Rut 1:1-22

  • Elimeleken familia Moabera bizitzera joan (1, 2)

  • Noemi, Orpa eta Rut alargun geratu (3-6)

  • Rut leiala da Noemirekin eta bere Jainkoarekin (7-17)

  • Noemi Rutekin batera Belenera itzuli (18-22)

1  Epaileen* garaian, gosete bat izan zen herrialdean. Hori dela eta, Judako Belengo gizon bat, bere emaztearekin eta bi semeekin batera, atzerrira joan zen bizitzera, Moabeko lurraldera*. 2  Gizona Elimelek* deitzen zen, bere emaztea Noemi*, eta bere bi semeak Mahlon* eta Kilion*. Efratarrak ziren, Judako Belengoak. Eta Moabeko lurraldera iritsi zirenean, bertan geratu ziren. 3  Handik denbora batera, Elimelek hil egin zen. Beraz, bere emaztea, Noemi, bakarrik geratu zen bere bi semeekin. 4  Beranduago, semeak Moabeko bi emakumerekin ezkondu ziren: batek Orpa zuen izena eta besteak Rut. Bertan 10 urte inguruz bizi izan ziren. 5  Gero, Mahlon eta Kilion ere hil egin ziren. Horrela, Noemi bere senarra gabe eta, orain, semerik gabe ere gelditu zen. 6  Beraz, Moabeko lurraldean zegoen bitartean, bere jaioterrira itzultzea erabaki zuen, zeren Jehoba bere herriaz gogoratu zela eta janaria* eman ziola entzun zuen. Bere bi errainak ere berarekin joan ziren. 7  Orduan Noemik, bere bi errainekin batera, bere bizilekua atzean utzi zuen Judako lurraldera itzultzeko. Bidean zihoazela, 8  Noemik hau esan zien bere errainei: «Tira, itzuli zaitezte zeuen amaren etxera. Egon dadila Jehobaren maitasun leiala zuekin, zuen maitasun leiala nirekin eta hil diren zuen senarrekin egon den bezalaxe. 9  Bedeinka dezala Jehobak zuetako bakoitza senar bat emanez eta etxe baten babesa* emanez». Orduan, muxu eman zien eta tristura handiz negar malkotan hasi ziren. 10  Eta beraiek behin eta berriz esaten zioten: «Ez, ez gara itzuliko. Zurekin joango gara zure herrira». 11  Baina Noemik erantzun zien: «Itzuli zuen etxera, ene alabok. Zergatik nahi duzue nirekin etorri? Akaso semeak izan al ditzaket zuekin ezkontzeko? 12  Itzuli zuen etxera, ene alabok. Zoazte, berriro ezkontzeko zaharregia naiz eta. Imajinatu gaur gauean ezkontzen naizela eta semeak izan ahal ditudala. 13  Haiek gizondu arte itxarongo al duzue beraiekin ezkontzeko? Ezkondu gabe geratuko al zarete denbora guzti horretan? Ez, ene alabok. Jehoba* nire aurka jarri da eta, hori dela eta, zuek zenbat sufritzen ari zareten ikustean, min* handia sentitzen dut». 14  Berriro, tristura handiz negar malkotan hasi ziren. Gero, Orpak bere amaginarrebari muxu eman zion eta joan egin zen. Rutek, aldiz, Noemiren ondoan jarraitu nahi izan zuen. 15  Beraz, Noemik esan zion: «Begira, Orpa bere herrira eta bere jainkoengana itzuli da. Zoaz zu ere berarekin». 16  Baina Rutek esan zion: «Ez eskatu behin eta berriz zu uzteko eta zuregandik aldentzeko; zeren zu joango zaren tokira ni ere joango naiz, eta zuk gaua pasako duzun tokian nik ere pasako dut. Zure herria nire herria izango da, eta zure Jainkoa nire Jainkoa. 17  Zu hilko zaren tokian ni ere hilko naiz, eta hantxe lurperatuko naute. Heriotza ez den beste zerbaitek zuregandik banantzen banau, gogor zigortu nazala Jehobak». 18  Noemik argi eta garbi ikusi zuen Rutek berarekin joan nahi zuela, beraz, amore eman zuen. 19  Eta biek Belenerantz jarraitu zuten. Iritsi bezain pronto, iskanbila handia sortu zen hiriko bazter guztietan, eta emakumeek galdetzen zuten: «Benetan al da Noemi?». 20  Eta berak erantzuten zien: «Ez deitu niri Noemi*, Mara* baizik, zeren Ahalguztidunak nire bizitza zoritxarrez bete* du. 21  Hemendik joan nintzenean denetik nuen, baina Jehobak esku hutsik itzularazi nau. Zergatik deitzen didazue Noemi? Jehoba nire aurka jarri da. Ahalguztidunak sufrimenduz josi nau». 22  Horrela itzuli zen Noemi etxera Moabeko lurraldetik. Bere errain moabtarrarekin, Rutekin, batera itzuli zen. Belenera iritsi zirenean, garagarraren uztaren hasiera zen.

Oharra

Lit. «Epaileek epaitzen zuten».
Edo «landa eremuetara». Lit. «soroetara».
«Nire Jainkoa errege da» esan nahi du.
«Nire atsegina» esan nahi du.
Seguruenik, «ahuldu» edo «gaixotu» esan nahi duen hitz hebrear batetik dator.
«Erortzen dena» edo «bere amaierara iristen dena» esan nahi du.
Lit. «ogia».
Lit. «atseden leku bat».
Lit. «Jehobaren eskua».
Lit. «mikaztasun».
«Nire atsegina» esan nahi du.
«Mikatz» esan nahi du.
Lit. «mikaztu».