1 Timoteori 4:1-16

  • Deabruen irakaspenen aurkako abisua (1-5)

  • Nola izan Kristo Jesusen zerbitzari bikaina (6-10)

    • Ariketa fisikoaren eta Jainkoari debozioa izatearen arteko aldea (8)

  • Jarri arreta etengabe zure irakasteko moduari (11-16)

4  Hala ere, hitz inspiratuak* argi eta garbi esaten du batzuk, etorkizunean, fedetik aldenduko direla, inspiratutako mezu* engainagarriei eta deabruen irakaspenei kasu egingo dietelako, 2  eta gizon hipokriten gezurrak ere entzungo dituztelako. Gizon horiek kontzientzia gogortuta dute, gori-gori dagoen burdinarekin markatuta egongo balitz bezala. 3  Beraiek ezkontzea debekatzen dute eta jendeari janari batzuk ez jateko agintzen diote. Baina janari horiek Jainkoak sortu zituen, fedea eta egiaren ezagutza zehatza dutenek eskerrak emanez jan ditzaten. 4  Zeren Jainkoak sortu duen guztia oso ona da eta, esker onez onartzen bada, ez da ezer baztertu behar, 5  Jainkoaren hitzaren eta otoitzaren bitartez santu egiten delako. 6  Anai-arrebei aholku horiek emanez, Kristo Jesusen zerbitzari* bikaina izango zara, fedearen hitzen bidez eta leialki jarraitu diezun irakaspen bikainen bidez elikatuta dagoen zerbitzaria. 7  Baina baztertu Jainkoa errespetatzen ez duten istorio faltsuak, atsoek kontatzen dituztenak bezalakoak. Bestalde, entrenatu zeure burua Jainkoari debozioa erakusteko helburuarekin. 8  Zeren ariketa* fisikoa ona da gauza batzuetarako, baina Jainkoari debozioa izatea gauza guztietarako da ona, oraingo eta etorkizuneko bizirako promesa eskaintzen baitu. 9  Esaten dudan hau fidagarria da eta guztiz onartua izatea merezi du. 10  Horregatik ari gara gogor lan egiten eta ahalegintzen, zeren gure esperantza Jainko bizi batengan jarri dugu, mota guztietako pertsonen —bereziki leialak direnen— Salbatzailea den Jainkoarengan. 11  Segi agindu hauek ematen eta irakasten. 12  Ez zaitzala inork mespretxatu gaztea izateagatik. Horren ordez, izan leialentzat eredu ona hitz egiteko moduan, jokaeran, maitasunean, fedean eta kastitatean*. 13  Iristen naizen bitartean, segi zure onena ematen bai publikoki irakurtzean, bai aholkatzean*, baita irakastean ere. 14  Ez izan arduragabea jaso zenuen dohainarekin. Dohain hori adindun taldeak eskuak ezarri zizkizunean jaso zenuen eta zuri buruzko profezia batean oinarritzen da. 15  Hausnartu* gauza hauetan; egon guztiz murgilduta horietan, denek zure aurrerapena argi ikusi dezaten. 16  Jarri arreta etengabe zure jokaerari eta irakasteko moduari. Segi gauza horiek egiten, horrela, bai zeure burua, baita entzuten dizutenak ere, salbatuko dituzu.

Oharra

Lit. «espirituak».
Lit. «espiritu».
Lit. «ministro».
Edo «entrenamendu».
Edo «garbitasunean».
Edo «animatzean».
Edo «Gogoeta egin».