Esdras 4:1-24
4 Juda eta Benjaminen etsaiek, beraz, entzun zuten itzulitako desterratuak Jehobarentzako, Israelgo Jainkoarentzako, tenplu bat eraikitzen ari zirela.
2 Ondorioz, segituan hurbildu ziren Zorobabelengana eta familietako buruengana, eta esan zieten: «Utziguzue zuekin lan egiten. Guk ere zuen Jainkoa adoratzen* dugu, eta berari sakrifizioak egiten aritu gara hona ekarri gintuen Asiriako errege Esar-Hadonen garaitik».
3 Baina Zorobabelek, Jexuak eta Israelgo familietako gainontzeko buruek esan zieten: «Zuek ez duzue eskubiderik gurekin batera gure Jainkoarentzat etxe bat eraikitzeko. Geuk bakarrik eraikiko diogu etxea Jehobari, Israelgo Jainkoari, Persiako Ziro erregeak agindu digun bezala».
4 Orduan, inguruko herrietako pertsonak denbora guztian juduak desanimatzen* aritu ziren, eta beldurra sartzen zieten lana utzi zezaten.
5 Aholkulariak ere kontratatu zituzten juduen planek porrot egin zezaten. Persiako Ziroren erregealdi guztian zehar egin zuten hori, Persiako Darioren erregealdira arte.
6 Asueroren erregealdiaren hasieran, Judako eta Jerusalemeko biztanleen aurka akusazio bat idatzi zuten.
7 Eta, Persiako Artaxerxes erregearen garaian, Bixlam, Mitridates, Tabeel eta bere gainontzeko kideek Artaxerxes erregeari idatzi zioten. Gutuna arameerara itzuli zuten, aramear hizkiz idatziz*.
8 * Rehumek —gobernuko funtzionario nagusiak— eta Ximxai eskribak Jerusalemen aurkako gutun bat idatzi zioten Artaxerxes erregeari.
9 (Hauek izan ziren gutuna idatzi zutenak: Rehum —gobernuko funtzionario nagusia—, Ximxai eskriba eta beraien gainontzeko kideak, epaileak eta maila baxuagoko gobernariak, idazkariak, Erekeko herria, babiloniarrak, Susako biztanleak, hau da, elamdarrak,
10 eta Samarian bizi ziren gainontzeko nazioetako pertsonak —Asnapar handi eta ospetsuak gatibu hartu eta Samariako hirietan ezarri zituenak— eta Eufrates ibaiaren mendebaldeko* lurraldean bizi zen gainontzeko jendea.)
11 Hau da bidali zioten gutunaren kopia:
«Artaxerxes erregeari, zure zerbitzarien partetik, Eufrates ibaiaren mendebaldeko lurraldeko gizonen partetik:
12 Jakin dezala erregeak zugandik gugana etorri diren juduak Jerusalemera iritsi direla. Hiri errebelde eta gaiztoa berriro eraikitzen ari dira, baita harresiak amaitzen eta zimenduak konpontzen ere.
13 Era berean, jakin dezala erregeak hiri hau berriro eraikitzen badute eta harresiak amaitzen badituzte, ez dutela zergarik, tributurik edota bidesaririk ordainduko; horrek erregeen altxortegiei kalte egingo die.
14 Gure soldata jauregitik dator* eta, erregearen interesak kaltetuak izango direnez, ez zaigu ondo iruditzen ezer ez egitea. Horregatik bidaltzen diogu gutun hau erregeari,
15 ikerketa bat egin dadin zure aurretik agindu zuten erregeen* erregistro liburuan. Erregistro liburuan hau aurkituko duzu: hiri hau hiri errebeldea dela, erregeei eta probintziei kalte egiten diela, eta bertan antzinatik matxinadak bultzatu izan direla. Horrexegatik izan zen suntsitua.
16 Erregeari jakinarazten diogu, juduek hiri hau berriro eraikitzen badute eta harresiak amaitzen badituzte, kontrola galduko duzula Eufrates ibaiaren mendebaldeko lurraldean».
17 Erregeak honela erantzun zien Rehumi —gobernuko funtzionario nagusiari—, Ximxai eskribari, Samarian bizi ziren beraien gainontzeko kideei eta Eufrates ibaiaren mendebaldeko lurraldean bizi zen gainontzeko jendeari:
«Goraintziak!
18 Argi eta garbi irakurri* didate bidali diguzuen dokumentu ofiziala.
19 Ikerketa bat egitea agindu dut, eta argi geratu da hiri hori antzinatik erregeen aurka altxatu izan dela eta matxinadak eta erreboltak gertatu izan direla bertan.
20 Horretaz gain, argi geratu da Jerusalemen errege boteretsuak egon zirela eta Eufrates ibaiaren mendebaldeko lurralde osoan agintzen zutela; haiek zergak, tributuak eta bidesariak kobratzen zituzten.
21 Horregatik, agindu honakoa jende horri: bertan behera utzi dezatela obra eta ez dezatela hiri hori berriro eraiki nik agindua eman arte.
22 Ez jokatu arduragabe kontu honetan, erregearen interesak are gehiago kaltetu ez daitezen».
23 Irakurri zieten Artaxerxes erregearen dokumentu ofiziala Rehumi, Ximxai eskribari eta beraien kideei. Haiek, orduan, juduengana ziztu bizian joan ziren Jerusalemera eta indarrez behartu zituzten obrak gelditzera.
24 Momentu hartantxe gelditu zen Jerusalemen zegoen Jainkoaren etxeko obra. Etenda egon zen Persiako Darioren erregealdiko bigarren urtera arte.
Oharra
^ Lit. «bilatzen».
^ Lit. «judutarren eskuak ahultzen».
^ Edo agian «Gutuna arameeraz idatzi zen eta gero itzuli egin zen».
^ Esd 4:8tik 6:18ra arameeraz idatzi zen jatorrizko testuan.
^ Edo «eta Eufrates ibaiaren bestaldeko», «eta Ibaiaren Haratagoko».
^ Lit. «Jauregiko gatza jaten dugu».
^ Lit. «zure arbasoen».
^ Edo agian «Itzuli eta irakurri».

