Rut 3:1-18

  • Noemik zer egin Ruti esan (1-4)

  • Rut eta Boaz larrainean (5-15)

  • Rut Noemirengana itzuli (16-18)

3  Egun batean, Noemik, bere amaginarrebak, esan zion: «Ene alaba, etxe* bat bilatu behar dizut zoriontsua izan zaitezen. 2  Boaz gure senidea da, ezta? Zurekin zereal buruak jasotzen ibili ziren emakume gazteek berarentzat egiten dute lan. Gaur gauean, bera garagarra haizatzen egongo da larrainean*. 3  Beraz, garbitu zaitez eta jarri usain goxoko olioa. Gero, jantzi zure arroparik onena* eta jaitsi larrainera. Baina berak jaten eta edaten bukatu arte, ez dadila konturatu zu hor zaudela. 4  Lotara joaten denean, fijatu non etzaten den. Orduan, joan berarengana, utzi agerian bere oinak eta etzan bertan. Berak esango dizu zer egin». 5  Rutek erantzun zion: «Esan didazun guztia egingo dut». 6  Beraz, larrainera jaitsi zen eta bere amaginarrebak eskatu zion guztia egin zuen. 7  Bitartean, Boazek jan eta edan egin zuen, eta pozik sentitzen zen. Gero, pilatutako ale ondoan etzatera joan zen. Ondoren, Rut isil-isilik gerturatu, Boazen oinak agerian utzi eta bertan etzan zen. 8  Gauerdian, Boaz dardarka hasi zen. Burua altxatu zuenean, bere oinetan emakume bat etzanda zegoela ikusi zuen. 9  Boazek galdetu zion: «Nor zara?». Rutek erantzun zion: «Rut naiz, zure zerbitzaria. Babestu zure zerbitzaria*, zeren gure berrerosleetako bat zara». 10  Orduan, Boazek esan zion: «Bedeinka zaitzala Jehobak, ene alaba. Orain erakusten ari zaren maitasun leiala, lehenengo aldian erakutsi zenuena baino handiagoa da. Izan ere, ez duzu gizon gazte bat —aberatsa edo pobrea— bilatu. 11  Eta orain, ene alaba, ez izan beldurrik. Eskatu didazun guztia egingo dut zure alde, zeren hirian guztiek dakite* emakume aparta zarela. 12  Egia da zuen berrerosle bat naizela, baina badago beste berrerosle bat, ni baino gertukoagoa den senide bat. 13  Geratu zaitez hemen gaur gauean. Eta bihar goizean berak berrerosten bazaitu, bejondeiola! Halaxe egin dezala. Baina ez bazaitu berrerosi nahi, Jehobaren —Jainko biziaren— izenean zin egiten dizut, nik neuk berrerosiko zaitudala. Orain, deskantsatu egunsentia arte». 14  Beraz, Rut Boazen oinetan etzanda geratu zen egunsentia arte eta, inork ez ikusteko, eguna argitu aurretik jaiki zen. Orduan, Boazek esan zuen: «Ez dadila inor enteratu larrainera emakume bat etorri dela». 15  Gero, esan zion Ruti: «Ekarri jantzita duzun mantua, zabaldu eta irekita eutsi». Rutek mantua irekita eusten zuen bitartean, Boazek 25 kilo* garagar inguru jarri zituen bertan. Ondoren, Boazek Ruti mantua gainean jartzen lagundu ondoren, hirira joan zen. 16  Rut bere amaginarrebaren etxera itzuli zenean, honek galdetu zion: «Zer moduz joan zaizu*, ene alaba?». Orduan, Rutek dena kontatu zion, Boazek berarengatik egin zuen guztia. 17  Honakoa ere esan zion: «25 kilo garagar hauek eman dizkit eta esan dit: “Ez joan esku-hutsik zure amaginarrebaren etxera”». 18  Gero, Noemik erantzun zion: «Orain, ene alaba, itxaron hau guztia nola bukatuko den ikusi arte, zeren gizonak ez du atsedenik hartuko gaur bertan dena konpondu arte».

Oharra

Lit. «atseden leku».
Zereal burua jotzeko, edo astintzeko, erabiltzen den tokia. Hor bereizten dira zereal alea eta lastoa.
Edo «zure mantuak».
Edo «Zabaldu zure mantua zure zerbitzariarengan».
Lit. «nire herriko ate osoak daki».
Lit. «sei neurri». Ziurrenik sei sea neurri, edo 44 litro. Ikusi B14 eransk.
Lit. «Nor zara».