Esdras 1:1-11

  • Tenplua berreraikitzeko Ziro erregearen dekretua (1-4)

  • Babiloniako desterratuen itzulerarako prestaketak (5-11)

1  Persiako Ziro erregearen lehen urtean, Jehobak eraginda*, Persiako Ziro erregeak bere erreinu osoan zehar dekretu bat zabaldu zuen, Jehobak Jeremiasen bitartez esan zuena bete zedin. Gainera, dekretu hori idatzi egin zuen, eta honakoa zioen: 2  «Hau da Persiako Ziro erregeak dioena: “Jehobak, zeruko Jainkoak, lurreko erreinu guztiak eman dizkit, eta Judako Jerusalemen berarentzako etxe bat eraikitzeko agindu dit. 3  Zeuen artean bere herriaren parte den norbait badago, egon dadila bere Jainkoa berarekin eta igo dadila Judako Jerusalemera, eta Jehobaren, Israelgo Jainkoaren, etxea berreraiki dezala. Bera da benetako Jainkoa; bere etxea Jerusalemen zegoen*. 4  Atzerritar bezala bizi denak, non bizi den axola gabe, jaso dezala bere bizilagunen* laguntza. Eman diezaiotela urrea eta zilarra, baita ondasunak eta abereak ere, eta horretaz gain, benetako Jainkoaren etxerako —Jerusalemen zegoen etxerako— egin nahi dituzten eskaintza boluntarioak”». 5  Orduan, Juda eta Benjaminen familietako buruak, apaizak eta lebitarrak —bai, benetako Jainkoak Jerusalemera igotzera eta bertan zegoen Jehobaren etxea berreraikitzera motibatu* zituen guztiak— hara joateko prestatu ziren. 6  Eta bizilagunek lagundu egin zieten* urrezko eta zilarrezko objektuak, ondasunak, abereak, gauza baliotsuak eta eskaintza boluntarioak emanez. 7  Gainera, Ziro erregeak Jehobaren etxeko tresnak itzultzeko agindu zuen, hain zuzen ere, Nabukodonosorrek Jerusalemetik eraman eta bere jainkoaren etxean jarri zituenak. 8  Persiako Ziro erregeak, orduan, eginkizun bat eman zion Mitridates altxorzainari: tresnak handik ateratzea eta Xexbazarrentzat* —Judako buruzagiarentzat— horien inbentarioa egitea. 9  Hauxe izan zen tresnen inbentarioa: urrezko 30 saski, zilarrezko 1.000 saski, ordezko 29 ontzi, 10  urrezko 30 katilu txiki, zilarrezko 410 katilu txiki eta beste 1.000 tresna. 11  Guztira, urrezko eta zilarrezko tresnak 5.400 izan ziren. Hori guztia eraman zuen Xexbazarrek, desterratuak Babiloniatik Jerusalemerantz atera zirenean.

Oharra

Lit. «Ziroren espiritua piztuz».
Edo agian «bera Jerusalemen dago».
Lit. «bizi den tokiko gizonen».
Lit. «espiritua piztu».
Lit. «eskuak indartu zizkieten».
Seguruenik Esd 2:2 eta 3:8an aipatzen den Zorobabel da.