Jonas 4:1-11

  • Jonas haserre; nahiago du hil (1-3)

  • Jehobak errukitsuagoa izaten irakatsi (4-11)

    • «Hainbeste haserretzea ondo dagoela uste al duzu?» (4)

    • Kalabaza landarearen lezioa (6-10)

4  Baina hori Jonasi ez zitzaion batere gustatu eta sutan jarri zen. 2  Beraz, Jehobari otoitz egin zion, esanez: «Ai, Jehoba! Nire herrian nengoela banekien, bai, hau gertatuko zela. Horregatik saiatu nintzen Tarsisera ihes egiten; zeren badakit Jainko errukitsua eta bihotz onekoa zarela, pazientziaz* eta maitasun leialez betea zaudela, eta zoritxarrek oso triste jartzen zaituztela. 3  Ai ene, Jehoba, kenduidazu bizia, mesedez. Nahiago dut hil, bizi baino». 4  Jehobak galdetu zion: «Hainbeste haserretzea ondo dagoela uste al duzu?». 5  Ondoren, Jonas Ninibetik atera eta hiriaren ekialdean eseri zen. Han aterpetxo* bat egin eta honen itzalpean eseri zen, hiriari zer gertatuko zain. 6  Orduan, Jainko Jehobak kalabaza landare* bat hazarazi zuen Jonasi itzala emateko eta bere sufrimendua arintzeko. Eta Jonas pozaren pozez zegoen kalabaza landarearekin. 7  Baina hurrengo eguneko egunsentian, benetako Jainkoak har* bat bidali zuen kalabaza landarea kaltetzeko, eta landarea ihartu egin zen. 8  Eguzkia atera zenean, Jainkoak ekialdetik haize sargoritsua ere bidali zuen, eta eguzkiak hain gogor jotzen zuen Jonasen buruan, Jonasek ia-ia konortea galdu zuela. Eta Jonasek hiltzea eskatzen zuen behin eta berriz. Honakoa esaten zuen: «Nahiago dut hil, bizi baino». 9  Jainkoak Jonasi galdetu zion: «Kalabaza landarearengatik hainbeste haserretzea ondo dagoela uste al duzu?». Eta berak erantzun: «Haserre egoteko eskubide osoa daukat. Hain haserre nago, hil nahi dudala!». 10  Baina Jehobak esan zion: «Kalabaza landare honengatik ez duzu lanik egin eta ez da zuri esker hazi: gau batean hazi eta gau batean ihartu da. Hala ere, pena sentitzen duzu landarearengatik. 11  Ba, Niniben, hiri handian, ondo dagoena eta gaizki dagoena* bereizten ez dakiten 120.000 pertsona baino gehiago daude, eta hori beraien animalia pila kontuan hartu gabe. Ez al nuke beraiengatik ere pena sentitu beharko?».

Oharra

^ Edo «ez zarela azkarregi haserretzen».
^ Edo «etxola».
^ Edo «edankuia». Edo agian «errizino».
^ Edo «zizare».
^ Edo «beraien eskuin eta ezker eskua».