Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

 51. PASARTEA

Gudaria eta neskatila

Gudaria eta neskatila

Siriako lurraldean, israeldar neskato bat bizi zen bere etxetik oso urrun. Siriar gudarosteak bere etxetik eraman zuen eta, orain, Naaman gudalburuaren emaztearen zerbitzaria zen. Neskatilak Jehoba gurtzen zuen nahiz eta inguruko inork ez zuen egiten.

Naamanek azaleko gaixotasun izugarria zuen eta minez egoten zen beti. Neskatxoak bihotzez lagundu nahi zion. Hortaz, Naamanen emazteari esan zion: «Zure senarrari hobetzen lagunduko dion norbait ezagutzen dut. Israelen Eliseo izeneko Jehobaren profeta bat bada. Berak senda dezake zure senarra».

Naamanen emazteak neskatxak esandakoa azaldu zion senarrari. Edozer egiteko prest zegoenez, Naaman Israelera joan zen Eliseoren etxera. Eliseok sekulako ongietorria egingo ziola espero zuen. Baina Eliseok, berarekin aurrez aurre hitz egin ordez, bere zerbitzaria bidali zuen Naamani harrera egin eta honako mezua esateko: «Zoaz eta  sartu Jordan ibaiko uretan zazpi aldiz. Orduan sendatuko zara».

Naamanek ez zuen hura espero. Horregatik esan zuen: «Profeta honek bere Jainkoari otoitz eginez modu harrigarrian sendatuko ninduela uste nuen. Horren ordez, Israelgo ibai horretara joateko esan dit. Sirian ibai hobeak ditugu. Ez al da nahikoa haietara joatea?». Naamanek Eliseoren etxetik alde egin zuen erabat haserreturik.

Naamanen zerbitzariek argiago pentsatzen lagundu zioten: «Ez al zenuke edozer egingo sendatzeko? Profeta horrek egiteko esan dizuna oso erraza da. Zergatik ez duzu egiten eta kito?». Naamanek esandakoa egin zuen. Jordan ibaira joan eta uretan zazpi aldiz murgildu zen. Zazpigarren aldiaren ostean, guztiz sendatua atera zen uretatik. Esker ona agertu nahian, Eliseorengana bueltatu zen. Naamanek esan zion: «Orain badakit Jehoba dela egiazko Jainkoa». Zure ustez, nola sentitu ote zen israeldar neskatila Naaman sendatuta itzuli zenean?

«Umetxoen eta bularreko haurtxoen ahotik atera duzu gorespena» (Mateo 21:16).