Jonas 3:1-10

  • Jainkoa obedituz, Jonas Ninibera (1-4)

  • Jonasek mezua zabaldu eta ninibetarrak damutu (5-9)

  • Jainkoaren erabakia: Ninibe ez suntsitu (10)

3  Orduan, Jehobak mezu hau eman zion Jonasi bigarren aldiz: 2  «Altxa eta zoaz Ninibera, hiri handira, eta emaiozu esango dizudan mezua». 3  Beraz, Jonasek Jehoba obeditu zuen eta Ninibera joan zen. Ninibe hiria izugarri handia* zen; izan ere, hiru egun behar ziren oinez alde batetik bestera zeharkatzeko. 4  Orduan, Jonas hirian sartu eta, egun bateko distantzia oinez egin zuen bitartean, mezu hau aritu zen zabaltzen: «40 egun barru, Ninibe suntsitua izango da!». 5  Eta ninibetarrek Jainkoarengan fedea jarri zuten. Barau egitea erabaki zuten eta denak, txikienetik handienera, zakuz jantzi ziren. 6  Ninibeko erregeak mezua entzun zuenean, bere tronutik altxatu, errege jantziak kendu, zakuz jantzi eta errautsetan eseri zen. 7  Gainera, Ninibe osoan dekretu hau zabaltzeko agindu zuen:«Erregearen eta nobleen aginduz: inork, ez gizakirik, ez animaliarik, ez behirik, ez ardirik, ez du ezertxo ere jan behar. Ez dute ezer jan behar, ezta urik edan behar ere. 8  Jantzi daitezela zakuz, bai gizakiak, bai animaliak. Barkamena erregutu diezaiotela Jainkoari indar guztiz, eta utzi ditzatela euren jokabide gaiztoak eta praktika biolentoak. 9  Nork daki? Agian benetako Jainkoak bere erabakia aldatuko* du eta bere haserre bizia baretu egingo da eta, horrela, ez gara hilko». 10  Ikusi zuen benetako Jainkoak ninibetarren erreakzioa, hau da, jokabide gaiztoa utzi zutela. Orduan, Jainkoak bere erabakia aldatu* eta bidaltzera zihoan zoritxarra ez bidaltzea erabaki zuen.

Oharra

Lit. «Jainkoarentzat hiri handia».
Edo «bere erabakia berriro pentsatuko; pena sentituko».
Edo «erabaki zuena berriro pentsatu».