Hebrearrei 8:1-13

  • Tabernakuluak zeruko gauzak irudikatzen ditu (1-6)

  • Itun zahar eta berriaren arteko aldea (7-13)

8  Esaten ari garenaren ideia nagusia hau da: guk horrelakoa den apaiz nagusi bat dugu, eta zeruan Jainko Gorenaren* tronuaren eskuinean eseri da. 2  Bera toki santuko eta egiazko dendako zerbitzaria* da. Denda hori Jehobak ezarri zuen, eta ez gizakiak. 3  Apaiz nagusi guztiak opariak eta sakrifizioak eskaintzeko izan dira izendatuak. Beraz, apaiz nagusi honek eskaintzeko zerbait edukitzea ere beharrezkoa zen. 4  Bera lurrean egongo balitz, ez litzateke apaiza izango. Izan ere, dagoeneko badaude Legearen arabera opariak eskaintzen dituzten gizonak. 5  Gizon horiek eskaintzen duten zerbitzu sakratua zeruko gauzen kopia bat eta itzal bat da, Moises denda egitear zegoenean Jainkoak eman zion aginduak erakusten duen bezala: «Ziurtatu gauza guztiak mendian erakutsi zitzaizun ereduaren arabera egiten dituzula». 6  Baina orain Jesusek zerbitzu* bikainagoa jaso du, zeren itun hobe baten bitartekaria ere bada; itun hori promes hobeagoetan oinarrituz ezarri zen legalki. 7  Lehenengo itunak akatsik izan ez balu, ez zen beharrezkoa izango bigarren itun bat. 8  Zeren argi dago berak herriarengan akatsak aurkitzen dituela honakoa esaten duenean: «Jehobak dio: “Begira, Israelgo etxearekin eta Judako etxearekin itun berri bat egingo dudan eguna hurbiltzen ari da. 9  Ez da izango beraien arbasoekin egin nuen ituna bezalakoa, Egiptotik ateratzeko eskutik hartu nituen egunean egindakoa bezalakoa. Beraiek ez zutenez nire ituna errespetatu, ez nintzen beraiez gehiago arduratu”, dio Jehobak. 10  «“Zeren hau da egun horien ondoren”, dio Jehobak, “Israelgo etxearekin egingo dudan ituna: Nire legeak beraien buruan jarriko ditut eta beraien bihotzean idatziko ditut. Ni beraien Jainkoa izango naiz eta beraiek nire herria izango dira”. 11  «“Eta dagoeneko inork ez die bere herrikideei eta bere anaiei irakatsiko honakoa esanez: ‘Ezagutu Jehoba!’. Zeren denek ezagutuko naute, txikienetik handienera. 12  Errukitsua izango naiz beraien ekintza injustuekin, eta ez naiz beraien bekatuez gehiago gogoratuko”». 13  «Itun berri» bati buruz hitz egitean, berak aurrekoa zaharkituta utzi du. Eta zaharkituta dagoena eta zahartzen ari dena desagertzear dago.

Oharra

^ Edo «Maiestatearen».
^ Edo «zerbitzari publikoa; ministroa».
^ Edo «zerbitzu publiko; ministerio». Ikusi Glosarioa, ministerio.