Esdras 7:1-28

  • Esdras Jerusalemera itzuli (1-10)

  • Artaxerxesek Esdrasi bidalitako gutuna (11-26)

  • Esdrasek Jehoba goretsi (27, 28)

7  Handik denbora batera, Artaxerxes Persiako errege zen bitartean, Esdras* itzuli egin zen. Esdras Seraiaren semea zen, Azariasen semea, Hilkiasen semea, 2  Xalumen semea, Zadoken semea, Ahituben semea, 3  Amariasen semea, Azariasen semea, Meraioten semea, 4  Zerahiasen semea, Uziren semea, Bukiren semea, 5  Abixuaren semea, Finehasen semea, Eleazarren semea, Aaron apaizburuaren semea. 6  Esdras Babiloniatik etorri zen. Kopista* zen, Jehobak, Israelgo Jainkoak, Moisesen bitartez emandako Legean aditua*. Eta erregeari eskatzen zion guztia erregeak eman egiten zion, Jehoba*, bere Jainkoa, berarekin baitzegoen. 7  Artaxerxes erregearen zazpigarren urtean, israeldar talde bat eta apaiz, lebitar, kantari, atezain eta tenpluko zerbitzari* batzuk, Jerusalemera igo ziren. 8  Eta erregearen zazpigarren urteko bosgarren hilabetean iritsi zen Esdras Jerusalemera. 9  Lehen hilabeteko lehen egunean, Esdras Babiloniatik atera eta Jerusalemera bosgarren hilabeteko lehen egunean iritsi zen, bere Jainkoa berarekin baitzegoen. 10  Esdrasek bere bihotza lehendik prestatu* zuen Jehobaren Legea aztertzeko eta praktikan jartzeko eta israeldarrei Legearen aginduak eta justizia arauak irakasteko. 11  Artaxerxes erregeak gutun bat eman zion Esdrasi —Jehobaren aginduen eta Israeli emandako arauen ikasketan aditua* zen apaiz eta kopistari— eta hau da gutun horren kopia bat: 12  * «Artaxerxesek, erregeen erregeak, Esdras apaizari, zeruko Jainkoaren Legearen kopistari: Izan dezazula bakea. 13  Hona nire agindua: nire erreinuan Jerusalemera itzuli nahi duen israeldarrik edota hauen apaizik edo lebitarrik baldin badago, zurekin joan dadila. 14  Izan ere, erregeak eta bere zazpi aholkulariek ikertzera bidaltzen zaituzte ea zure Jainkoaren Legea, eskutan duzuna, Judan eta Jerusalemen betetzen den. 15  Horretaz gain, zurekin eramango dituzu erregeak eta bere aholkulariek Jerusalemen bizi den Israelgo Jainkoari eman nahi izan dizkioten urrea eta zilarra. 16  Gainera, zurekin eramango dituzu Babiloniako probintzia osoan emango dizuten* urre eta zilar guztia, baita jendeak eta apaizek Jerusalemen dagoen beraien Jainkoaren etxerako eman nahi dituzten opariak ere. 17  Eta diru horrekin erosi itzazu lehenbailehen zezenak, ahariak, bildotsak eta hauekin batera eskaintzen diren zereal eskaintzak eta eskaintza likidoak. Jerusalemen dagoen zure Jainkoaren etxeko aldarean eskaini behar dituzu. 18  «Eta zuk eta zure anaiek egin ezazue ondo iruditzen zaizuena gainontzeko urre eta zilarrarekin, zuen Jainkoaren borondatearen arabera. 19  Eta zure Jainkoaren etxeko zerbitzurako emango zaizkizun ontzi guztiak, eraman itzazu Jainkoaren aurrera, Jerusalemera. 20  Eta zure Jainkoaren etxerako beharrezkoa den beste edozein gauza behar baduzu, ordaindu ezazu erregearen altxortegitik. 21  «Nik, Artaxerxes erregeak, Eufrates ibaiaren mendebaldeko lurraldeko altxorzain guztiei honakoa agintzen diet: eman segituan Esdras apaizari —zeruko Jainkoaren Legearen kopistari— berak eskatzen dizuen guztia, 22  gehienez 3.420 kilo* zilar, 16.000 kilo* gari, 2.200 litro* ardo, 2.200 litro* olio eta nahi bezainbeste gatz. 23  Bete dadila zehatz-mehatz zeruko Jainkoak bere etxerako agintzen duen guztia. Horrela, zeruko Jainkoa ez da erreinuarekin eta erregearen semeekin haserretuko. 24  Gainera, jakinarazten dut ezin dela eskatu zergarik, tributurik edo bidesaririk, ez apaizei, ez lebitarrei, ez musikariei, ez atezainei, ez tenpluko zerbitzariei, ez Jainkoaren etxe horretako langileei. 25  «Eta zuk, Esdras, Jainkoak eman dizun jakinduria erabiliz, izendatu itzazu magistratuak eta epaileak Eufrates ibaiaren mendebaldeko lurraldeko jende guztia epaitzeko, hau da, zure Jainkoaren legeak ezagutzen dituzten guztiak epaitzeko. Gainera, beraien artean lege horiek ezagutzen ez dituen norbait baldin badago, irakatsi egin behar dizkiozue. 26  Eta zure Jainkoaren Legea eta erregearen legea obeditzen ez duen norbait baldin badago, segituan izan behar da kondenatua: heriotzara edo desterrura edo isuna ordaintzera edo kartzelara». 27  Goratua izan dadila Jehoba, gure arbasoen Jainkoa! Jerusalemeko Jehobaren etxea edertzeko desioa jarri du erregearen bihotzean! 28  Jainkoak maitasun leiala erakutsi dit erregearen, bere aholkularien eta erregearen printze boteretsu guztien aurrean. Beraz, Jehoba, nire Jainkoa, nirekin zegoenez, ausarta izan nintzen eta Israelgo buruzagi batzuk bildu nituen nirekin batera Jerusalemera igotzeko.

Oharra

«Laguntza» esan nahi du.
Edo «Eskriba».
Edo «trebea».
Lit. «Jehobaren eskua».
Edo «netineo». Lit. «emanak ziren».
Edo «bere bihotzean erabaki bat hartu».
Edo «hitzen kopista».
Esd 7:12tik 7:26ra arameeraz idatzi zen jatorrizko testuan.
Lit. «aurkituko duzun».
Lit. «100 talentu». Ikusi B14 eransk.
Lit. «100 kor». Ikusi B14 eransk.
Lit. «100 bato». Ikusi B14 eransk.
Lit. «100 bato». Ikusi B14 eransk.