Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

40. PASARTEA

Dabid eta Goliat

Dabid eta Goliat

Behin, Jehobak esan zion Samueli: «Joan zaitez Jeseren etxera. Bere semeetariko bat izango da Israelgo hurrengo erregea». Beraz, Samuel Jeseren etxera joan zen. Seme zaharrena ikustean, pentsatu zuen: «Zalantzarik gabe gazte hau izango da aukeratua». Baina Jehobak gazte hura ez zela berak aukeratu zuena esan zion: «Nik gizakiaren barrua ikusten dut, ez dut kanpoko itxura bakarrik ikusten».

Jesek semeetariko beste sei eraman zituen Samuelengana. Baina Samuelek, orduan, hau esan zion: «Jehobak ez du hauetariko inor aukeratu. Ba al duzu beste semerik?». Jesek erantzun zion: «Beste seme bat dut, txikiena, Dabid du izena. Kanpoan da artaldea zaintzen». Dabid itzuli zenean, hau esan zion Jehobak Samueli: «Horixe da aukeratu dudana!». Samuelek olioa isuri zion Dabidi buruan eta Israelgo hurrengo erregea izateko gantzutu zuen.

Beranduago, israeldarrak filistearrekin borrokan hasi ziren. Filistearrek Goliat izeneko gudari erraldoia zuten beraien alde borrokan. Egunez egun, Goliatek burla egiten zien israeldarrei. Hau oihukatzen zien: «Aukera ezazue gizon bat nire aurka borrokatzeko. Berak irabazten badu, zuen esklabo izango gara. Baina nik irabazten badut, zuek izango zarete gure esklabo».

Dabid israeldar gudarostearen kanpalekura joan zen anaiei janaria eramatera, soldaduak baitziren. Goliat oihuka entzun eta gero, hau esan zuen: «Neu joango naiz filistear horrekin borrokatzera!». Saul erregeak erantzun zion: «Mutil koskor bat baino ez zara». Dabidek orduan: «Jehobak lagunduko dit».

Saulek bere burdin jantziak ipini zizkion Dabidi soinean, baina honek esan zion: «Jantzi hauekin ezin dut borrokarik egin». Orduan, Dabidek bere habaila hartu zuen, harriak jaurtitzeko tresna. Errekara joan, bost harri leun aukeratu eta poltsan jarri zituen. Gero, korrika joan zen Goliatengana eta honek oihukatu zion: «Etor zaitez, mutikotxo! Zeruko hegaztiei eta lurreko piztiei emango diet zure haragia». Baina Dabidek, beldurrik ez zuenez, hau erantzun zion: «Ezpataz eta lantzaz zatoz, baina ni Jehobaren izenean nator. Ez zabiltza gure aurka borrokan, Jainkoaren aurka baizik. Jehoba ezpata edota lantza baino indartsuagoa dela ikusiko dugu hemen gauden guztiok. Gure esku jarriko zaituzte berak».

Dabidek harri bat habailan ipini eta bere indar guztiekin jaurti zuen. Jehobaren laguntzarekin, harria ziztu bizian atera zen Goliati kopetan joz. Erraldoia hilda erori zen lurrera eta filistearrak ihesi joan ziren bizia salbatu nahian. Ba al duzu zuk Dabiden adinako konfiantzarik Jehobarengan?

«Gizakientzat bai ezinezko, baina Jainkoarentzat ez, dena baitezake Jainkoak» (Markos 10:27).