Esdras 6:1-22

  • Darioren ikerketa eta agindua (1-12)

  • Tenplua bukatu eta inauguratu (13-18)

  • Pazkoaren ospakizuna (19-22)

6  Orduan, Dario erregeak agindu bat eman zuen, eta Babiloniako artxiboetan* —altxorrak gordetzen ziren tokian— ikerketa bat egin zen. 2  Gero, Mediako probintzian, Ekbatanako gotorlekuan, erroilu bat aurkitu zen, eta bertan honako txosten ofiziala zegoen idatzita: 3  «Ziro erregearen lehenengo urtean, Ziro erregeak agindu hau eman zuen Jerusalemeko Jainkoaren etxeari buruz: “Berreraiki dezatela juduek etxea, bertan sakrifizioak eskaini ahal izateko. Zimenduak ere kokatu ditzatela. Etxeak 27 metroko altuera eta 27 metroko zabalera* izango du, 4  harri handizko hiru ilara* izango ditu eta egurrezko ilara bat. Gastuak erregearen etxeak ordainduko ditu. 5  Gainera, itzuli ditzatela Jainkoaren etxeko urrezko eta zilarrezko ontziak, hain zuzen ere, Nabukodonosorrek Jerusalemeko tenplutik hartu eta Babiloniara eraman zituenak. Utzi ditzatela berriro dagokien tokian, Jerusalemeko tenpluan, Jainkoaren etxean”. 6  «Beraz, zuek, Tatenai —Eufrates ibaiaren mendebaldeko lurraldeko gobernaria— eta Xetar-Bozenai eta zuen kideak —Eufrates ibaiaren mendebaldeko lurraldeko maila baxuagoko gobernariak—, ez arduratu gehiago kontu honetaz. 7  Ez oztopatu Jainkoaren etxe horren obra. Juduen gobernariak eta juduen adindunek berreraikiko dute Jainkoaren etxea lehen zegoen toki berean. 8  Are gehiago, juduen adindun horiei laguntzeko eta Jainkoaren etxea berreraikitzeko, honako agindu hau ematen dizuet: obra eten ez dadin eta gastuak ordaindu daitezen, hartu ezazue dirua erregearen altxortegitik —hau da, Eufrates ibaiaren mendebaldeko lurraldeko zergen bilketatik— eta emaiezue segituan gizon horiei. 9  Eta egunero-egunero, hutsik egin gabe, emaiezue Jerusalemen dauden apaizei eskatzen dutena, beharrezkoa duten guztia: zezen gazteak, ahariak eta bildotsak zeruko Jainkoari erre eskaintzak egiteko, baita garia, gatza, ardoa eta olioa ere. 10  Horrela, etengabe, zeruko Jainkoari gustatzen zaizkion eskaintzak aurkeztu ahal izango dizkiote, eta erregearen eta bere semeen biziaren alde egingo diote otoitz beti. 11  Beste hau ere agintzen dut: norbaitek dekretu hau desobeditzen badu, bere etxetik habe bat kendu eta bertan iltzatuko* dute. Eta egindako delituagatik, bere etxea komun publiko* bihurtuko da. 12  Eta errege edo herriren batek agindu hau desobeditu eta Jerusalemen dagoen Jainkoaren etxea suntsitu nahi badu, Jainkoak —bere izena han egotea eragin duenak— suntsitu ditzala. Nik, Dariok, ematen dut agindu hau. Bete dadila segituan». 13  Orduan, Tatenaik —Eufrates ibaiaren mendebaldeko lurraldeko gobernariak— eta Xetar-Bozenaik eta beraien kideek, segituan bete zuten Dario erregeak agindutako guztia. 14  Eta Ageo profetaren eta Zakariasen —Idoren bilobaren— profeziei esker, juduen adindunak asko animatu ziren. Ondorioz, lan egiten jarraitu zuten eta obrak aurrera egin zuen. Beraz, Israelgo Jainkoak agindu bezalaxe, baita Zirok, Dariok eta Persiako Artaxerxes erregeak agindu zuten bezalaxe ere, obra bukatu egin zuten. 15  Etxea adar* hilabetearen hirugarren egunean bukatu zuten, Darioren erregealdiko seigarren urtean. 16  Orduan, israeldarrek, apaizek, lebitarrek eta desterruan egondako gainontzekoek, Jainkoaren etxea poz-pozik inauguratu* zuten. 17  Eta Jainkoaren etxea inauguratzeko honakoa eskaini zuten: 100 zezen, 200 ahari, 400 bildots eta, Israel osoaren bekatuaren eskaintza bezala, 12 aker, Israelgo tribu bakoitzeko bat. 18  Eta Moisesen liburuan idatzita dagoen bezala, apaizak beraien taldeen arabera eta lebitarrak beraien dibisioen arabera antolatu zituzten Jainkoa Jerusalemen zerbitzatzeko. 19  Eta desterrutik itzuli zirenek Pazkoa ospatu zuten lehenengo hilabetearen 14. egunean. 20  Apaiz eta lebitar guztiak, salbuespenik gabe, garbitu egin zirenez, guztiak garbi zeuden. Beraz, Pazko sakrifiziorako animalia hil zuten desterratuak izandako guztien alde, beste apaizen alde eta euren buruen alde. 21  Gero, desterrutik itzulitako israeldarrek sakrifiziotik jan zuten. Lurralde hartako nazioen praktika zikinetatik separatu eta Jehoba, Israelgo Jainkoa, adoratu* nahi zutenak ere, beraiekin elkartu ziren eta sakrifiziotik jan zuten. 22  Legamia Gabeko Ogien Jaia ere poz-pozik ospatu zuten zazpi egunez. Izan ere, Jehobak pozez bete zituen eta Asiriako erregea beraien alde jartzea eragin zuen, benetako Jainkoaren —Israelgo Jainkoaren— etxeko obran laguntza eman zezan*.

Oharra

Lit. «erregistroen etxean».
Lit. «60 ukondoko altuera eta 60 ukondoko zabalera». Ikusi B14 eransk.
Edo «geruza; lerro».
Edo «habean sartuko».
Edo agian «zabortegi; simaurtegi».
Edo «dedikatu; eskaini».
Lit. «bilatu».
Lit. «beraien eskuak indartu zitzan».