27. BIBLIA LIBURUA
Daniel
EDUKIA: Danielek idatzitako profeziak eta Babilonian izandako bizipenak
BIBLIAREN GAI NAGUSIAREKIN DUEN LOTURA: Mesias noiz agertuko zen eta Jehobak bere Erreinua zeruan noiz ezarriko zuen azaltzen du
IDAZLEA: Daniel
NON IDATZI ZEN: Babilonian
NOIZ AMAITU ZEN: K.a. 536. urte inguruan
DENBORA TARTEA: 82 urte inguru (K.a. 618. urtetik 536. urte ingurura arte)
Zergatik da garrantzitsua?
1. Noiz aukeratu zuen Jehobak Daniel profeta izateko?
JEHOBAK Danieli profeta lanak eman zizkionean, Jainkoaren herriak une latzak bizi zituen. Alde batetik, Judako erregea Babilonian preso zegoen. Bestetik, Jerusalem eta Jehobaren tenplua suntsituta zeuden. Gainera, juduak desterratuta zeuden Babilonian. Garai hartan, Jehobak Danieli liburu hau idazteko eskatu zion. Bertan bere subiranotasunari buruzko detaile batzuk erregistratzeko ere esan zion (2:20; 6:26).
Jehobak, Agintari Gorenak, sekretuak azaldu, eta bere zerbitzariak salbatu eta saritzen ditu
2. a) Zer detaile irakasten ditu Daniel liburuak Erreinuari buruz? b) Eta Mesiasi buruz?
2 Liburu honek Jainkoaren aginteari buruzko gauza asko irakasten dizkigu. Jehobak Danieli zeruan errege izateko Mesias aukeratu zuela esan zion. Gainera, bere Erreinuak egingo duena, haren menpe nortzuk egongo diren eta Mesiasekin batera zeintzuk aginduko duten ere azaldu zion (2:35, 44; 7:13, 14, 18). Horretaz gain, Mesias noiz agertuko zen, noiz hilko zuten eta zeruan agintzen noiz hasiko zen jakinarazi zion. Adibidez, profezia batean Jehobak «70 aste» iraungo zituen denbora tarte bat egongo zela kontatu zion. Denboraldi horren amaieran, Mesias agertuko zen eta gero hil egingo zuten. Ondoren, Jerusalem suntsitua izango zen (9:24-26; ikusi 27-A taula). Beranduago, Nehemiasek denboraldi horri hasiera eman zion gertakaria aipatu zuen (Neh 2:1, 5-8). Beste profezia batean, Danielek Mesias «zazpi denbora» deituriko denboraldi baten ondoren agintzen hasiko zela idatzi zuen (4:16, 17; ikusi 27-C taula). Jesusek ere denbora tarte horretaz hitz egin zuen eta «nazioen finkatutako garaia» deitu zion. Garai hori bukatzean agintzen hasiko zela esan zuen (Lk 21:20-24; Mt 24:1-3, 15).
3. Zer erakusten du Daniel liburuak giza gobernuei buruz?
3 Jehobak Danieli etorkizunean giza gobernu boteretsuak egongo zirela esan zion, baita gobernu bakoitzaren hurrengoa zein izango zen ere. Daniel 2, 7, 8 eta 10-12 kapituluetan, Babiloniaren ondoren azkena etorriko zen garaia arte aginduko zuten gobernuak zeintzuk izango ziren irakurri dezakegu (12:4; ikusi nwt B9 eranskina). Jehobak gobernu horiek ez ziotela errespeturik izango eta bere herria pertsegituko zutela aurresan zuen, baina azkenik, bere Erreinuak suntsitu egingo zituela ere esan zuen (7:23-26). Bestalde, liburu honetan aipatzen diren basapiztien ikuskariek Apokalipsia liburuko basapiztiak ere botere politikoak direla ulertzen laguntzen digute (Dn 7:15-17; Ap 13:1, 2; 17:3).
4. Zer irakaspen garrantzitsu atera ditzakegu Danielen bizipenetatik?
4 Jehobak guk irakaspen garrantzitsuak ikastea nahi zuenez, Danieli bere bizitzan gertatutako zenbait bizipen idazteko eskatu zion. Alde batetik, integritateari buruz ikasten dugu, Daniel eta bere lagunek Jainkoaren legeak ez desobeditzeko determinazioa izan zutela irakurtzen dugunean (1:8; 3:16-18; 6:10). Bestetik, apaltasunari buruz ikasten dugu, Danielek, bere buruarengan konfiantza izan beharrean, otoitzaren bidez etengabe Jehobari laguntza eskatu ziola irakurtzen dugunean (2:19-23; 9:3-19). Gainera, ausardiari buruz ikasten dugu, Danielek Jehobaren epai mezuak erregeei jakinarazi zizkiela eta otoitz egiteari ez uzteagatik lehoien zulora bota zutela irakurtzen dugunean (4:27; 5:22, 23; 6:6-10, 16, 17).
5. Zer irakasten digu Jehobak bere izaerari buruz Daniel liburuaren bitartez?
5 Daniel liburuaren bitartez, Jehobak bere izaera nolakoa den erakusten digu. Adibidez, bere zerbitzariei eskuzabaltasunez agertzen die sekretuen esanahia. Izan ere, bere herriari etorkizunean gertatuko dena kontatzen dio (2:47). Era berean, bere zerbitzari leialen Salbatzailea da. Iraganean, horietako batzuk hilzorian egon zirenean salbatu egin zituen, eta etorkizunean guztiekin egingo du gauza bera berpizkundearen bitartez (6:27; 12:13). Gainera, berari leialak direnak saritzen ditu, bere nahia ulertzen lagunduz eta irauteko indarra emanez (1:17; 10:19). Eta garrantzitsuagoa dena, Jehobak Agintari Gorena dela frogatzen du. Danielen liburuan bakarrik erabiltzen da «giza erreinuen agintaria» esamoldea Jehoba deskribatzeko (4:17). a
Irakurri aurretik jakin beharrekoa
6. Zer dakigu Daniel profetari buruz?
6 Idazlea: Daniel Judaren tribukoa zen, eta bere izenak «Jainkoa nire epailea da» esan nahi du. Baliteke juduen erregeren baten ondorengoetako bat izatea. K.a. 617. urtean, beharbada nerabea zenean, Babiloniara gatibu eraman zuten (1:1-3, 6). Ondoren, Babiloniako erregearen jauregian zerbitzatu zuen, eta beranduago Media eta Persiako gobernuaren funtzionario bat izan zen (1:4; 6:1, 2). Ezekielek idatzi zuen bezala, Danielek jakinduria handia eta izen ona lortu zituen (Eze 14:14, 20; 28:3; Dn 1:17-20). K.a. 606. urtean profeta lanak hasi zituen (2:1, 19). Eta K.a. 536. urtean bere azken ikuskaria jaso zuen (10:1). Dirudienez, Daniel 100 urte inguru bizi izan zen, eta ia bere bizitza osoa Babilonian pasa zuen. 78 urte babiloniarren agindupean egon zen, eta gutxienez hiru urte mediarren eta persiarren menpe. K.a. 536. urterako bere izena daraman liburua idazten bukatu zuen, nahiz eta zati batzuk data horren aurretik idatzita eduki (7:1; ikusi 27-B taula).
7. Zer jakin behar dugu Daniel liburua hobeto ulertzeko?
7 Testuingurua: K.a. 620. urtean, Babiloniako erregeak Judan bizi zirenei zergak jarri zizkien. Ez zituenez ordaindu nahi, Juda errebelatu egin zen. Orduan, Babiloniako errege Nabukodonosorrek Jerusalem inguratu zuen, eta K.a. 617. urtean hiria konkistatu zuen (2Er 24:1, 10-12). Ondorioz, erregearen familiako kide batzuk eta herrialdeko gizon garrantzitsuak, horien artean Daniel, Babiloniara eraman zituzten gatibu (2Er 24:15). K.a. 607. urtean, babiloniarrek Jerusalem suntsitu eta beste judu asko eraman zituzten Babiloniara. K.a. 539. urtean, mediarrek eta persiarrek Babilonia konkistatu zuten Ziro Handiak gidatuta. Gero, Zorobabel Judako gobernari egin zuten, eta berak israeldar talde bat Judara eraman zuen bueltan. Garai hartan, Daniel oraindik bizirik zegoen (Esd 1:1-8; 2:1, 2; Ag 1:1).
8. Nola dago antolatuta Daniel liburua, eta zein bi hizkuntzatan idatzi zen?
8 Beste detaile batzuk: Danielen liburua bi zatitan banatu daiteke. 1-6 kapituluek Daniel eta bere lagunen bizipenak erregistratzen dituzte, baita Babiloniako erregeei emandako mezu profetikoak ere. Gertakari guzti horiek ordena kronologikoan idatzi ziren. 7-12 kapituluek Danielek jaso zituen ikuskariak erregistratzen dituzte. Zer hizkuntzatan idatzi zuen Danielek bere liburua? Lehenengo kapitulua hebreeraz idatzi zuen. 2-7 kapituluen zatirik handiena, etorkizunean agintariei gertatuko zitzaiena deskribatzen zuena, aramearrez idatzi zuen (2:4b–7:28). 8-12 kapituluak, Jainkoaren herriari agintari horien menpe egotean gertatuko zitzaiona kontatzen zutenak, hebreeraz idatzi zituen.
Laburpena
9. Zer gertatu zitzaien Daniel eta bere lagunei Babiloniara iristean?
9 Babilonian jasotako trebakuntza (1:1-21). K.a. 617. urtean Daniel, Hananias, Mixael eta Azarias b Babiloniara iritsi eta erregearentzat lan egiteko trebakuntza jaso zuten. Erregeak jaten zuena eskaini zitzaienean, ez zuten hori jan nahi izan Jainkoaren Legea obeditzeko. Horregatik, Jehobak bedeinkatu egin zituen eta beste inork ez zuen jakinduria eman zien (1:20).
10. Zer gertatu zen Jerusalem suntsitua izan eta urtebete ingurura?
10 Irudi erraldoia (2:1-49). K.a. 606. urte inguruan, Nabukodonosorrek amets beldurgarri bat izan zuen. Orduan, Babiloniako gizon jakintsu guztiei zer amestu zuen kontatzeko eta horren esanahia azaltzeko agindu zien. Hori egiten ez bazuten, hil egingo zituela esan zien. Danielek irudi erraldoi bat ikusi zuela jakinarazi eta horren esanahia azaldu zion. Ondorioz, Nabukodonosorrek Jehoba «sekretuak azaltzen dituen Jainkoa» dela aitortu zuen. Gainera, Daniel Babiloniako probintziaren agintari izendatu zuen, eta Hananias, Mixael eta Azarias administratzaile egin zituen.
11. Nola erakutsi zuten hiru hebrearrek leialak zirela, eta nola bedeinkatu zituen Jehobak?
11 Suzko labea (3:1-30). K.a. 606. urtean edo pixka bat beranduago, Nabukodonosorrek ospakizun bat antolatu zuen bere omenez egindako urrezko estatua erraldoia zela eta. Hananias, Mixael eta Azarias irudiaren aurrean ahuspeztu ez zirenez, Nabukodonosorrek hirurak suzko labera botatzeko agindua eman zuen. Hala ere, Jehobak aingeru baten bitartez babestu zituen. Ondorioz, Nabukodonosorrek Jehoba goraipatu zuen eta inperioko judu guztiek Jehoba askatasunez adoratu ahal izango zutela erabaki zuen. Gainera, hiru hebrearrei postu hobeago bat eman zien Babiloniako gobernuan.
12. Zer agertzen da Daniel liburuko 4. kapituluan?
12 Zuhaitz erraldoia (4:1-37). Kapitulu honetan, Nabukodonosorrek seguruenik K.a. 600. urtea eta gero idatzi zuen gutun baten kopia agertzen da. Gutunean, berak izandako amets bati buruz hitz egin zuen. Amets horretan, norbaitek zuhaitz handi bat moztu, enborraren oinarria lotu eta «zazpi denbora» pasa arte horrela uzten du. Gainera, gutun horretan Danielek ametsaren inguruan emandako azalpena agertzen da (4:25; ikusi 27-C taula). Nola bete zen ametsa? Nabukodonosorrek burua eta agintzeko gaitasuna galdu zituen. Baina denborarekin, bere onera bueltatu zen. Orduan, Jehoba betirako aginduko duen Jainko Gorena dela onartu zuen.
13. Zein profezia bete zen K.a. 539. urtean?
13 Paretan idatzitako mezua (5:1-31). K.a. 539. urteko urriaren 5ean, Babiloniako errege Belxasarrek esku bat ikusi zuen paretan mezu misteriotsu bat idazten. Ondorioz, Danieli etortzeko esan, eta mezua irakurtzeko eta esanahia interpretatzeko eskatu zion. Ordurako, Danielek seguruenik 90 urte baino gehiago izango zituen. Berak Babilonia mediarren eta persiarren inperioaren eskuetan eroriko zela azaldu zion. Gau hartan bertan, Belxasar hil zuten, Babilonia konkistatua izan zen eta Dario mediarra errege bihurtu zen (5:30, 31).
14. Zer gertatu zitzaion Danieli zahartzaroan?
14 Lehoien zuloa (6:1-28). Babilonia konkistatua izan eta gutxira, Dario erregeak gobernuko postu garrantzitsu bat eman zion Danieli. Ofizial batzuk oso jeloskor zeuden. Horregatik, Jehobari otoitz egiten ziola aitzakiatzat hartuz, bera hiltzeko planak egin zituzten. Azkenean, lehoien zulora bota zuten. Baina Jehobak Daniel erreskatatu zuen, eta Dariok inperio osoari Jehoba sakonki errespetatzeko agindu zion.
15. Lau piztiei buruzko Danielen ikuskarian, zer egin zuen Jehobak adar txikiarekin eta zer eman zion herri santuari?
15 Lau piztiak (7:1-28). K.a. 553. urtean, Danielek 80 urte inguru zituenean, lau erreinu edo gobernu irudikatzen zituzten lau piztia agertu zitzaizkion ikuskari batean. Laugarrenak hamar adar zituen, eta adar horien artetik ateratako adar txiki batek horietako hiru ordezkatu zituen (7:8). Danielek gizonaren seme baten antzeko norbait betiko agintea jasotzen ikusi zuen (7:13, 14). Adar txikiak hiru denboraldi eta erdiz pertsegitu zituen «santuak» (7:21, 25). Gero, Jehobak adar horri agintea kendu ziola, piztia suntsitua izan zela eta «Gorenaren santuek osatzen duten herriari» betiko agintea eman zitzaiola ikusi zuen (7:26, 27).
16. Deskribatu Daniel 8. kapituluko ikuskaria.
16 Aharia eta akerra (8:1-27). K.a. 551. urtean, Zirok Media eta Persiako Inperioa elkartu baino urtebete lehenago, Danielek beste ikuskari bat izan zuen. Bertan, adar handi bat zeukan aker batek bi adar zituen ahari bat hiltzen zuela ikusi zuen. Akerrak Grezia irudikatzen zuen, eta ahariak Media eta Persiako erregeak. Akerraren adarra puskatu egin zen eta haren lekuan lau adar irten ziren. Horietako batetik beste adar txiki bat sortu zen, errege krudel bat izatera iritsiko zena. Azken egunetan, errege hori harropuztu egingo zen eta santutegia behera botako zuen. 2.300 egun beranduago, santutegia sagaratua izango zen berriro. Eta bukatzeko, errege krudela suntsitua izango zen «gizakiak parte hartu gabe» (8:25).
17. Danielek Jehobari otoitz egin ondoren, zeri buruz hitz egin zion Gabriel aingeruak?
17 70 urteak eta 70 asteak (9:1-27). Jerusalem 70 urtez utzia izango zela esaten zuen profezia agian K.a. 539. urtean ulertu zuen Danielek. 70 urte horiek bukatzen ari zirela ere konturatu zen. Danielek profezia hori ulertu eta denbora batera, Zirok juduei Jerusalemera bueltatzen utzi zien (2Kr 36:23; Esd 1:1-11; 2:64). c Orduan, Jehobari tenplura adorazio garbia bueltatzeko eskatu zion. Gero, Gabriel aingerua agertu zitzaion Danieli eta «70 aste» iraungo zituen denboraldi bati buruz hitz egin zion; aste bakoitzak 7 urte iraungo zituela esan zion (9:24). Profezia horrek gertakari asko azaltzen zituen: bekatua espiatua edo garbitua izango zela, Jerusalem berreraikiko zutela, Mesias agertu eta hil egingo zutela, «hiria eta toki santua» suntsituak izango zirela, itunak 70. astearen bukaera arte iraungo zuela, eta aste horren erdian Mesiasek sakrifizioen amaiera eragingo zuen (9:26).
18. Zein izan zen Danielek jaso zuen azken ikuskaria?
18 Aurkariak izango ziren erregeak (10:1-12:13). K.a. 536. urtean, Danielek 100 urte inguru zituenean, azken ikuskari bat jaso zuen, «egunen azken zatian» izango ziren gertakariei buruzkoa (10:14). Ikuskari horren arabera, Persiako erregeak «Greziako erreinuaren kontra» ahal zuen guztia egingo zuen. Gero, errege ausart bat zuen erreinua lau zatitan banatuko zen (11:2-4). Denborarekin, iparraldeko eta hegoaldeko erregeek elkarren aurka borroka egingo zuten boterea lortzeko. Garai hartan, iparraldeko erregeak Jainkoaren santutegia profanatu, etengabeko sakrifizioa kendu eta «gauza nazkagarri eta suntsitzailea» ezarriko zuen (11:29-31). Azken egunetan, erregeen artean tirabirak sortuko ziren. Beranduago, iparraldeko erregeak «Lurralde Ederra» inbadituko zuen (11:40-45). Larrialdi garaian, Mikel Jainkoaren herri santua babesteko agertuko zen. Aingeru batek honakoa galdetu zuen: «Zenbat denbora pasa behar du gauza zoragarri hauen azkena iritsi arte?». Beste aingeru batek hiru denbora eta erdiko garaia aipatu zuen. Beranduago, beste bi garai aipatu zituen: 1.290 egun eta 1.335 egun. Danieli atseden hartuko zuela eta «azkena etorriko den garaian» altxatu egingo zela ere esan zion (12:6, 7, 11-13). Ikuskari hori izan eta gutxira, Danielek bere izena daraman liburua idazten amaitu zuen.
Nola lagundu ahal dizu Daniel liburuak?
-
1. HURBILDU JEHOBARENGANA
-
a. Danielen bizitza osoan zehar, nola erakutsi zion Jehobak maite zuela? (1:9, 17; 2:23; 6:22; 9:4). Zer irakasten dizu horrek Jehobari buruz?
-
b. Daniel liburuan Jainkoaren izena 19 aldiz agertzen da, eta Daniel 9:4-19 pasarteko otoitzean agertzen dira horietako 14. Beraz, gure otoitzetan, zer izan beharko litzateke gauzarik garrantzitsuena, eta zergatik? (Mt 6:9).
-
-
2. SAKONDU
-
a. Zer irakasten digu Daniel 7:13, 14, 18 aipuak Jainkoaren Erreinuari eta Jehobak etorkizunerako duen helburuari buruz? (Ap 1:6; 14:1).
-
b. Nola laguntzen dizu Daniel 9:24-27 pasarteak Mesias etorriko zen urte zehatza jakiten? (Ikusi 27-A taula). Zer beste gertakari aurresan zituen profezia horrek, eta noiz bete ziren?
-
-
3. PRAKTIKAN JARRI
-
a. Daniel eta bere lagunak erregearen jauregian zeudenean, gurasoengandik urruti, zer gauza saihestu behar izan zituzten? (1:3-8). Gurasook, zer ikasi dezakezue pasarte horretatik?
-
b. Daniel Jehoba «etengabe zerbitzatzen» jarraitzeagatik zen ezaguna (6:16, 20). Gaztarotik zahartzaroraino, Jehoba leialki zerbitzatu zuen. Zer ikasi dezakezu bere eredutik? (Eze 14:14; Dn 10:11, 19; ikusi 27-B taula).
-
-
4. ZER GEHIAGO IKASI DUZU DANIEL LIBURUAN?
a Daniel liburuak Idazki Hebrearretako beste liburuetan agertzen ez diren detaileak ditu, adibidez, aingeru batzuen izenak. Horretaz gain, sistema honen amaierari buruz hitz egiten du (8:17; 9:21; 12:1).
b Babilonian, Danielen lagunek hurrengo izenak jaso zituzten: Xadrak, Mexak eta Abednego. Danieli Beltxasar izena jarri zioten (1:6, 7).
c Zirok K.a. 537. urtean askatu zituen juduak. Zazpigarren hilabetearen —tixri hilabetea, irailaren erdialdetik urriaren erdialdera— lehen egunean aldarea eraiki zuten Jerusalemen. Hori gertatu zenean, Juda eta Jerusalemeko lurraldea «utzia» egongo zela esaten zuen profezia bete zen, justu 70 urte pasa zirenean. Beraz, seguruenik Zirok udaberrian —apirila inguruan— askatuko zituen (2Kr 36:20-23; 2Er 25:22-26; Esd 3:1, 2).

