Jonas 2:1-10

  • Jonasen otoitza arrainaren sabelean (1-9)

  • Arrainak botaka egin eta Jonas lehorrean utzi (10)

2  Orduan, Jonasek bere Jainkoari, Jehobari, otoitz egin zion arrainaren sabeletik, 2  eta esan zuen: «Estu eta larri nengoela egin diot erregu Jehobari, eta berak erantzun egin dit. Hilobi* sakonetik* laguntza eske egin dut oihu, eta zuk nire ahotsa entzun duzu.  3  Itsas zabalaren bihotzera, ur-sakonetara, jaurti ninduzunean,korronteek irentsi ninduten. Zure olatu boteretsuak nire gainetik pasa ziren.  4  Eta esan nuen: “Zure begien aurretik urrundu nauzu! Ikusiko al dut berriro zure tenplu santua?”.  5  Urek irentsi ninduten; nire bizia arriskuan zegoen*.Ur-sakonek inguratu ninduten. Algak korapilatu zitzaizkidan buruan.  6  Mendien zimenduetaraino hondoratu nintzen. Betirako itxiak nituen lurreko ateak nire gainean. Baina zuk, o Jehoba, ene Jainkoa, zulotik atera ninduzun bizirik.  7  Hilzorian nengoela, zu izan zinen, o Jehoba, burura etorri zitzaidana. Orduan nire otoitza zuregana iritsi zen, zure tenplu santura.  8  Ezertarako balio ez duten idoloak adoratzen dituztenek maitasun leialaren iturria* ahazten dute,  9  baina nik, eskerrak emanez, sakrifizioak eskainiko dizkizut. Egin dudan promesa beteko dut. Salbamena Jehobarengandik dator». 10  Azkenean, Jehobaren aginduari jarraituz, arrainak botaka egin eta Jonas lehorrean utzi zuen.

Oharra

^ Edo «Seol», hau da, hildakoek atseden hartzen duten toki sinbolikoa. Ikusi Glosarioa.
^ Lit. «sabeletik».
^ Edo «Urek nire arima inguratu zuten».
^ Edo agian «euren leialtasuna».