Rut 2:1-23

  • Rutek soberan geratzen diren garagarburuak Boazen soroetan bildu (1-3)

  • Rutek eta Boazek elkar ezagutu (4-16)

  • Rutek Boaz zein ona izan den Noemiri kontatu (17-23)

2  Bazuen Noemik, bere senarraren partetik, oso aberatsa zen senide bat. Boaz izena zuen eta Elimeleken familiakoa zen. 2  Rut moabtarrak esan zion Noemiri: «Mesedez, utzidazu soroetara joaten, ea norbaitek bere atzetik joaten uzten didan. Horrela, soberan geratzen diren garagarburuak bildu ahalko ditut». Eta Noemik esan zion: «Zoaz, ene alaba». 3  Beraz, soroetara joan eta, uzta jasotzen zutenen atzetik, soberan geratzen ziren garagarburuak biltzen hasi zen. Kasualitatez, Boazen —Elimeleken familiakide baten— lursail batera iritsi zen. 4  Momentu horretan, Boaz Belenetik iritsi zen eta uzta jasotzen ari zirenei esan zien: «Egon dadila Jehoba zuekin». Eta beraiek erantzun zioten: «Bedeinka zaitzala Jehobak». 5  Orduan Boazek uzta jasotzen ari zirenen arduradunari galdetu zion: «Nor da emakume gazte hori? Zein familiatakoa da?». 6  Arduradunak erantzun zion: «Moabeko lurraldetik Noemirekin etorri den emakume moabtarra da. 7  Honakoa eskatu zidan: “Mesedez, utziko zenidake uzta jasotzen ari direnen atzetik joaten eta beraiek soberan uzten dituzten garagarburuak* biltzen?”. Eta jo eta ke ibili da lan eta lan, gaur goizean iritsi denetik oraintxe txabolan pixka bat deskantsatzeko eseri den arte». 8  Beranduago, Boazek honakoa esan zion Ruti: «Entzun, ene alaba. Ez zaitez beste soro batera joan soberan geratzen diren garagarburuak biltzera. Ez joan beste inora; geratu zaitez niretzat lan egiten duten emakume gazteekin. 9  Fijatu zaitez zein sorotan ari diren lanean, eta zoaz beraiekin. Gizon gazteei zuri bakean uzteko* agindu diet. Egarri bazara, zoaz ur pitxerrak dauden tokira eta edan gizon gazteek ateratzen duten uretik». 10  Hori entzutean, Rut belaunikatu eta makurtu egin zen, eta galdetu zion: «Nolatan lortu dut zure aprobazioa? Zergatik arduratzen zara nitaz? Atzerritar bat besterik ez naiz!». 11  Boazek erantzun zion: «Zure senarra hil zenetik zure amaginarrebaren alde egin duzun guzti-guztia kontatu didate. Hau ere kontatu didate: zure aita eta ama atzean utzi dituzula eta zure jaioterritik atera zarela, ezagutzen ez zenuen herri bateko jendearekin bizitzeko. 12  Jehobak bedeinka zaitzala egin duzun guztiarengatik. Sari bete-betea* jaso dezazula Jehobarengandik —Israelgo Jainkoarengandik—, zeren bere hegalpean babesa bilatu duzu». 13  Orduan, Rutek esan zuen: «Zure aprobazioa izan nahiko nuke, ene jauna. Zuk kontsolatu nauzu eta zure zerbitzari hau zure hitzekin lasaitu duzu*, nahiz eta ni zure zerbitzarietako bat ez izan». 14  Beranduago, jateko ordua zenean, Boazek esan zion: «Etorri, jan ogi pixka bat eta busti ezazu ozpinean». Rut uzta jasotzen zutenekin batera eseri zen. Boazek, orduan, ale txigortuak eman zizkion eta Rutek asetu arte jan zuen, eta soberan eta guzti geratu zitzaion! 15  Rut soberan geratzen ziren garagarburuak biltzera altxatu zenean, Boazek bere langileei esan zien: «Utziozue atzean geratzen diren garagarburuak* biltzen, eta utzi bakean. 16  Gainera, garagarburuak multzotan biltzean, ziurtatu multzoetatik garagarburu batzuk ateratzeaz eta atzean uzteaz, berak bildu ditzan. Eta ez esan berari hori egiteari uzteko». 17  Eta Rutek soroan soberan geratzen ziren garagarburuak biltzen jarraitu zuen eguna ilundu arte. Jaso zuen guztia jo* ondoren, gutxi gorabehera 13 kilo* garagar zituen. 18  Orduan, dena hirira eraman eta bere amaginarrebari erakutsi zion. Horretaz gain, jan ondoren soberan geratu zitzaion janaria atera eta eman egin zion. 19  Bere amaginarrebak galdetu zion: «Non aritu zara gaur soberan geratzen ziren garagarburuak biltzen? Non egin duzu lan? Bedeinka dezala Jainkoak zurekin hain ondo portatu dena». Beraz, Rutek noren soroetan lan egin zuen kontatu zion, esanez: «Gaur lan egin dudan soroen jabeak Boaz du izena». 20  Hori entzutean, Noemik esan zuen: «Bedeinka dezala Jehobak, biziei eta hildakoei maitasun leiala erakutsi dienak». Hau ere esan zuen: «Gizona gure senidea da. Gure berrerosleetako* bat da». 21  Rut moabtarrak gertatutakoa kontatzen jarraitu zion: «Hau ere esan zidan: “Geratu nire langileekin nire uzta osoa jasotzen duten arte”». 22  Eta Noemik esan zion bere errainari: «Hobe da, ene alaba, berarentzat lan egiten duten emakume gazteekin egotea. Horrela, ez zaituzte beste soro batean molestatuko*». 23  Beraz, garagar uzta eta gari uzta amaitu arte, Rutek soberan geratzen ziren zereal buruak biltzen jarraitu zuen Boazentzat lan egiten zuten emakume gazteen inguruan. Eta bere amaginarrebarekin bizitzen jarraitu zuen.

Oharra

Edo agian «azaoak; garagarburu sortak».
Lit. «zu ez ikutzeko».
Edo «Soldata perfektua».
Lit. «zure zerbitzariaren bihotzari hitz egin diozu».
Edo agian «azaoak; garagarburu sortak».
Edo «astindu; aletu».
Lit. «efa bat». Ikusi B14 eransk.
Edo «gu berrerosteko eskubidea duen senideetako». Ikusi Glosarioa, berrerosle.
Edo «gaizki tratatuko».