Jonas 1:1-17

  • Jonas Jehobarengandik ihesi (1-3)

  • Jehobak ekaitz bortitza sortu (4-6)

  • Jonas egoeraren errudun (7-13)

  • Jonas itsasora jaurtia (14-16)

  • Arrain erraldoi batek Jonas irentsi (17)

1  Jehobak mezu hau eman zion Jonasi*, Amitairen semeari: 2  «Altxa eta zoaz Ninibera, hiri handira, eta eman bere aurkako sententzia, bere biztanleen gaiztakeria ikusi baitut». 3  Baina Jonasek Tarsisera ihes egitea erabaki zuen, Jehobarengandik urrun. Beraz, Jopera jaitsi eta Tarsisera zihoan itsasontzi bat aurkitu zuen. Bidaiak balio zuena ordaindu, tripulazioarekin batera itsasontzira igo eta Tarsisera abiatu zen, Jehobarengandik urrun. 4  Orduan, Jehobak sekulako haizetea bidali zuen itsasora, eta altxatako ekaitza hain zen bortitza, itsasontzia txikitzeko zorian zegoela. 5  Marinelak hain zeuden izututa, bakoitza bere jainkoari laguntza eske hasi zela. Eta ontziaren zama arintzeko asmoz, karga itsasora botatzen hasi ziren. Baina Jonas itsasontziaren barrenean zegoen, etzanda eta lo seko. 6  Ontziko kapitaina hurbildu zitzaion eta esan zion: «Zer ari zara hor lotan? Altxa eta eskatu laguntza zure jainkoari! Agian benetako Jainkoa gutaz gogoratuko da eta ez gara hilko». 7  Orduan, marinelek bata besteari esan zioten: «Tira, zotz egin dezagun zoritxar honen erruduna nor den jakiteko». Beraz, zotz egin zuten eta erruduna Jonas zela atera zen. 8  Esan zioten: «Mesedez, esan: Nor da gainera erori zaigun zoritxar honen erruduna? Zein da zure lana? Nondik zatoz? Nongoa zara eta zein herritakoa?». 9  Jonasek erantzun zien: «Hebrearra naiz eta Jehoba, zeruko Jainkoa, adoratzen dut*, itsasoa eta lurra egin zituena». 10  Orduan, are gehiago beldurtu ziren eta esan zioten: «Zer egin duzu?». (Marinelek bazekiten Jehobarengandik ihesi zebilela, Jonasek berak esan zielako hori.) 11  Itsasoa gero eta haserreago zegoenez, galdetu zioten: «Zer egin behar dugu zurekin itsasoa baretzeko?». 12  Jonasek erantzun zien: «Hartu eta bota nazazue itsasora, eta itsasoa baretu egingo da, zeren badakit ekaitz bortitz hau nire erruz altxatu dela». 13  Hala ere, itsasontzia lehorrera eraman nahian, marinelak jo eta ke hasi ziren arraunean, baina alferrik izan zen, itsasoa gero eta haserreago baitzegoen. 14  Orduan, Jehobari erregutu zioten: «O, Jehoba, mesedez, ez dugu gizon honengatik hil nahi! O, Jehoba, zure borondateagatik gertatu da hau; beraz, ez gaitzazu egin gizon errugabe baten heriotzaren* erantzule». 15  Gero, Jonas hartu eta itsasora bota zuten, eta itsasoa baretu egin zen. 16  Hori ikustean, marinelek Jehobarekiko errespetu handia* sentitu zuten, Jehobari sakrifizio bat eskaini zioten eta botoak egin zizkioten. 17  Jehobak, orduan, arrain erraldoi bat bidali zuen Jonas irensteko, eta Jonasek hiru egun eta hiru gau pasa zituen arrainaren sabelean.

Oharra

«Usoa» esan nahi du.
Lit. «beldur diot».
Lit. «odolaren».
Lit. «beldurra». Ikusi Glosarioa, beldurra Jainkoari.