Esdras 3:1-13

  • Aldarearen eraikuntza eta sakrifizioen eskaintza (1-6)

  • Tenpluaren berreraikuntzaren hasiera (7-9)

  • Tenpluko zimenduak jarri (10-13)

3  Zazpigarren hilabetea iritsi zenean eta israeldarrak dagoeneko euren hirietan zeudenean, jende guztia helburu berarekin elkartu zen Jerusalemen. 2  Jexua —Jehozadaken semea— eta beste apaizak, baita Zorobabel —Xealtielen semea— eta bere anaiak ere, Israelgo Jainkoaren aldarea eraikitzen hasi ziren. Bertan erre sakrifizioak eskainiko zituzten, Moisesen Legean —benetako Jainkoaren gizonaren Legean— idatzita dagoen bezalaxe. 3  Beraz, nahiz eta inguruko herrietako jendearen beldur izan, lehen zegoen tokian hasi ziren aldarea eraikitzen. Gero, aldarean bertan Jehobari erre sakrifizioak eskaintzen hasi ziren: goizeko eta arratsaldeko erre sakrifizioak. 4  Orduan, Etxolen Jaia* ospatu zuten idatzita dagoen bezalaxe eta, egunero-egunero, zehaztutako erre sakrifizio kopurua eskaintzen zen, egunean egunekoa. 5  Handik aurrera, honako erre eskaintzak aurkezten jarraitu zuten: egunerokoak, ilberrietakoak eta Jehobari eskainitako jai santuetakoak, baita edozein pertsonak Jehobari borondatez eskaini nahi zizkionak ere. 6  Zazpigarren hilabeteko lehenengo egunean hasi ziren Jehobari erre sakrifizioak eskaintzen, nahiz eta Jehobaren tenpluko zimenduak oraindik jarri gabe egon. 7  Orduan, harriak mozten zituztenei eta artisauei dirua eman zieten. Gainera, janaria, edaria eta olioa eman zizkieten sidondarrei eta tiroarrei. Hauek, berriz, jasotakoaren truke, itsasoz Libanotik Jopera zedro egurra eramango zuten Persiako Ziro erregearen baimenarekin. 8  Jerusalemera, benetako Jainkoaren etxera, iritsi eta bi urtera, bigarren hilabetean, Zorobabelek —Xealtielen semeak— eta Jexuak —Jehozadaken semeak— obrak hasi zituzten beraien gainontzeko anaiekin, apaizekin, lebitarrekin eta Jerusalemera itzulitako gatibu guztiekin batera. Eta 20 urtetik gorako lebitarrak izendatu zituzten Jehobaren etxeko eraikuntza lanak gainbegiratzeko. 9  Beraz, Jexua, bere semeak eta bere anaiak, eta Kadmiel eta bere semeak —Judaren familiakoak— benetako Jainkoaren etxean lanean ari zirenak gainbegiratzeko elkartu ziren. Gainera, hauei Henadaden ondorengoak, beraien semeak eta anaiak, lebitarrak ere zirenak, elkartu zitzaizkien. 10  Langileek Jehobaren tenpluko zimenduak jarri zituztenean, apaizak arropa ofizialekin eta tronpetekin, eta lebitarrak —Asafen semeak— zinbalekin, zutik jarri ziren Jehoba goresteko, hain zuzen ere, Israelgo Dabid erregeak emandako instrukzioei jarraituz. 11  Eta Jehoba goretsi zuten eta eskerrak eman zizkioten, txandaka honela kantatuz: «Bera ona baita; Israeli dion maitasun leialak betiko irauten du». Orduan, herri osoak gorespen oihu handiak bota zizkion Jehobari, zeren Jehobaren etxeko zimenduak jarri ziren. 12  Lehengo etxea ezagutu zuten gizon edadetu asko, hau da, apaiz, lebitar eta familietako buru asko, negar oihuka hasi ziren etxe berriaren zimenduak jarri zirela ikusi zutenean. Baina beste asko irrintzika hasi ziren pozaren pozez. 13  Beraz, inor ez zen negar oihuak eta poz oihuak bereizteko gai. Jendearen oihua hain zen ozena, zarata urruti-urrutitik entzuten zela.

Oharra