Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

 32. PASARTEA

Buruzagi berria eta bi emakume ausart

Buruzagi berria eta bi emakume ausart

Jehobaren herria urte askoz gidatu ondoren, Josue 110 urterekin hil zen. Bizirik egon zen bitartean, israeldarrek Jehoba gurtu zuten. Baina Josue hil ostean, irudiak gurtzen hasi ziren kanaandarrek egiten zuten bezala. Israeldarrek Jehoba jarraitzeari utzi zioten. Ondorioz, herriari arazo asko sortzen utzi zion Jehobak Jabin izeneko errege kanaandarrari. Israeldarrek laguntzeko erregutu zioten Jehobari. Hortaz, Barak izeneko buruzagi berria izendatu zuen. Jendeari Jehobarengana itzultzen lagunduko zion honek.

Debora izeneko profetesak Barak etorrarazi zuen Jehobaren mezua emateko: «Zoaz, bildu 10.000 gizon eta joan zaitez Kixon errekara, Jabinen gudarostea dagoen lekura. Bertan Sisera garaituko duzu, Jabinen gudarostearen buruzagia». Barakek Deborari erantzun zion: «Nirekin baldin bazatoz, joango naiz; bestela, ez». Deborak, orduan, esan zion: «Zurekin joango naiz. Hala ere, jakizu zuk ez duzula Sisera hilko. Emakume batek hilko duela esan du Jehobak».

Debora, Barak eta honen gudarostea Tabor mendira igo ziren gudarako prestatzeko. Siserak hau jakin bezain pronto, bere guda-gurdiak eta soldaduak beheko bailaran bildu zituen.  Orduan, Deborak Baraki esan zion: «Jehobak garaipena emango dizu gaur». Hortaz, Barak eta bere 10.000 gizonak mendian behera joan ziren Siseraren gudaroste indartsuaren aurka borrokatzera.

Jehobak, ondoren, Kixon errekako urek gainezka egitea eragin zuen. Ondorioz, Siseraren guda-gurdiak lokatzetan trabatuta gelditu ziren. Sisera korrika joan zen gurdia bertan utziz. Bitartean, Barak eta bere soldaduek Siseraren gudarostea garaitu zuten, baina Siserak ihes egin zuen! Orduan, Jael izeneko emakume baten dendan ezkutatu zen. Bertan, Jaelek esnea eman zion edateko eta, gero, estalki batekin tapatu zuen. Leher eginda zegoenez, lo hartu zuen. Ondoren, Jaelek isil-isilik, dendako makila bat hartu eta, buruan sartuz, hil egin zuen!

Barak Siseraren bila joan zen. Orduan, Jael dendatik atera zen eta esan zion: «Zatoz barrura, neuk erakutsiko dizut bila zabiltzan gizona». Barak barrura sartzean, han ikusi zuen Sisera lurrean hilda. Beraz, Barak eta Deborak Jehoba kantuan goraipatu zuten israeldarrei garaipena eman zielako. Hurrengo 40 urteetan, Israel bakean bizi izan zen.

«Zuen seme-alabek profetizatu egingo dute» (Joel 3:1, 2 [2:28, 29NW ]).