Esdras 9:1-15
9 Eta gauza horiek gertatu bezain laster, printzeak niregana hurbildu ziren eta esan zidaten: «Israel herria, apaizak eta lebitarrak ez dira banandu inguruko herrietatik eta beraien praktika nazkagarrietatik; ez dira kanaandar, hitita, periztar, jebustar, ammondar, moabtar, egiptoar eta amortarren praktiketatik banandu.
2 Bai beraiek, baita beraien semeak ere, herri horietako emakumeekin ezkondu dira; ondorengotza santua direnak, beraz, inguruko herrietako jendearekin nahastu dira. Printzeak eta ofizialak izan dira desleial jokatu duten lehenak».
3 Hori entzun bezain laster, barruko eta kanpoko jantziak urratu, buruko eta bizarreko ile batzuk indarrez atera eta lur jota eseri nintzen.
4 Orduan, Israelgo Jainkoaren hitzei errespetu handia ziotenak*, desterrutik itzuli zirenen desleialtasuna ikustean, nire inguruan bildu ziren. Ni, bitartean, lur jota egon nintzen eserita arratsaldeko zereal eskaintza arte.
5 Arratsaldeko zereal eskaintza aurkezteko ordua iritsi zenean, nire umiliaziotik altxatu nintzen. Orduan, barruko eta kanpoko jantziak urratuta neuzkala, belaunikatu egin nintzen eta Jehobari, nire Jainkoari, eskuak luzatu nizkion.
6 Eta esan nuen: «O, ene Jainko, hain nago lotsatuta ez naizela begirada zuregana altxatzera ausartzen. O, ene Jainko, gure bekatuak kontaezinak dira eta gure erruak zeruraino pilatu zaizkigu.
7 Gure arbasoen egunetatik gaur arte, handia izan da gure errua. Arrazoi horregatik, bai gu, bai gure erregeak, baita gure apaizak ere, beste nazioetako erregeen esku geratu gara. Ezpataz hil gaituzte, gatibu eraman gaituzte, genuen guztia lapurtu digute, umiliatu egin gaituzte, eta gauza bera gertatzen ari da gaur egun.
8 Baina orain, une batez, Jehoba, gure Jainkoa, ona izan zara gurekin: gutako batzuk desterrutik ihes egitea baimendu duzu eta zure santutegian toki seguru* bat eman diguzu. O, gure Jainko, hori egin nahi izan duzu gure begiek pozez distira egin dezaten eta gure esklabotzan zehar zertxobait indarberritu gaitezen.
9 Zeren, nahiz eta esklabo garen, zuk, gure Jainko, ez gaituzu gure esklabotzan bertan behera utzi, baizik eta maitasun leiala erakutsi diguzu Persiako erregeen aurrean. Horrek indarberritu egin gaitu zure etxea altxatzeko, haren hondakinak berreraikitzeko, eta Judan eta Jerusalemen babesa edukitzeko*.
10 «Baina orain, o gure Jainko, guzti honen ondoren, zer esan dezakegu? Zure aginduak desobeditu ditugu,
11 bai, profetak diren zure zerbitzarien bidez eman zenizkigunak. Zuk esan zenigun: “Jasoko duzuen lurraldea zikina da lurralde hartako jendearen zikinkeriagatik. Beraien praktikak nazkagarriak dira, eta lurra mutur batetik bestera beraien zikinkeriaz bete dute.
12 Horregatik, ez ezkondu zeuen alabak beraien semeekin, eta ez onartu beraien alabak zeuen semeentzat. Ez ezazue inoiz beraien bakearen eta ongizatearen alde ezer egin. Obeditzen baduzue, indartsu egingo zarete, lurraldeko gauzarik hoberenak jango dituzue eta lur hori herentzian utziko diezue zeuen semeei betirako”.
13 Egin ditugun gauza txarren ondorioz eta gure erruaren ondorioz, argi ikusi dugu zer gertatu zaigun. Hala ere, zuk, gure Jainko, ez gaituzu merezi genuen bezala tratatu, baizik eta hemen gaudenoi desterrutik ihes egiten utzi diguzu.
14 Zer egingo dugu, orduan? Berriro desobedituko al ditugu zure aginduak? Ezkonduko al gara* gauza nazkagarriak praktikatzen dituztenekin? Hori egiten badugu, ez al zinateke gurekin haserretuko eta gu guztiz suntsituko, inortxo ere bizirik utzi gabe?
15 O Jehoba, Israelgo Jainkoa, zu justua zarelako jarraitu dugu gaur arte gutako batzuek bizirik. Gure errua dela eta, hementxe gaude zure aurrean, nahiz eta, egin duguna eta gero, zure aurrean egotea ez dugun merezi».

