Rut 4:1-22

  • Boazek berrerosketa egin (1-12)

  • Boazek eta Rutek semea izan: Obed (13-17)

  • Dabiden genealogia (18-22)

4  Boaz hiriko ateraino igo eta bertan eseri zen. Aipatutako berreroslea handik pasatzen ikusi zuenean, esan zion: «Adiskide*, etorri hona eta eseri». Orduan, berreroslea gerturatu eta berarekin eseri zen. 2  Gero, Boazek hiriko 10 adinduni deitu eta honakoa eskatu zien: «Eseri zaitezte hemen». Beraz, eseri egin ziren. 3  Orduan, Boazek berrerosleari esan zion: «Noemi Moabeko lurraldetik etorri da eta gure senide Elimelekena zen lursaila saldu behar du. 4  Eta pentsatu dut gai honen inguruan zurekin hitz egin behar nuela eta hurrengoa esan behar nizula: “Lurra berrerosi nahi baduzu, aurrera. Erosi lurra hemen bizi direnen eta herriko adindunen aurrean. Baina ez baduzu berrerosi nahi, esan, nik jakin dezadan. Zeren zure ondoren ni naiz berrerosteko eskubidea duena”». Berrerosleak erantzun zion: «Berrerosteko prest nago». 5  Orduan, Boazek esan zion: «Noemiri lurra erosiko diozun egunean, bere semearen alargunari —Rut moabtarrari— ere erosi behar diozu. Horrela, hildako gizonaren herentziak bere familian jarraituko du, eta bere izena ez da ahaztuko». 6  Hori entzutean, berrerosleak esan zuen: «Nik ezin dut berrerosi, galtzen aterako bainaiz*. Zuk berrerosi nire ordez*, nik ezin baitut berrerosi». 7  Garai hartan, Israelen, berrerosteko eskubidearekin eta eskubide horren trukearekin lotutako tratu guztiak legalki formalizatzeko, honakoa egin behar zen: gizonak bere sandalia kendu eta beste pertsonari eman behar zion. Hori zen Israelen zegoen ohitura, eta horrela ixten ziren tratuak. 8  Beraz, berrerosleak Boazi «Zuk erosi» esan zionean, bere sandalia kendu zuen. 9  Orduan, Boazek adindunei eta han zegoen jende guztiari esan zien: «Zuek gaur lekuko zarete Elimelekena, Kilionena eta Mahlonena zen guztia Noemiri erosten diodala. 10  Gainera, Rut moabtarra, Mahlonen alarguna, emaztetzat hartzen dut. Horrela, hildako gizonaren herentziak bere familian jarraituko du, eta bere anaiek eta hiriko jendeak ez dute* bere izena ahaztuko. Zuek zarete horren lekuko gaur». 11  Hiriaren atean zeuden guztiek eta adindunek esan zuten: «Lekuko gara! Bedeinka dezala Jehobak zure etxean sartzen den emaztea, eta izan dadila Rakel eta Lea bezalakoa, Israelgo nazioaren amak direnak. Arrakasta izan dezazula Efratan eta izen ona izan* dezazula Belenen. 12  Emakume gazte honen bitartez Jehobak emango dizkizun ondorengoei esker, izan dadila zure familia Perezen —Tamarrek Judari eman zion semearen— familia bezain handia». 13  Orduan, Boaz Rutekin ezkondu zen eta sexu harremanak izan zituen berarekin. Jehobaren bedeinkapenarekin haurdun geratu zen, eta seme bat izan zuen. 14  Emakumeek esan zioten Noemiri: «Goretsia izan dadila Jehoba, zeren ez zaitu berreroslerik gabe utzi. Ezaguna izan dadila haur horren izena Israelen! 15  Haur horrek bizi berri bat eman dizu* eta zahartzaroan zainduko zaitu, zeren seme hau zure errainarena da, maite zaituenarena eta zuretzat zazpi seme baino hobea denarena». 16  Noemik haurra bere besoetan hartu zuen, eta bera arduratu zen haurra zaintzeaz*. 17  Orduan, auzoko emakumeek haurrari izena jarri zioten. Esan zuten: «Seme bat jaio zaio Noemiri», eta Obed izena jarri zioten. Bera Jeseren aita da, eta Jese Dabiden aita. 18  Hauek dira Perezen ondorengoak*: Perez, Hezronen aita izan zen; 19  Hezron, Ramen aita; Ram, Aminadaben aita; 20  Aminadab, Naxonen aita; Naxon, Salmonen aita; 21  Salmon, Boazen aita; Boaz, Obeden aita; 22  Obed, Jeseren aita; eta Jese, Dabiden aita.

Oharra

Pertsonaren izena nahita ez da esaten.
Lit. «nire herentzia suntsituko baitut».
Edo «Zuk erabili nire berrerosteko eskubidea».
Lit. «bere hiriko ateak ez du».
Lit. «aldarrikatu»
Edo «Bera zure arima zaharberritzera etorri da».
Edo «bere inudea izan zen».
Lit. «belaunaldiak».