zen (Mt 2:14, 15). Paulo apostoluak ere, Oseas liburuan agertzen diren profezia batzuen esanahia azaltzean, israeldarrak ez ziren batzuek Jehoba zerbitzatuko zutela eta «Jainko biziaren seme-alaba» izango zirela esan zuen (1:10; 2:23). Pertsona horiek Kristorekin batera agintzeko aukeratuak izango ziren (Erm 9:25, 26; konparatu 1Pe 2:9, 10).

Irakurri aurretik jakin beharrekoa

5. Zer dakigu Oseas profetari buruz?

5 Idazlea: Oseas izena Hoxaia izenaren laburdura da, hebreeraz «Jah-k salbatua» edo «Jah-k salbatu du» esan nahi duena. Israelgo erreinuan izan zen profeta, nahiz eta bere profezia batzuk Judako erreinuarentzat izan (1:1). Gutxienez K.a. 804. urtetik K.a. 745. urte ondorenera arte izan zen profeta. Beraz, eginkizun hori 59 urtez edo gehiagoz izan zuen. K.a. 745. eta 740. urteen bitartean bukatu zuen seguruenik bere izena daraman liburua idazten. b Amos eta Oded Israelen profetak izan ziren garai berdinean izan zen profeta, baita Isaiasek eta Mikeasek Judan profetizatu zuten garai berdinean ere (2Kr 28:9).

6. Zein zen Israelgo egoera Oseasen garaian?

6 Testuingurua: Oseas hamarkadatan zehar leiala izan zen, Israelgo egoera espirituala eta politikoa oso txarra izan arren. Profeta lanak hasi zituenean, Jeroboam II.a errege maltzurrak agintzen zuen Israelen. Nahiz eta gaiztoa izan, berari esker gerra asko irabazi zituzten eta nazioa aberatsa zen (2Er 14:24-28). Hala ere, israeldarrek Jehoba guztiz baztertuta zuten. Lortutako guztiaren meritua Baali ematen zioten. Jainko horri emandako adorazio faltsuaren parte bezala, mozkortu eta tenpluko prostitutekin sexu harremanak izaten zituzten (4:11-13). Jeroboam hil ondoren Israelen ezegonkortasun politikoa zegoenez, konspirazio eta hilketa asko egon ziren (2Er 15:8-20). Hurrengo erregeek Egipto eta Asiriarekin aliantzak sortu nahi izan zituzten, baina errege horietako batek ere ez zuen Jehobarengan konfiantzarik izan.

7. Zer esan zien Jehobak israeldarrei Oseasen bitartez?

7 Oseasen bitartez, Jehobak israeldarrei beraiek kondenatzeko arrazoiak zituela azaldu zien. Egiten ari ziren gauza txar guztiak aipatu eta sufrituko zituzten ondorioak ere deskribatu zizkien (4:1, 2, 9). Hala ere, errukiorra dela eta barkatzeko prest dagoela ere gogorarazi zien. Asiriari Samaria konkistatzea baimendu aurretik, hau izan zen Jehobak israeldarrei aldatzeko erregutu zien azken aldia.

8. Zer esan dezakegu Oseasen idazteko moduari buruz?

8 Beste detaile batzuk: Oseas liburuaren zatirik handiena poema moduan idatzita dago. Jendeari gauzak gaizki egiten ari zela jakinarazteko, liburuan hitz gogorrak erabiltzen dira. Baina Jehobarengana bueltatzera gonbidatzeko, hitz goxoak ere erabiltzen dira (10:1; 14:1, 2). Gainera, Oseasek konparaketa deigarri asko jarri zituen (4:16; 5:13, 14; 6:3, 4).

Laburpena

9. Zer egiteko eskatu zion Jehobak Oseasi, eta zer erakusten digu horrek Jehobaren errukiari buruz?

9 Jehobak Oseas eta bere emazte desleiala erabili zituen Israeli izango zion errukia erakusteko (1:1-3:5). Jehobak Oseasi «prostituzioan» ibiliko zen emakume batekin ezkontzeko eskatu zion (1:2). Beraz, Oseas Gomerrekin ezkondu zen eta elkarrekin seme bat izan zuten. Hala ere, Gomerrek izandako hurrengo bi haurrak ez zituen Oseasekin eduki. c Hiru haurren izenen esanahiek, Jehobak Israel epaitu eta baztertu egingo zuela erakusten zuten. 2. kapituluan adierazten den bezala, Jehobak honakoa aurresan zuen: Israel zigortu ondoren, nazioari barkatu eta berarengana bueltatzen lagunduko ziola. Israeldarrei barkatzeko prest zegoela erakusteko, Jehobak Oseasi adulterio egin zuen bere emaztearekin —Gomerrekin— bueltatzeko eskatu zion (3:1).

10, 11. Zer egin zuten israeldarrek Jehoba haserrearazteko?

10 Epai profetikoak (4:1-13:16). Jehobak israeldarrekin haserre egoteko arrazoi asko zituela esan zion Oseasek nazioari (4:1, 2). Judutarrek egin zituzten gauza txarrei buruz ere hitz egin zuen (5:5). Horregatik, israeldarrak Jehobarengana bueltatzera animatu zituen (6:1). Baina beraiek beste nazioen laguntza bilatu zuten (7:11). Hori dela eta, ondorioak jasan beharko zituzten (8:7-10). Jehobak Israel epaitu eta baztertu egingo zuen (9:17; 10:15).

11 Beste behin, Jehobak israeldarrei urte guzti horietan zenbat maite izan zituen gogorarazi zien (11:1-3). Hala ere, nazioak ez zion maitasun horri modu berean erantzun (11:7; 12:1). Jehobaren aurka behin eta berriz errebelatzearen errudun ziren. Ondorioz, beraien hiriburua —Samaria— suntsitua izango zen (13:16).

12. Nola jokatuko zuen Jehobak berarengana bueltatzen zirenekin?

12 Jehobak israeldarrei berarengana bueltatzeko erregutu zien (14:1-9). Jehobak bere zerbitzariei berarengana itzultzeko eskatu zien. Hori egiten bazuten, errukia eta maitasuna erakutsiko ziela promestu zien.

Nola lagundu ahal dizu Oseas liburuak?

  1. 1. HURBILDU JEHOBARENGANA

    1. a. Zer irakasten dizu Oseas 2:13, 14, 19, 20 aipuak Jehobari buruz?

    2. b. Nola erakusten du Jehobak bere herria maite duela? (11:1-4).

  2. 2. SAKONDU

    1. a. Oseasen aurretik, zenbat profeta bidali zituen Jehobak hamar tribuen erreinura? (Os 12:10; 1Er 17:1; 2Er 17:13; Am 7:14, 15; nwt A6 eranskina). Zer irakasten dizu horrek Jehobari buruz?

    2. b. Nola bete ziren Oseas 1:7 aipuko hitzak? (2Er 19:32-35).

  3. 3. PRAKTIKAN JARRI

    1. a. Zer gustatzen zaio bereziki Jehobari? (6:6).

    2. b. Jehobak israeldarrak ez zirenak ere bere herrian onartuko zituela aurresan zuen Oseasek (2:23). Predikazioan, nola erakutsi dezakegu Jehobak pertsona guztiei dien maitasun berdina?

  4. 4. ZER GEHIAGO IKASI DUZU OSEAS LIBURUAN?

a Oseas liburuak, Israelgo hamar tribuen erreinuari buruz hitz egiteko, askotan Efraim —erreinuko triburik nabarmenena— deitzen dio, baita Samaria —erreinuaren hiriburua—ere.

b Oseasek Ezekias erregea —K.a. 745. urtean agintzen hasi zena— aipatu zuen, eta Samaria suntsitua izango zela —K.a. 740. urtean gertatu zena— profetizatu zuen. Hala ere, Oseasek ez zuen Samaria suntsitua izan zela erregistratu. Horregatik, seguruenik bere liburua hiri hura suntsitua izan aurretik amaitu zuen idazten (1:1; 13:16).

c Oseasek ez zuen esan haur horien aita zenik. Beraz, badirudi haurrak Gomerrekin adulterio egin zuten gizonenak zirela (1:3, 6, 8).