Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

 68. PASARTEA

Elisabetek haurtxoa izan zuen

Elisabetek haurtxoa izan zuen

Jerusalemgo harresiak berreraiki zirenetik 400 urte baino gehiago pasa ziren. Garai hartan, Zakarias izeneko apaiza eta Elisabet bere emaztea hiritik hurbil bizi ziren. Urte asko zeramatzaten ezkonduta baina ez zuten haurrik izan. Egun batean, Zakarias tenpluko santutegian intsentsua eskaintzen ari zela, Gabriel aingerua azaldu zitzaion. Zakarias beldurtu egin zen, baina Gabrielek esan zion: «Ez beldurtu. Jehobaren eskutik albiste onak ditut. Zure emazteak, Elisabetek, seme bat izango du eta Joan ipiniko diozu izena. Jehobak lan berezi bat egiteko aukeratu du Joan». Zakariasek galdetu zion: «Nola sinetsiko dizut? Emaztea eta biok zaharregiak gara haurrak izateko». Gabrielek orduan: «Jainkoak mezu honekin bidali nau. Baina sinetsi ez didazulako, mutu geldituko zara. Haurra jaio eta gero hitz egin ahal izango duzu».

Ohikoa baino denbora gehiago egon zen Zakarias santutegian. Beraz, kanpora atera zenean, zain zeudenek gertatu zena jakin nahi izan zuten. Baina Zakariasek ezin zuen hitzik esan eta eskuekin keinuak besterik ez zituen egiten. Orduan, Zakariasek Jainkoaren mezu bat jaso zuela konturatu zen jendea.

Denborarekin, Elisabet haurdun gelditu zen eta mutikotxo bat izan zuen aingeruak esan bezala. Beraz, lagun eta familiartekoak haurtxoa ikustera etorri ziren. Asko poztu ziren Elisabetengatik. Amak esan zuen: «Joan izango du izena». Bisitariek esan zioten: «Ez duzu senitartean inor izen horrekin. Jarri iezaiozu Zakarias, aita bezalaxe». Baina Zakariasek honakoa idatzi zuen: «Joan du izena». Bat-batean, Zakarias hitz egiten hasi zen! Judea osoan zabaldu zen gertatutakoa eta jendeak honakoa galdetzen zuen: «Zer izango ote da mutikotxo hau haztean?».

Ondoren, Zakariasek honakoa iragarri zuen espiritu santuaz beterik: «Izan bedi goratua Jehoba. Mesias  bidaliko zuela gu salbatzeko hitzeman zion Abrahami. Joan profeta izango da eta Mesiasi bidea prestatuko dio».

Bien bitartean, gauza oso berezia gertatu zitzaion Elisabeten senitarteko bati, Mariari. Ikus dezagun zer izan zen hurrengo kapituluan.

«Gizakientzat ezinezkoa da hori, baina Jainkoak dena dezake» (Mateo 19:26).