1 Timoteori 5:1-25
5 Ez hitz egin zakarki adineko gizon bati. Alderantziz, aholkatu goxotasunez aita bati bezala; gizon gazteei, anaiei bezala;
2 adineko emakumeei, amei bezala; eta emakume gazteei, arrebei bezala, kastitate osoz.
3 Arretaz zaindu* benetan bakarrik dauden* emakume alargunak.
4 Baina alargunen batek seme-alabak edo bilobak baditu, horiek ikasi dezatela lehenik beraien etxean Jainkoari debozioa erakusten, baita beraien guraso eta aiton-amonei zor dietena ematen ere, zeren hori atsegina da Jainkoaren ikuspuntutik.
5 Benetan bakarrik dagoen* eta ezer ez duen emakumeak, aldiz, bere esperantza Jainkoarengan jartzen du, eta gau eta egun erregu eta otoitz egiten jarraitzen du.
6 Baina plazer sentsualak asetzeko bizi den emakumea hilda dago, nahiz eta oraindik bizirik egon.
7 Beraz, segi ezazu instrukzio* horiek ematen, horrela, ezingo zaio inori ezer leporatu.
8 Izan ere, norbaitek ez baditu bereak direnak —eta bereziki bere etxekoak direnak— mantentzen, fedea baztertu du eta federik gabeko pertsona baino okerragoa da.
9 Alargun batek zerrendan sartzeko, gutxienez 60 urte izan behar ditu, bere senarrari leiala* izan behar izan zaio
10 eta bere ekintza bikainengatik ezaguna izan behar du, esaterako, seme-alabak hezi izanagatik, hospitalitatea erakutsi izanagatik, santuen oinak garbitu izanagatik, sufritzen dutenei lagundu izanagatik eta mota guztietako ekintza onak egitera dedikatu izanagatik.
11 Bestalde, ez sartu zerrendan gazteagoak diren emakume alargunak; zeren, euren desio sexualak beraien eta Kristoren artean jartzean, ezkondu egin nahi dute.
12 Eta euren buruen gain kondena bat ezarriko dute aurretik egin zuten promesa* ez betetzeagatik.
13 Gainera, ezer ez egitera eta etxe batetik bestera joatera ohitzen dira. Bai, ezer ez egiteaz gain, txutxu-mutxuka aritzera eta besteen kontuetan muturra sartzera ere ohitzen dira, hitz egin behar ez dituzten gauzez hitz eginez.
14 Horregatik, alargun gazteagoak ezkontzea, seme-alabak izatea eta beraien etxeaz arduratzea nahi dut, horrela, ez diote etsaiari gu kritikatzeko aukerarik emango.
15 Izan ere, batzuk dagoeneko bide zuzenetik aldendu dira Satanasi jarraitzeko.
16 Emakume sinestedun batek bere familian emakume alargunak baditu, berak zaindu ditzala, kongregazioarentzat zama bat izan ez daitezen. Modu horretara, kongregazioak benetan bakarrik dauden* alargunak zaindu ahalko ditu.
17 Kongregazioa ondo zuzentzen duten adindunek ohore bikoitza merezi dute, bereziki Jainkoaren hitzari buruz hitz egiten eta irakasten gogor lan egiten dutenek.
18 Zeren Idazkien pasarte batek dio: «Ez jarri muturrekorik zezenari garia jotzen ari den bitartean». Eta beste batek dio: «Langileak bere soldata merezi du».
19 Ez onartu adindun* baten aurkako salaketarik, ez bada bi edo hiru lekukoren testigantzan oinarritzen.
20 Guztien aurrean zentsuratu itzazu bekatua praktikatzen dutenak, gainontzekoentzat abisua* izateko.
21 Jainkoaren, Kristo Jesusen eta aukeratutako aingeruen aurrean, seriotasun osoz agintzen dizut instrukzio horiek aurreiritzirik eta bereizketarik gabe jarraitzeko.
22 Ez ezarri inoiz eskuak arinegi inori*, eta ez izan besteen bekatuen konplize. Mantendu zaitez garbi*.
23 Ez edan ur gehiagorik*. Horren ordez, edan ardo pittin bat zure sabelarengatik eta askotan gaixotzen zarelako.
24 Batzuen bekatuak publikoki ezagunak dira eta segituan jasotzen dute epaia; beste batzuenak, aldiz, beranduago geratzen dira agerian.
25 Modu berean, ekintza onak publikoki ezagunak dira, eta ezagunak ez direnak ezin dira ezkutuan mantendu.
Oharra
^ Lit. «Ohoratu».
^ Lit. «benetan alargunak diren», hau da, inoren laguntza ez duten emakume alargunak.
^ Lit. «Benetan alarguna den».
^ Edo «agindu».
^ Lit. «senar bakar baten emaztea».
^ Lit. «fedearen lehen adierazpena».
^ Lit. «benetan alargunak diren», hau da, inoren laguntza ez duten emakume alargunak.
^ Edo «adineko gizon».
^ Lit. «gainerakoek beldurra».
^ Hau da, ez dela inor arinegi izendatu behar.
^ Edo «kasto».
^ Edo «Utzi ura bakarrik edateari».

