Esdras 5:1-17
5 Gero, Ageo profetak, baita Zakarias profetak ere —Idoren bilobak—, Juda eta Jerusalemen zeuden juduei hitz egin zieten beraiekin zegoen Israelgo Jainkoaren izenean.
2 Orduantxe hasi ziren Zorobabel —Xealtielen semea— eta Jexua —Jehozadaken semea— Jerusalemen zegoen Jainkoaren etxea berriro berreraikitzen. Eta Jainkoaren profetak beraiekin zeuden eta animatu egiten zituzten.
3 Garai hartan, Tatenaik —Eufrates ibaiaren mendebaldeko lurraldeko gobernariak—, Xetar-Bozenaik eta beraien kideek, juduengana hurbildu eta hurrengoa galdetu zieten: «Nork eman dizue etxe hau eraikitzeko eta estruktura hau* amaitzeko baimena?».
4 Gainera, galdetu zieten: «Zeintzuk dira eraikuntza honetan lanean dabiltzan gizonen izenak?».
5 Baina Jainkoa juduen adindunak zaintzen ari zen*, eta Tatenaik eta beste gizonek ez zituzten obrak geldiarazi. Hala ere, Dariori txosten bat bidali zioten eta erantzuna dokumentu ofizial baten bidez jasotzeko zain geratu ziren.
6 Hau da Tatenaik —Eufrates ibaiaren mendebaldeko lurraldeko gobernariak— eta Xetar-Bozenaik eta bere kideek —Eufrates ibaiaren mendebaldeko lurraldeko maila baxuagoko gobernariek—, Dario erregeari bidalitako gutunaren kopia;
7 bidali zioten txostenean hau idatzi zuten:
«Dario erregeari:
«Izan dezazula bakea!
8 Jakin dezala erregeak Judako probintziara joan ginela. Eta, han, Jainko handiaren etxea harri handiekin berreraikitzen ari direla ikusi genuen. Gainera, hormetan egurra jartzen ari dira. Herria gogor ari da lanean, eta beraien ahaleginei esker obrak bizi-bizi doaz aurrera.
9 Orduan, beraien adindunei galdetu genien: “Nork eman dizue etxe hau eraikitzeko eta estruktura hau* amaitzeko baimena?”.
10 Beraien izenak ere eskatu genizkien, ardura daramatenak nortzuk diren idazteko eta zuri bidaltzeko.
11 «Hau da eman ziguten erantzuna: “Gu zeru-lurren Jainkoaren zerbitzariak gara. Duela urte asko Israelgo errege handi batek eraikitako eta amaitutako etxea berreraikitzen ari gara.
12 Baina geure gurasoek zeruko Jainkoa haserretu zutenez, Jainkoak Babiloniako Nabukodonosor errege kaldearraren esku utzi zituen. Errege horrek etxe hau behera bota zuen eta herria desterrura eraman zuen, Babiloniara.
13 Babiloniako Ziro erregearen lehenengo urtean, ordea, Ziro erregeak Jainkoaren etxe hau berriro eraikitzeko agindua eman zuen.
14 Gainera, Ziro erregeak Babiloniako tenpluan zeuden Jainkoaren etxeko urrezko eta zilarrezko ontziak ateratzeko agindu zuen, hain zuzen ere, Nabukodonosorrek Jerusalemeko tenplutik hartu eta Babiloniako tenplura eraman zituenak. Eta ontzi horiek Xexbazar* izeneko gizon bati eman zizkioten, Zirok gobernari izendatu zuen gizonari.
15 Zirok esan zion: ‘Hartu ontzi hauek eta eraman itzazu Jerusalemen dagoen tenplura, eta berriro eraikia izan dadila Jainkoaren etxea lehen zegoen tokian’.
16 Orduan, Xexbazar etorri eta Jerusalemen dagoen Jainkoaren etxeko zimenduak jarri zituen. Eta ordutik aurrera eraikuntza martxan dago, baina oraindik ez da bukatu”.
17 «Beraz, erregeari ondo iruditzen bazaio, Babilonian dagoen erregearen altxortegian ikerketa bat egin dadin eskatzen dugu. Horrela, Ziro erregeak Jerusalemen dagoen Jainkoaren etxea berreraikitzeko agindua eman zuen ala ez jakingo da. Era berean, erregearen erabakia guri bidaltzeko eskatzen dugu».

